2. Historia
Oso ezaguna izan da, hango kanposantuan egiten ziren erreketak zirela eta. Auzokoak ezezik kanpokoak ere eramaten zituzten, Aizpurutxoko baserrietakoak ere bai. Hilkutxa gainean zutela egin beharreko bidea hain luzea zenez, eliza ondoan dagoen harri handi batean hilkutxa utzi eta elizara sartu aurretik atsedentxo bat hartzen omen zuten. 1202an babeserako Gaztelua ere ba omen zen Elosun.
Geroago, Gipuzkoako beste guztiak bezalaxe, Alfonso VIll.ari eman zitzaion. Oraindik ere han daude Gazteluaren aztarnak. Elosuarrak loiolarrekin elkartu ziren 1794ean, Azkoitia aldetik frantsesen kontra egiteko. Plaentziko Armen Errege Lantegitik atera omen zituzten armak.
Industrializazio garaian jendeak aldegiten zuela ikusi, eta auzoa hustuko ote zen beldurtuta, auzokide guztiak elkartu, eta komunikabideak eta ingurua hobetzeari ekin zioten. Lan guzti hauek auzolanean egin ziren eta badirudi eragin ona izan zutela. Gaur egun ere ermitaren arkupeetan elkartzen dira zein lan egin behar den jakin eta eguna eta ordua zehazteko. Auzolanera familia bakoitzeko lagun bat joaten da normalean.
Eskola ere halaxe eraiki zuten orain dela 46 urte, biderik ez, eta mendian zehar harriak ekarri behar zituzten garaian. Bidea egin eta denbora gutxira itxi zuten eskola. Ondoren istilu ugari izan zituzten Udaletxearekin, eskolaren jabetza kendu nahi baitzien, baina azkenean, orain dela 14 urte, lortu zuten eskola bere eskutan mantentzea, eta Elkartea sortu zuten. Familia guztiak daukate giltza, eta urtero aldatzen dute Batzordea. Zaharrenek diotenez, kantina eta Letanietako Gurutzearen ondoan, San Adrianen omenez eraikitako ermita ere ba omen zen, baina desagertuta dago.
