Munibe Idiakez, Frantzisko Xabier Maria

Jaiotza: 
1 729
Heriotza: 
1 785

Gipuzkoako pertsonaia ezagun hau 1729ko urriaren 23an jaio zen Azkoitian. Antzina Iraurgiko San Martin izena zuen herri txiki hura Gipuzkoako garrantzitsuenetakoa zen ordurako. Frantzisko Munibe Idiakez eta Maria Idiakez Insaustiren semea izan zen. Aitaren aldeko aiton-amonak Frantzisko Antonio Munibe Ugalde eta Luisa Idiakez Zaldibar izan zituen, eta amaren aldekoak Antonio Idiakez Egia eta Luisa Maria Insausti Ibarra. Guztiak ere euskal aristokraziako familiarik agurgarrietakoen ondorengoak ziren eta gure kondearen bibliografiako zenbait xehetasunen arabera, Munibek santuak "Loiolako Ignazio edo Xabierko Frantzisko" eta Frantzia, Normandia eta Nafarroako errege-dinastiako kideak zituen arbaso. Gizarte-maila goreneko mutila zen, baina garai hartan gizarteko estamentuak zorrotz banatuta zeuden arren, Azkoitiko jesuiten ikastetxean egin zituen lehen eta bigarren hezkuntzako ikasketak, eta ikaskideekin izandako harremanek bere izaera moldatu zuten. Hamahiru urtetik hamazazpira Toulouseko (Frantzia) jesuiten ikastetxean ikasi zuen eta zientziak eta humanitateak landu zituen irakasle bikainekin. 1747ko ekainaren 3an, oraindik 18 urte bete gabe zituela, Areizagako baroien alabarekin ezkondu zen Oñatin Maria Josefa Areizaga Irusta. Azkoitiko alkate izan zen 1747-48 bitartean eta berriz aukeratu zuten 1755 eta 1765 urteetan. Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izan zen 1750/1754/1758/1761 urteetan eta gorteetako diputatua 1758an. Lan handia egin zuen han Gipuzkoaren alde, bihotz-bihotzean baitzuen bere probintzia, eta jo eta ke jardun zuen urte luzetan bere lurraldearen aurrerabidea lortu eta gipuzkoarren bizi-maila hobetzeko.

1756a aldera "solasaldi akademikoak" antolatzen hasi zen gerora "Azkoitiko zalduntxoak" izena hartu zuten lagun batzuekin. Xabier Maria Muniberekin batera Manuel Ignazio Altuna eta Joakin Egia, Narrosko markesa, elkartzen ziren solasaldi haietan, eta aita Islak "Azkoitiko hirukote" izena jarri zion taldeari. Solasaldietan gai ugari jorratzen zituzten, hala nola, zientziak, humanitateak, filosofia eta musika, eta berriketan jarduteaz gain, era askotako tresna eta makinak probatzen zituzten, kondeak bere ideia eta egitasmoak azaltzen zituen bitartean.


Euskalerriko Adiskideen Elkartearen jatorria

1763ko uztailaren 2an Gipuzkoako Batzar Nagusiek Ordizian egin zuten bilera eta, bertan, izenburu luzeko egitasmoa aurkeztu zuten Peñafloridak eta beste hamabost lagunek: "PLAN de una Sociedad económica o Academia de Agricultura, Ciencias y Artes útiles y Comercio, adaptado a las circunstancias y economía particular de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa". Egitasmoa Migel Ignazio Olaso, Bizente Lili eta Joakin Ignazio Moya bergararrek sinatu zuten, besteak beste. Labur esanda, plan horrek Europako zenbait herriren aldean genuen atzerapena gaitzesten zuen, eta ezjakintasunetik atera eta herririk aurreratuenekin bat egiteko, hainbat alor landu, ikertu eta sustatu behar zirela azpimarratzen zuen. Batzar Nagusiek eskerrak eman zizkieten planaren egileei, baina gauzatzeko aukerez zalantzak zituztela ere adierazi zien.

