Jauregi Hurtado de la Sal, Juan

Jaiotza: 
1 583
Heriotza: 
1 641

Juan Martinez Jauregi Hurtado de la Sal zen izen osoa. Zenbait autorek Bergaran jaio zela dioten arren, gaur egun badirudi Sevilla izan zuela jaioterria, bere bataio-agiriak honela baitio: Mila bostehun eta laurogeita hiruko azaroaren hogeita lauan, osteguna, nik, Diego de Mercado Sevillako Magdalena elizako apaizak, JUAN, Migel Jauregiren eta haren emazte Ysabel de la Salen semea, bataiatu dut... Nolanahi ere, aitaren aldeko ahaideak Bergarakoak ziren, XV. mendean dagoeneko Lizarralde eta Jauregitarren oinetxean finkatuta baitzeuden. Bergarako udaletxeko kapitulu-gelako sabaian dagoen irudietako bat Juanena berarena denez, hori dela eta, egokia iruditu zaigu Jauregi ere gure herriko seme-alaba entzutetsuen artean sartzea.

Juanek hamar anai-arreba zituen, eta bera bosgarrena zen. Anaiarik zaharrena, Martin, Sevillako erregidorea zen. Aitona Martin Jauregi bergararra zela dioten agiriak ere badaude.

Ez dakigu ia ezer Jauregiren gaztaroko lehen urteei buruz, eta ez dakigu zehazki noiz eta zergatik joan zen Italiara. Bolada batean egon zen han pinturaren teoria eta praktika ikasten, bai eta Italiako poeta handiak ezagutzen eta literatur arau modernoak jorratzen ere. 1607an Torquato Tassoren "Aminta" lanaren itzulpena argitaratu zuen Jauregik, eta Cervantesen ustez, hain zen ona, ezinezkoa zen jakitea zein zen itzulpena eta zein jatorrizkoa.

Halaber, 1611n notarioari azalpenak eman behar izan zizkion gure poetak Mariana Loaysak eta bere amak, Aldonza Bargasek, Madrilgo bikario nagusiaren aurrean salatu zutelako ezkontzeko hitza apurtzeagatik. Baina harrigarria dirudien arren, hurrengo urteko otsailaren 27an poeta Marianarekin ezkondu zen eta handik bi urtera, 1614ko urtarrilaren 18an, ezkontza erlijiosoa egin zuten.

Jauregiren bizimodu gorabeheratsuak ez zuen literatur sorkuntzatik urrundu eta, urte batzuen ondoren, 1616an, bi poesia-lehiaketatan hartu zuen parte. Jauregiren lana ez zen poesia eta kritikara murriztu, era askotako gaiak jorratu baitzituen. 1618an lehen olerki-liburua argitaratu zuen Sevillan, "Rimas" izenburu soilarekin. Handik urtebetera Madrila joan zen bizitzera, eta poesia lehiaketatan parte hartu zuen:

  • 1620an San Isidroren beatifikazioaren inguruan antolatutakoan.
  • 1622an Jesusen Lagundiak San Ignazioren eta San Frantziskoren kanonizazioa ospatzeko antolatutakoan.

Hala ere, 1624a urterik garrantzitsuena izan zen, ezbairik gabe, Jauregiren ibilbide poetikoan, hain biziki lortu nahi zuen protagonismoak gailurra jo baitzuen bere bi lanik garrantzitsuenak kaleratu ondoren: "Orfeo" eta "Discurso poético". 1625ean "Apología de la verdad" argitaratu zuen frai Hortensio Felix Paravicinoren alde egiteko: frai Hortensiok Felipe III.a zena goresten zuen panegiriko ezaguna argitaratu zuen, eta izugarrizko zentsura gogorra, baina ezkutukoa, jasan behar izan zuen.

Halaber, 1626an Isabel Borboikoa erreginaren zamaltzain izendatu eta Calatravako abitua eskaini zioten. 1629an pintoreen informazio-txostena argitaratu zuten Madrilen. Jauregik beti izan zuen arte-mundurako "eta bereziki pinturarako" sena, eta txostena prestatzen lagundu zien. Jauregik hainbat alor jorratu zituen, eta hori bat zetorren bete-betean Errenazimenduan zeukaten nahiarekin: arteak uztartzeko nahiarekin, alegia. Barrokoan ere oso ohikoa izan zen joera hori. Cespedes, Pacheco, Bocangel, Mohedano eta abarrekin batera, Jauregi ere aipatu behar dugu, zorioneko bat-egite horren adibide bikaina izateagatik.


Hika-mikak garaiko idazle ospetsuenekin

Jauregik polemiko fama zuen, Gongora eta Loperekin izandako liskarren ondorioz, eta fama hori areagotu egin zen 1632an, antza denez urte hartan hasi baitzen Quevedorekin hika-mikatan, Quevedok Jauregi "La Perinola" lanean mespretxuz gaitzetsi ondoren.

Hil baino pixka bat lehenago, bere lanik handienetako baten jatorrizko eskuizkribua inprimatzeko prest utzi zuen: "La Farsalia".

Jauregiren pintore oparoak eta itzal handiko poetak bat egin zuten. Pacheco pintorearen "Libro de los Retratos" liburuan (Velazquezen aitaginarreba zen Pacheco) Jauregiren gorespena egiten da, pintura eta poesiarako zituen dohainak laudatuz. Bere garaiko artistak ere bat zetozen laudorio horiekin, Calatayudek "Rimas" lanaren hitzaurrean Jauregiri eskaini zion olerkian ikusten denez:

Tú, de estirpe gloriosa
Planta hasta las estrellas levantada
ya Pindaro, ya Apeles
o muda poesía en tus pinceles
o pintura aspirante en tus escritos
das a la edad presente...

Cervantesek "Novelas ejemplares" laneko hitzaurre famatuan "Juan Jauregi ezagunak" pintatutako koadro bat aipatzen du, nahiz eta gaur egun inork ez jakin koadro hura non dagoen. Gongora, Lope de Vega eta Quevedoren garaikidea izan zen Jauregi. Aurreneko biekin ika-mika ugari izan zituen, eta elkarren arteko eztabaidak poesietan mamitu ziren. Nolanahi ere, denek miresten zuten, eta miresmen hori argi ikusten da, adibidez, Lope de Vegak "Laurel de Apolo"n idatzitako laudorioetan:

Si en el pincel singular destreza
si en la pluma el ingenio, si en la lira
la mano que permite solamente
cuando su propia estimación lo intente
dudosa competencia de sí mismo...

Vera Mendozak gauza bera dio: Juan Jauregiz, gure garaiko Piromirandulanoz, harro gaude Sevillan, Virgilio de Mantuaz bezalaxe. Fernando de la Torre Farfanek ere Jauregik pinturarako zituen dohainak goretsi eta pintore hauekin parekatu zuen: "Durero, Tiziano eta Rubens atzerritarrak eta, hemengoen artean, Jauregi, Velazquez, Murillo eta Herrera". Pacheco pintoreak "El arte de la pintura" liburu ezagunean laudorioak egin zizkion Jauregiri: "agerikoa da Juan Jauregik leku gailena lortu duela bere teknika bikainari esker".

Jauregiren ia koadro guztiak galdu egin dira. Alfonso de Carranzaren erretratuak, Luis de Alcazarren "Vestigatio Arcani"... lanerako egin zituen estanpak... Ramirez de Pradoren erretratu bat... eta beste ale gutxi batzuk baino ez dira gorde. Lan poetikoa, berriz, ia osorik gorde da. Espasa-Calpe argitaletxearen "Clásicos castellanos" bilduman Juan de Jauregiri buruzko bi liburuki daude, eta bertan, "Rimas", "Orfeo" eta "Aminta" lanak. 1621ean liburu-zentsore ofizial izendatu zuten, eta zeregin horretan jardun zuen hil arte. 1639ko ekainaren 1ean Calatravaren Ordenako Zaldun izendatu zuten.

Luis Antonio de Villena idazleak 1983ko uztailaren 9an El Pais egunkarian argitaratutako artikulu batean Juan Jauregiren apologia egin zuen. Bertan, bere jaiotzaren IV. mendeurrenean gure Urrezko Mendean sortutako pertsonaia handia ahaztu izana penagarria dela dio, eta halaber, orain dela gutxi bilera izan zuela, besteak beste, Jorge Luis Borgesekin, eta Borgesek Jauregi goraipatu eta bere olerki bat buruz errezitatu zuela: Muere el mar y es cristal su monumento...

Juan Jauregi 1641eko urtarrilaren 11n hil zen Madrilen eta, testamentuan agindutakoa betez, handikeriarik gabe, ahalik eta apalen lurperatu zuten Nuestra Señora de la Buena Ventura parrokian, San Basilioren komentuan.

Oharra: Argazkian azaltzen diren jaiotza eta heriotza datak ez dira zuzenak.