Ohiko meza, herri kirolak eta aurreskua San Martzialen
San Martzialgo erromeria ospatuko da domekan, eta guztia prest dago ordurako. Gainera, 14-16 urte artekoen prebentzioa bultzatzeko, haiendako jolas eta herri kirolak egongo dira.
Udalak antolatutako egitarauari dagokionez, domekara itxaron barik, bihar, zapatua, hasiko dira ekitaldiak. Besteak beste, erraldoiei izena jartzeko egindako lehiaketako irabazleek saria jasoko dute, 19:45ean, San Martin plazan; Bergarako Orkestra Sinfonikoak emanaldia egingo du, 20:00etan, San Pedro parrokian; eta 20:30ean erromeria egongo da Munibe plazan.
Domekako erromeriari dagokionez, 10:00etan abiatuko da gurdia San Martzialerantz, ohiturari jarraituz, eta 11:00etan meza nagusia izango da. 12:00etan dantza emanaldia egongo da eta, gero, ohiko aurreskua egingo dute Udal Gobernuko hainbat kidek. Bertsolariak ere izango dira. Kantinaren kasuan, Beti Busti kirol elkarteak kudeatuko du eta txosna, Antxintxika triatloi taldeak.
Prebentzioa helburu
Bazkaldu eta gero, ume zein gaztetxoendako ekintzak egongo dira, 16:00etan, zelaian. 15 urtera artekoendako egongo dira malabare tailerra eta pertsonaz osatutako futbolina. Eta 15 eta 16 urtekoendako, herri kirolak eta pertsonaz osatutako futbolina. Udalaren nahia izan da bazkalondotik nagusien jokoak eta dantzaldia hasten direnera arte zeregina ematea gazteei, modu horretan prebentzioa bultzatuz. Ekintzotan parte hartzeko izenematea zelaian egingo da, 15:00etan.
Nagusiendako herri kirolak 18:00etan hasiko dira, eta baita dantzaldia ere. Herri kiroletako izenematea 17:00etan egingo da.
Mahai eta aulkiak
Udaletik gogora ekarri dute erromeria egunerako mahaiak eta aulkiak banatuko dituztela bihar, zapatua, 17:00-20:00 ordutegian, San Martzialgo kantina ondoan. Domekan, ospakizuna bukatu eta gero, 19:00-21:30 artean entregatu beharko dira hartutako lekuan. Materiala entregatzean, zigilua emango diote hartzaileari fidantza errekuperatzeko.
