3. Monumentuak
San Juan auzoko Izaldegi auzuneari izena ematen dioten ermitak aipatu behar dira lehenengo eta behin:
San Juan ermita
Elorza etxeko jabea zen Gracia de Egino y Elorzak utzitako 1563ko testamentuan aipatzen da. Lehenengoaren alboan itsatsitako eraikuntza berria dauka. Nabe bakarreko planta. Dobel-harriz egindako arku zorrotz baten babesean dago sarrerako atea. Gainean, egurrezko kainoi itxurako ganga. Hiru aldare, korua egurrezkoa da eta egurrezko oinarria dauka. Aldare nagusian San Juan Bautistaren XVIII. mendeko irudia. Zutabe askeak berpizkunde garaikoak dira.

Irazabalgo Santi Kurutz ermita
San Juango Elizalde auzunean kokatua. Bergaratik goazela, Tartufo taberna pasa eta eskuinaldeko bidea hartu behar da. Mendixka baten gainean dago, Elizalde baserritik metro batzuetara. Harrizko kanpandorrea ezik, beste guztia zurituta dago .
Laukizuzen oinarria, lau isuritako teilatua eta nabe bakarra. Porlanezko zorua eta egurrezko sabaia. Epistola tokiaren ondoan Amabirjinaren koadro bat dago, eta Ebanjelioaren aldean Jesusen Bihotzaren beste bat.
Beste eraikuntza aipagarri batzuk ere badira bidearen alde banatan sakabanatuta. Besteak beste honako hauek:
- Aristizabal baserria, guztiz berriztua, barnean gelditu delarik jatorrizko erdi-puntuko hiru arkudun ataria.
- Olariaga armarridun etxea. Armarria, atarira eta etxe barrura garamatzan erdi-puntuko arkuaren gainean dago.
- Elortza baserria, atarirako sarreran erdi-puntuko arku guztiz apala duena.
- Lizarralde baserria, armarri ederra dauka etxaurrean, zuhaitz bat zeharkatzen dagoen basurde bat ikusten da bertan.
- Berriz Bergararako bidea hartu, eta Bolintxo ondoan, eskuinaldean, mendixka batetan dago Aritzabaleta baserria. Gainaldean burdina landuz egindako haizeorratz interesgarria dauka.
