3. Monumentuak
Angiozarko lautada eta mendixketan zabalduta daude etxeak. Elizak eta ermitak dira arkitektura aldetik interesgarrienak, batzuk oso ondo zainduta eta beste batzuk, berriz, nahiko hondatuta daude.
Azkunetako San Martin
Bergaratik Angiozarrerako galtzara jarraituz gero, Azkunetako auzora heldu eta Tours-eko San Martinen ermita aurkituko duzu. Laukizuzen erakoa eta bi isuritako teilatua. Barrualde guztia egurrez estalita dago, burualdea izan ezik, hau margotuta dago. Aldare buruan San Martinen irudia, Ebanjelioaren ondoan San Roke, eta Epistola ondoan San Sebastian. Teilatuan harrizko kanpandorretxoa, eta gainaldean kanpaidun gurutzea.
San Migel Goiangeruaren parrokia

Angiozarreko kalean dago. XVI. mendean eraikia, berpizkunde garaikoa bera, baina XVII. mendeko barroko tankerako Dorrea. Hiru zabalgunedun nabea, eta zortzialdeko absidea. Gurutze erako ganga, eta guztia erlatxetan oinarritutako erdi-puntuko arkuen gainean. Dorre karratua elizaren barrenean. Dorrea hasten den tokian hasten da arkupea ere, eta aurrealde eta aldamenean ere jarraitzen du, bide ondoan euskarri bezala egindako hormaren gainean. Plateresko tankerako ateondoa oso interesgarria da.
Partaitti edo Partegoitiako San Bizenti
Angiozarretik bi kilometrora dago, mendebaldean, eta handik auzo osoa ikus daiteke. XVI. mendekoa. Sarrerako atean, higadura dela eta, oso gaizki irakurtzen den idatzitxo bat. Badirudi Irigoyen 1580 urtea jartzen duela. Laukizuzen erakoa. Arkupeduna. Kanpandorretxoa ere bai. Barruan, Amabirjinaren berpizkunde garaiko irudi bat, eta San Bizentiren beste bat.
San Bizenti egunean, meza ondoren arkupera irteten dira, eta abadeak araoketa eta otoitz batzuk egin ondoren ura bedeinkatzen du, gero zelaiak garaztu eta etxe eta ganaduaren asketara eramateko.
Ermitaren ondoan, aurrealdean, erdi erorita dagoen baserri bat, garai batean frailetxe edo zigor eta dolu-toki izandakoa. Harrezkero kanposantutarako ere erabili zela uste da. Hori pentsatzeko bidea ematen dute, behintzat 1970ean bidea konpontzen ari zirela aurkitu zituzten hezur ugariek. Hezurrok zirela eta, lurrok gehiago aztertu ezinda geratu ziren.
Elixamendiko Amabirjina
Angiozarreko kaletik Elgetaruntz garamatzan bidearen ondoan dago ermita hau. Bularreko umedun Amabirjina gurtzen da bertan, eta haurdunaldiaz edo umeen hizketarako arazoez arduratuta zeuden ama asko hurbiltzen ziren. Garai batean, ostalari batzuk dohainik eskaintzen zieten jan-edana bertaratzen ziren erromesei. Orain ere urtean behin meza berezi bat ematen da, eta familia asko hurbiltzen dira, umeak bedeinkatu, kandela ipini eta emakume askok erditze onak izatea eskatzen dute. Baserri batzuk ia erorian baldin badaude ere, 4 famili behintzat bizi dira, eta urtean batek hartzen du ermitako giltzaren ardura.
Nekazal tankerako elizatxoa da, nabe bakarra eta egurrezko sapaia, erlatxetan oinarritutako karnepel erako arkua osatuz.
Udaiagoko Jaunaren Igokundea
Angiozartik Elgetarako bidean, Elexamendi pasatu eta berehala dago ermita hau. Bergara eta Elgetaren arteko mugan. Atsedena hartzeko toki aproposa. Dagoen lekua dela eta, behin eta berriz suntsitu dute, bai ekaitzek eta baita gerlek ere, eta beti berreraiki da. Alde ezberdindun oinarria dauka, eta hiru isuritako teilatua. Bi zutabetan oinarritutako hiru arkodun arkupea. Eta gainaldean harrizko kanpandorrea, kanpaia zintzilikatzeko arku batez.
San Bartolome
Kanpazarrerako bidean daude Zabaleta baserriak, hauen ondoan Lamarain baserria eta hortxe gure ermita. Alde ezberdinduna, hiru isuritako teilatua, harrizko kanpandorrea eta gainean gurutzea, eta kanpaia zintzilikatzeko arku bat. Egurrezko egitura duen arkupea eta hortxe sarrera. Ale buruan idazkitxo hau: "San Bartolome ermita, 1971n berritua". Barrualdean borobil erdiko absidea eta saietera antzeko leihotxoa.
Goimendiko San Migel
Kanpazar gainetik pare bat kilometrotara dago, Gorontsarri izeneko baserri eta megalito garaiko hilobiaren ondoan. Laukizuzen erakoa, bi isuritako teilatua eta harrizko horma zurituak. Orain dela gutxi berritu zen, Kanpazarko zelaiak atseden-tokitarako bezala egokitzen ibili zirenean.
Itxitako arkupe txiki bat dauka sarreran, eta barrualdean barroko estiloko San Migel Goiangeruaren irudia. Kanpoaldean bi zurkaitz: bata burualdean eta bestea epistolan aldean. Kanpandorreak ez dauka kanpairik, baina bai gainean gurutzea.

