3. Monumentuak
San Anton ermita
Mendixka gain batean dago, bakar-bakarrik, hainbat lekutatik ikusteko moduan. 36ko gerratera arte, kanpai hotsa entzuten zenean auzoko famili guztiak elkartzen omen ziren otoitz egiteko. XVI. mendearen hasieran eraiki zen. Eta 1554koa dugu bere lehenengo aipamena, data horretako diru-sarrerak eta gastuak jasota baitaude.
Laukizuzen erako oinarria, bi isuritako teilatua eta harrizko kanpandorretxoa gainean. Etxaurrean egurrezko bi zutabetan oinarrituta dagoen arkupea. Gain-ezarritako ganga, eta korua zein ganga egurrezkoak. Aldare buruan, XVIII. mendeko San Antonen irudia. Santu honen beste irudi zaharrago bat ere bada, beharbada hasiera hasierako San Anton, aurpegi jator eta xumea eta ezkerreko belarria eskubikoa baino gorago daukana. Egoera txarrean dago tamalez. Santa Katalina, Ebanjelioaren aldean dago eta San Iñazio Epistolaren aldean.
Buruñaoko San Blas ermita
Buruñaoko Andra Mari ermita izenaz ere ezaguna. Martin Perez de Arreseren 1500eko azkenahi edo testamentuan ere aipatzen zuen ermita hau.
Baserri baten alboan dago. Egurrezko hiru aldarez jantzitako arku zorrotza dauka sarreran, eta egurrezko oinarria duen korua. Teilatuan harrizko kanpandorretxoa eta gain-gainean gurutzea. Barroko tankerako erretaula. Eskuinaldeko aldarean, gotiko erako San Blasen irudia.
