Arlo sozio-kulturalean euskara bultzatzeko plana
Arlo sozio-kulturalean euskararen erabilera bultzatzeko plana jarri du martxan Bergarako Udalak.
Bergarako Udalak 2003an onartu zuen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia eta planaren barruan hainbat lan bideratzen ditu euskararen garapena bultzatzeko. Orain, ume eta gazteentzako eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen dituzten taldeekin lan egin nahi dute; batik bat, kirol eta kultur alorrean eta erlijio eta aisialdirako jardueretan lanean dabiltzan taldeekin.
Lankidetza berreskuratzeko ahalegina
Arlo horietako talde eta elkarteekiko lankidetza berreskuratu nahi da, 1991n Euskararen Hitzarmena sinatu ondoren, 1998ra arte izandako elkarlanean, aurrerapauso nabarmenak eman baitziren.
Oraingoan, EMUN kooperatibaren laguntzarekin, herriko talde eta elkarteetan euskarak duen egoeraren berri jaso, eman daitezkeen aurrerapausoak adostu eta hiru urterako euskara planak diseinatuko dituzte.
Bergarako Udalak herriko talde, elkarte eta entitateak animatu nahi ditu ekimen berrian parte hartzera eta, bakoitzaren errealitatetik abiatuta, euskaren alde konpromisoak hartzera.