Azkoitiko zaldunek, ordea, bereari eutsi zioten eta Bergaran elkartu ziren, 1627ko irailaren 14an, Urbano VIII.a Aita Santuak "Salvatoris ac Domini" buldaren bidez Martin Agirre bergararra beato izendatu izana ospatzeko antolatutako festetan. 1764ko iraileko festetan izandako batzuek han gertatutakoaz esandakoa ekarriko dugu gogora. Pedro Balendin Mugartegi markinarrak (Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko 24 sortzaileetako bat dugu) ondokoa idatzi zuen: 1764ko otsailaren 3an Bergarara joan nintzen Peñafloridako kondearekin eta beste lagun batzuekin San Martin Agirreren elizkizunetara, eta hilaren 8an itzuli nintzen. Datu hori garrantzitsua da bergararrontzat hainbat arrazoirengatik: lehenik eta behin santua zela dio, beatoa besterik ez bazen ere; martirioaren urteurreneko elizkizunetan izan ziren (otsailaren 5ean) eta, hortaz, badirudi Bergaran jaiotakoa zela uste zutela, nahiz eta beasaindarrek ere bertakotzat jo. 1764ko festa ezagunak irailean izan ziren, ordea, Martin Agirreren beatifikazioaren urteurrenean. Jarrai dezagun Mugartegiren kontakizunarekin: Irailaren bian Bergarako festa ezagunetara joan nintzen. Festak hilaren 10ean hasi eta 15ean amaitu ziren eta elizkizunak, nasapuntakoak, hiru zezenketa, Gaztelakoak bi eta Nafarroakoa bestea, su ikusgarriak eta El Mariscal en su fragua eta El borracho burlado operen emanaldiak izan genituen, besteak beste. Lehenbiziko opera frantsesetik egindako itzulpena zen eta bigarrena Peñafloridako kondeak berak idatzi eta musikatu zuen.

Narrosko markesak Peñaflorida hil zenean idatzitako gorazarre-pasarte batzuk ere gogoratuko ditugu: Bergarak eta Beasainek santu martiria batekoa ala bestekoa ote zen argitzeko zerabilten eztabaida tematiak hainbat lagunekin elkartzeko aukera eman zion gure kondeari. Bergarako herriak aita santuaren bulda lortu zuen, santua bertako zela zioen bulda, alegia, eta festa ederrak antolatu zituzten ospatzeko. Peñaflorida kondea han izan zen, eta berehala hasi zen lanean: opera komiko frantses bat itzuli zuen, dotorezia handiz itzuli ere, eta opera elebidun bat idatzi. 1764ko irailaren 11n bi operak aurkeztu zituen Bergarako udaletxean, eta a zer nolako txaloaldiak jo zituzten ikusleek! Hango poza eta algara...! Ikusi gabe, sinistu ere ezin da nolako ona izan zen emanaldia. Era berean, zezenketa antolatu zuten horretarako bereziki eraikitako zezen-plaza handi batean.

Zaldunak, ordea, ez ziren jostetan ibili soilik, herriko etxeetan bildu baitziren behin baino gehiagotan. Narrosko markesak bilkura haien berri ematen digu: agur esateko ordua iritsi zen, eta elkarrengandik urruntzea mingotsa eta zaila izan zen, bereziki besteen izaera eta sentimenduekin bat zetozela ikusita adiskide min bihurtu ziren zaldun gazteentzat. Aldiro-aldiro elkartzea erabaki zuten. Adiskidetasun zintzo hura Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen oinarria izan zen. Kondea Azkoitira itzuli zen asmo oneko beste lagun batzuekin batera, eta Bergaran ere lagun zintzo askoak utzi zituen. Elkartean arteak eta zientziak lantzea, industria bultzatzea eta hezkuntza hobetzea erabaki ondoren, elkartearen izena aukeratu zuten: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Argi dago, beraz, Bergara izan zela artean iragarri ezinekoak ziren fruitu eta ondorioak izan zituen hezkuntza-mugimendu ilustratuaren sorlekua.


