Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Gure herria »  Auzoak »  Angiozar »  4. Ibilbide interesgarriak

4. Ibilbide interesgarriak

Asentziora ibilalditxoa

Angiozartik Elgetarako bide bazterrean dagoen atseden-toki ederra. Elizamendi ermita dagoen Marindao auzoa baino aurrerago. Toki lasaia da, iturri freskoa, mahaiak eta bankuak ere badira, eta baita arrain gorriak dituen putzu bat ere. Erdian Jesusen Goikundearen ermita, eta putzu ondoan Gure-Borda etxea.

Kanpazarrera

Asentziotik Kanpazarrerako bidean arboladi ederrak daude. Aldameneko bidea hartu, eta muino batetan dauden Zabaleta baserrietara helduko zara. Kotxeak han utzi eta zelai eta sastraka batzuetatik pasa ondoren Lamarain baserrira eta San Bartolome ermitara helduko zara. Kondairak dioenez San Andres omen zen inguru guztiaren jabe, eta bera desagertu ondoren ere izen hori ematen zaio. Harrezkero eraiki zen San Bartolomerena.

Bidera bueltatu, eta segi Kanpazarreraino, Goimendiko San Migel ermita ondoraino. Han zelai ederra daukazu, eta baita mahaiak eta bankuak ere, eta ondoan jatetxea, ogitarte edo bazkari ederra jateko aukerak ez zaizkizu falta. Jende asko bertaratzen da, toki bitxia, lasaia eta inguruan ibilaldi politak egin daitezkeelako.

Erroten ibilbidea

Angiozar errekan gora egin, eta bere garaian garrantzizkoak izan ziren hainbat errota ikus ditzakezu. Gaur egun, Jose Migel de Barandiaranek egindako ikerketei esker ezagutzen da beren balio historikoa.

  • Amuskibar: Bergaratik Angiozarrerako bidean, bi kilometrora dago errotaren zurrunba zegoeneko baserria. 200 bat urte izango ditu dirudienez.
  • Salto-Errota: Angiozarko elizatik, erreka ondotik segi eta 1.500 bat metrora dago. 1949an, “Salto-erreka elkartea” izenaz ekin zion lanari, 20 baserrien ehotze-lanak eginaz. Gaur egun deseginda dago.
  • Bolua: deseginda dago. Angiozarko elizatik goruntz jo eta kilometro batera dago, Angiozar errekaren ertzean.
  • Errotabarri: Angiozarko elizaren barrenean, Bolintxo baino 100 metro gorago. 1936an ekin zion lanari, eta 1964an itxi zen. Orain deseginda dago.
  • Bolintxo: aurrekoa baino pixka bat beherago, Bergara alderago. Aintzinako egitura han dago oraindik, baina 1969tik geldituta dago.
  • Aldatxarren: hasieran Osineta deitu omen zen. Bolintxotik 100 bat metrora.
  • Errota: Bolintxotik 500 bat metro beherago. Esaten denez, argindarra egiten zuen, eta horretarako igara izeneko egurrezko gurpil bat erabiltzen omen zuten.
  • Beko-Errota: Erroteaga baserritik 200 metrora. Hasieran argindarra egiteko omen zen, baina 1952an ehotze-lanei ekin zien. Oraindik ere martxan dago nahi duten bazkideentzat.
  • Loidi Bolua: aurrekoaren 88 metrora. 1934ean ireki eta 1952an gelditu zen. Armarridun etxe honek arkitektura aldetik oso interesgarria den egitura dauka.
  • Askasibar Bolua: bere garaian errota izandako baserria. Loidi baserriaren 500 bat metrora.


Bestalde, Angiozarreko bi mapa zabaldu ditzakezu:

Herrigunea

Auzunea


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI