Mendizabal Iraeta, Gabriel

Jaiotza: 
1 764
Heriotza: 
1 833

Mendizabal Jenerala Bergaran jaio zen 1764an. Herritik sortutako soldadua zen Mendizabal, eta bere ausardi eta sen militarrari esker iritsi zen karrera militarraren gailurrera. 1793an Gipuzkoako boluntarioen batailoiko komandante eta sarjentu nagusi izendatu zuten. 1794an Irunen jasandako porrotaren ondoren, lehen komandante izendatu eta Gipuzkoa garaira bidali zuten, Aparteko Biltzarren aginduz. Ordura arteko merituak aitortzeko armada nazionalera bidali zuten, graduazio berarekin. 1809an Mariskal izendatu zuten, eta urte hartan bertan zur eta lur utzi zituen denak Salamancako probintzian izandako borrokaldian, Frantziarren zalditeria handiari aurre egitea lortu baitzuen hirutan. Balentria horren ondorioz, "Alba de Tormeseko gudarosteko konde" izendatu zuten.

1810ean teniente jeneral izendatu zuten, eta Espainiako Independentziako gerran garrantzi handiko ardurak eta karguak eman zizkioten. Gerra hartan zorte handia izan zuen, eta ausardia paregabea ere bai. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako dibisioko buru zela, 1813ko abuztuaren 31ko ekintza odoltsu eta ospetsua zuzendu zuen Irunen. Zegoen kondekoraziorik garrantzitsuena eman zioten, San Fernandoren Gurutze Handia, alegia, eta San Hermenegildoren Gurutzea ere bai.

Garai hartako idazlan batean honakoa aipatzen da Mendizabali buruz: "Bizkaiko mendiak ere zeharkatu zituen Mendizabalen gerrillak. Jatorri apaleko gizona zen Mendizabal, eta abertzale sutsua. Hainbat lagunekin batera, frantziarrak kikildu eta mendean hartu zituen. Euskaldun petoa zen, neurrikoa, mardula, arina, tematia, ausarta eta gorputzaren beharren edo eguraldi txarraren aurrean men egiten ez zuena". Astorgako konde titulua ere bazuen.

Kontseilu Goreneko ministro izan zen, eta Gerra eta Itsas Armadako Auzitegi Bereziko burua zela hil zen. Udaletxean Mendizabalen erretratu bat dago, Vicente Fernandezek egina.