Los esfuerzos para crear la Asociación

Handik hilabete batzuetara elkartearen estatutuak egin zituzten. Lehen idazpuruak honela zioen: Gure elkartearen helburua hauxe da: Euskal Herriak zientzia, arte eder eta arterako duen zaletasun eta grina lantzea, euskaldunen ohiturak zuzendu eta fintzea, alferkeria, ezjakintasuna eta horien ondorio negargarriak ezabatzea eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko loturak sendotzea. Elkartea adiskidetasunaren inguruko solasaldietan sortua zela gogoratzeko edo, "Euskalerriaren Adiskideen Elkartea" deitu zioten, eta "Irurac-Bat" leloa aukeratu zuten elkartearen jarduera-eremua zehazteko. Euskal Herri osoa hartzen ez bazuen ere, euskal herrialdeen arteko batasunaren lehen ikurra izan zen Elkartea.

Lehen bazkideetako batzuk bergararrak ziren. Nikolas Soraluzek elkarteari buruzko "Historia compendiada" (1880) liburuan honakoak aipatzen ditu: Bizente Lili, diruzaina; Migel Joseph Olaso, idazkaria; Roke Xabier Moiua "Rocaverdeko markesa", Migel Ignazio Olaso, Ignazio Maria Ozaeta eta Joseph Joakin Landazuri. Talde handi samarra osatzen zuten bergararrek, lehen estatutuetan zehazten zenez guztira 24 bazkide ziren eta. 1770ean Karlos III.ak behin betiko estatutuak onartu zituen, eta horrela, errege-elkarte titulua lortu zuten Akademia maila emanez eta erregearen babespean jarriz. Lau batzorde eratu zituzten:

  • Nekazaritza eta baserriko ekonomia,
  • Zientziak eta arte erabilgarriak,
  • Industria eta merkataritza eta
  • Historia eta literatura.

Bazkideak batzorde horietakoren batean aritzen ziren euren dohainen arabera, eta urtea amaitutakoan egindako lanaren berri ematen zuten, gero elkartearen "Extractos" aldizkarian argitaratzeko. Estatutuetako 9. artikuluan zehazten den betebehar baten arabera, "herriarentzat onena zer den hartu behar da beti kontuan, eta baliagarria denari lehentasuna eman behar zaio atsegina denaren aurretik".

Elkarteak bilakaera handia izan zuen, zalantzarik gabe, eta zuzendariak hiru helburu nagusi finkatu zituen:

  • Lehen hezkuntza hobetu eta baliagarriago bihurtzea, ordura arte gaizki antolatuta baitzegoen eta gazte gutxi joaten baitzen eskolara.
  • Ondoren, emakumeak alfabetatzea, artean hezkuntzatik kanpo baitzeuden gehienak.
  • Azkenik goi-mailako hezkuntzarako ikastetxea sortzea, zientzia positiboak lantzeko bereziki, beste herri batzuetan zeudenen antzera.

Helburu haiek guztiak poliki-poliki betetzen joan ziren, baina garrantzitsuena 1776ko azaroaren 4an bete zen: San Karlos Borromeo egunean goi-mailako eskola ireki zuten. Hasieran Eskola Patriotikoa zuen izena, baina gero Euskal Herriko Errege Mintegi Patriotikoa izena eman zion Karlos III.a erregeak. Mintegian liburutegia, laborategia eta hainbat bulego zeuden, eta etengabe hobetu zuten eta gero eta ikasketa-plan zabalago eta egokiagoak egin zituzten.

