Koldo Eleizalde Lehiaketen XXV. edizioa abian da
Bergarako Udaleko Euskara Batzordeak antolatu du dagoeneko Koldo Eleizalde Lehiaketen XXV. edizioa. Apirilaren 15era arte dago lanak aurkezteko, Udaleko Euskara Zerbitzuan. Idatzizko zein ahozko sei generotan lehia daiteke. Aurten gainera, eskola-irratia ere landu dezakete parte-hartzaileek gainontzeko ahozko generoekin batera (txiste, ipuin kontaketa, bertsoak...). Jarraian dituzue oinarriak eskuragai:
Koldo Eleizalde Lehiaketen XXV. edizioko oinarriak.
Udaleko Euskara batzordeak antolatzen duen Koldo Eleizalde literatura lehiaketako baldintzak kaleratu dituzte. Aurten, gainera, 25. edizioa da. Ipuin idatzia, bertsoak, komiki-tira, ipuin-kontaketa edo antzerkia, txiste eta umorezko pasadizoak eta eskola-irratia generoetan lehiatu ahal izango da.
Eskola-irratia, lehenengoz
Eskola-irratiari dagokionez, aurten ekarri dute lehenengoz genero hori lehiaketara. Helburua da gehienez 15 minutu izango dituen irrati emankizuna aurkeztea. Lanak ikus-entzunezko artxibo digitalean –formatuak: MP3, AVI, MPG edo FLV– grabatuta aurkeztu beharko dira CD edo DVDan edo sare bidez. Parte-hartzaileei dagokienez, jaioturtearen araberako hiru multzo daude: 2001ean edo ondoren jaiotakoak, 1997-2000 jaiotakoak eta 1994-1996 jaiotakoak. Parte-hartzaile talde bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du.
Ahozko generoak ere bai
Idatzikoez gain, ahozko generoak ere aintzat hartzen ditu lehiaketak; horren adibide da eskola-irratia, baina badira gehiago: bertsoak, ipuin-kontaketa eta txiste eta umorezko pasadizoak. Genero horietan guztietan, CD edo DVDan grabatuta edo sare bidez aurkeztu behar dira lanak.
Parte-hartzeko baldintzak
Lehiaketan parte hartu ahal izango du Bergaran jaio, bizi edo lan egiten duen edozeinek, bakarka zein taldeka. Genero bakoitzari buruzko oinarrietan azaltzen da aurkeztutako lanek originalak izan beharko duten edo ez. Originala izan beharreko lanen bat hala ez dela frogatzen bada, lana aurkeztu duenak 50 euroko isuna ordaindu beharko du.
Lanak aurkezteko azken eguna da apirilaren 15a, Udaleko Euskara Zerbitzuan. Sari emateari dagokionez, maiatzaren 29an egingo dute, Udal Pilotalekuan. Parte-hartzaile guztien artean zozkatuko dira euskarazko aldizkari batzuen harpidetzak.
