Agirre Lazkano, Martzial

Jaiotza: 
1 840
Heriotza: 
1 900

Eskultore hau Bergaran jaio zen 1840ko azaroaren 22an, San Antonio auzoko La Algodonera lantegiaren barruan zegoen etxean. Bere aita Joakin Agirre, irute eta ehungintza lantegiko akzionista nagusia zen eta horregatik bizi zen enpresan bertan. Gainera, San Antonio auzoan bazituen jabetza gehiago ere. Martzialek Bergarako Errege Seminarioan burutu zituen bere lehen ikasketak, eta gero Arantzazuko Ikastetxera joan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiak beka bat eman ondoren, Erromara joan zen 1864ko uztailaren 9an bi urtez ikasteko, 23 urte zituela. Togletti eta Obiciren tailerretan ikasi eta praktikatu zuen. Biak, estilo neoklasikoa landu zuten maisuak ziren. Gauetan marrazki klaseetara joaten zen.

Erroman bizi izan zen garaian, El Greco kafera joaten zen bere denbora librean. Kafe horretan bere lagun artistak elkartzen ziren, besteak beste, Palmaroli, Esquibel, Fortuny eta Rosales. Agirre eta Rosales lagun handiak egin ziren, eta adiskidetasun horren adierazle dira pintore madrildarrak bergararrari egindako erretratu ugariak. Adiskidetasunaren beste adibide bat bi artistek Bergarara egindako bidaia da. Hemen zeudela, Rosalesek Julian Blanc eta Martina Maiz senar-emazteak margotu zituen Gipuzkoako hainbat paisajerekin batera.

Italian, artista alemaniar eta austriarrekin zituen harremanen ondorioz, Lavinia Wittner ezagutu zuen. Honekin ezkondu zen 1866an Erroman. 1870. urtean, bere laguna zen Luvestein-eko printzeak Pio IX Aita Santua izeneko bustoa egitea enkargatu zion. Lan horrekin hirugarren domina eskuratu zuen Erromako erakusketan. Calabriako bidelapurrak izeneko eskultura ere egin zuen. 1871. urtean Morra jokalaria eskultura amaitu zuen (Donostiako museoan dago), baita Jokalari napoliarra izenekoa ere, Arte Ederretako Museo Nazionalera bidali zuena. Garai honetan egin zuen, baita ere, Justizia izeneko lana, harri tabertinoz landutakoa. Urte batzuk geroago, Bergarara ekarri zen eskultura hori eta justizia epaitegiaren gainean jarri zen.


Gipuzkoako seme ospetsuenen inguruko lanak

Pe├▒afloridako Kondearen bustoa landu zuen 1873.urtean.1882 inguruan, Gipuzkoako seme entzutetsuenen bustoak egin zituen: Urdaneta, Elkano, Okendo, Lezo eta Legazpi. Guztiak Foru Aldundiko jauregiaren frontisean daude jarrita, bi Hercules eta lurraldeko armarriarekin batera. Garai honetakoak dira, baita ere, San Ignazio, Urbieta eta Txurrukaren estatuak.

Donostiara 1875 inguruan itzuli zen. Hasieran, 31 de Agosto kalean bizi izan zen, gero Loiola kalean eta, azkenik, San Martin kalean. Kale horretan bizi izan zen hil arte. Donostiako behin betiko egonaldi horretan hainbat proiektu burutu zuen: Espartero Jeneralaren estatua, Zumalakarregiren estatua, hiriko heroiei eskainitako Polloeko Hilerriko mausoleoa, Okendoren estatua eta beste lan eta enkargu batzuk, partikularren eta Gipuzkoako jende ospetsuen bustoak, esaterako.

Donostian hil zen 1900eko maiatzaren 10ean eta hiriko hilerrian lurperatu zuten, familiaren panteoian. Panteoi horretan Martzial eta Laviniaren aurpegien marmolezko taila ikus daiteke, bere semeek egindakoa.