Basalgo

Kokapena

Elgetarako bidean, Bergarako herri erditik pare bat kilometrora dago Basalgo auzoa, ikuspegi ederra duen gaintxo batean.

Bide ertzean, herrixkara heldu aurretik dagoen gaintxoan, sasoi baten abadetxe izan zenaren ondo-ondoan dugu eliza, orain dela gutxi egindako pilotalekuaren ondoan.

Argazkia

Historia

Santiago Apostoluaren omenez jasotako eliza da, eta santu horren izenez ere ezagutzen da Basalgo. Auzoko bizilagunek auzolanean egin dituzte betidanik auzoko eraikuntza eta konpontze-lan guztiak. Bergara eta inguruko baserriak lotzen dituen bidea, gaur egun konponduta dagoena, ere beraiek egindakoa da.

1832an ermita hura Parrokia bihurtzea erabaki zuten, Santa Marina urruti gelditzen zitzaiela eta. Eliza ondoan, abadetxea izango zena jaso zuten. Oñatiko konteak eman zien korua eta sabaia egiteko pinu egurra. Auzokide bakoitzak 10 anega gari eta 8 anega artoz ordaindu behar zien obraren gidatzaileei, eta zenbait lur-sail hipotekatu behar izan zituzten horretarako. 1851rarte ez zituzten zor guztiak ordaindu. Eliza, Elkartea eta oraindik orain udaletxeak jaso duen pilotalekua dira, mendi eta sail desberdinetan sakabanatuta dauden auzokideak elkartzeko lekua.

Monumentuak

Santiago Apostoluaren eliza: XV-XVI. mendean eraikia. XIX. mendean handitu egin zuten, eta alboan abadetxea erantsi zitzaionez, arkupetik zeukan sarrera ere aldatu beharra izan zen.

Gaur egun zurituta dago, eta zaindutako baserri baten antza dauka. Erdi-puntuko bi arkuz osatutako harrizko kanpandorretxoa (kanpai eta guztikoa) da eliza dagoela adierazten digun ezaugarri bakarra. Laukizuzen oinarria dauka eta nabe bakarra. Aldare Nagusian barroko tankerako erretaula apaindua, gotiko erako Santiagoren irudia buru delarik. Irudi honetan erromes itxura dauka Santiagok, kapela eta bideko makila eta espresio eta keinu garratza baitauka.

Basalgon aipatzekoa da Gallastegitarren dorretxea, XV. mendean izen handiko maiorazkoa. Maria Gallastegi, dorretxeko alaba Garci Ibañez Ozaetarekin ezkondu zen eta Gallastegitarren baserria euren ondorengo baten eskuetara pasatu zenean Bergarako Ozaetarren jabetzakoa izatera pasatu zen.

Pilotalekua

Basalgok kirola egiteko beste aukera bat eskaintzen digu estalitako pilotalekuaren bitartez.

Argazkia