Jose Luis Elkororen askatasuna eskatzeko gestioak hasiko dituzte Bergarako 71 zinegotzik
Zapatuan, otsailak 20, 1976az geroztik gaurdainoko Bergarako 71 zinegotzi elkartu ginen udaletxeko osoko bilkura aretoan Bergarako alkate eta zinegotzia izan den eta egun Dueñaseko espetxean (Palencia) preso dagoen JOSE LUIS ELKORO UNAMUNOREN egoeraz kezkatuta.
Kezka adinak eta bere osasun egoerak sortarazi digu eta kartzelako bizi-baldintzek bere egoeran izan ditzaketen ondorioek kezkatuta bildu ginen.
JOSE LUIS ELKORO Bergarako hautetsia izan denez eta geu ere hala izan garenez eta egoera hau giza-eskubideen barruan kokatu ezin dela iritzita erabaki dugu azken 33 urteotako hautetsiok lanean jartzea Jose Luisen askatasuna lortu asmoz.
Bilkura eta bere aurreko nahiz ondorengo urratsak hautetsi eta hautetsi ohi moduan eman ditugu eta aurrerantzean ere hala egingo dugu lan. Ez dugu talde edo alderdi politikorik ordezkatzen, atxikimendua pertsonala da.
Bilera hartan honako erabakiak hartu genituen:
- Beste hainbat kontsideraziorekin batera, kartzelatik ateratzeko gestioak has daitezen aldarrikatzen duen eskaera-idatzia sinatzea.Gerora eta bilerara etorri ezin izan zuten beste 25 bat zinegotzik adierazi dute eskaera sinatzeko borondatea.
- 33 urte hauetan izan diren alkatetzetako 4 ordezkari izendatzea guztion izenean gestioak aurrera eramateko.Ordezkari hauek ALBERTO BOLIBAR (Jose Antonio Zabala (+)alkate zenean lehenengo alkate-ordea 1979-1983 urteetan), IMANOL BOLINAGA (alkatea 1983-1987), VICTORIANO GALLASTEGI (alkatea 1991-2007) eta AGURNE BARRUSO (egungo alkatea) izango dira.
- Jose Luisen askatasuna eskatzeko beharrezkoak diren gestioak eta bilerak egitea.
- Zapatuan egindako bileraren eta abiarazi berri dugun ekimenaren berri ematea prentsa-ohar bidez.
- Gestioak aurrera egin ahala berriz elkartzea emaitzak baloratzeko eta aurrera begirako urratsak zehazteko.