Munibe mintegiko zuzendaria izan zen hil arte, eta mintegiari zegozkion alderdi guztiei erantzun ahal izateko, 1767an, Azkoitiko etxe eroso eta dotorea utzi eta Bergarara etorri zen bizitzera. Mintegian estatuko eta nazioarteko irakasle handiak izan zituzten, eta egin zuten lan ikaragarriari esker, Pirinioez bestaldeko horrelako ikastetxeen pareko maila lortu zuten. Beraz, Munibe Espainiako kultura Europako mailara eramateko lan gehien egin zuten eragileetako bat izan zen. Peñafloridaren lanak emandako fruitu oparoak Espainia osora zabaldu ziren: ekonomia-elkarteen onuraz jabetuta, bertako agintariek antzeko elkarteak sustatu eta herriaren adiskideen 83 elkarte sortu zituzten Espainia osoan, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak urratutako bideari jarraiki. Bestalde, Bergarako Errege Mintegiak eragin nabarmena izan zuen kulturaren alorrean, eta eragin hori, gainera, urrutira iritsi zen, Espainiako 39 probintziatako eta Latino Amerikako 14 herritako ikasleak izan baitzituzten mintegian. Mintegia Espainiako lehen eskola teknikoa izan zen, eta Europa jantzian erabiltzen zituzten ikasketa-planen antzekoak landu zituen lehenbiziko ikastetxea. Horrek guztiak argi erakusten du nolako garrantzi handia izan zuen Peñafloridaren lan soziokulturalak.

Peñaflorida 1785eko urtarrilaren 13an hil zen Bergaran, ia ustekabean, lanerako zuen grinak oraindik fruitu ugari eman zitzakeenean. Xemeingo Andre Mariaren elizan, Markinan, lurperatu zuten. Peñafloridaren ekimenak ez dira beti ondo ulertu izan eta ez dute denen onespena lortu, baina, hala eta guztiz ere, egungo kritikariek, iraganekoak baino inpartzialagoak izateaz gain informazio gehiago ere badutenez, gure pertsonaiaren lorpenen balio ikaragarria inolako zalantzarik gabe azpimarratzen dute. Gregorio Altubek, Peñafloridaren biograforik onenetakoak, uste duenez "okerra da hari jeinu esatea, ez baitzen artezaleak bezain hotza edo filantropoak bezain handiustekoa". Eta gure kondearen laguntzaile sutsu eta lagun mina izandako Narrosko markesak honakoa esan zuen Peñafloridari eskainitako gorazarrean: "Logroñon izan zen zoritxarrez. Han sukar gaizto eta bihurria hartu zuen. Ez zuen sendabiderik aurkitu eta hil egin zen Peñaflorida: hil egin zen herritarrik saiatuena, gizonik bihozberena, senarrik zintzoena eta adiskiderik minena. Zuzena, ona, gozoa eta onartua izan zen: aberria maite zuen, eta bere dohain eta ondasunak aberriaren alde erabili zituen. Gizon tolesgabe, zintzo eta sentibera izan zen: naturak eman zizkion dohainak bere erkideekin banatzen zituen, eta beti saiatzen zen ezagutzen zituen guztiei atsegin eta pozik handienak ematen. Zoriontsua izan zen, ez baitzuen inoiz bihotza urratzeko moduko ekintzarik edo lotsa, beldur edo damurik eragin ziezaiokeen ezer egin. Besteei laguntzen ahalegindu zen beti eta ingurukoen zorigaitzek hunkitu egiten zuten. Eskuzabala izan zen behartsuei laguntzen, begietara malkoak etortzen zitzaizkion zanpatuak ikusi orduko, eta bere bihotz zintzoa gal-gal egoten zen zinezko adiskidetasunaren sugarretan. Horrela, ezagutu zuten guztien maitasuna eta miresmena lortu zituen". Bi iritziek ederki azaltzen dute nolakoa zen Peñafloridako VIII. Kondea, XVIII. mendeko "ilustratuen" artean bereziki nabarmendu zen gizona.