2.846 pertsona pasatu ziren iaz Udal turismo bulegotik
Herriko Udal turismo bulegoa hiru epetan izan da zabalik joan den urtean: Aste Santuaren denboraldia (martxoaren 10etik apirilaren 6ra), udako denboraldia (maiatzaren 19tik urriaren 5era) eta abendua hasieran (abenduaren 5etik 9ra). Guztira, 2.846 pertsona pasa dira bertatik.
Turismo bulegotik pasa diren guztietatik kanpotik etorri direnak 1.759 izan dira, eta bergararrak, berriz, 1.087. Datuei dagokionez eta aurrez aipatutako hiru epetan banaturik, Aste Santuan 403 pertsona izan dira bulegora informazio bila joan direnak, eta leku guztietakoak gainera: Euskal Herritik, Espainiatik - gehien Madril (12 pertsona) eta Kataluniatik (61 pertsona) -, Europatik eta munduko beste leku batzuetatik ere.
Uda partean, turismo bulegoak 2.339 pertsonei eman die zerbitzua. Kasu honetan gehienak Bergarakoak izan dira (864 pertsona). Azkenik, eta abenduko jai egunak kontutan hartuta, denera 104 pertsona pasa dira turismo bulegotik. Kasu honetan ere gehienak herrikoak izan dira (63 pertsona).
Bisita gidatuak
Udal turismo bulegoan izan diren 2.846 pertsonetatik, 561ek egin dute bisita gidatua. Guztira egin dira 83 bisita gidatu. Aste Santuan sei egin ziren eta haietan 61 pertsonek esku hartu zuten. Hizkuntzari dagokionez, lau euskaraz eta bi gazteleraz egin zituzten. Udan, berriz, 72 bisita gidatu egin ziren, eta horietan 447 pertsonak hartu zuten parte. Hizkuntzari dagokionez, sei euskaraz, 56 gazteleraz eta 10 ingelesez egin zituzten. Abenduan zehar, berriz, gidatutako bost bisita egin zituzten, horietan 53 pertsona izan ziren eta bi euskaraz eta hiru gazteleraz.
