Bergarako Udalak argiteria inteligente efizientea jarri du Angiozarren

argiteria adimenduna.jpg

Argiteria honek LED teknologiarekin eta presentzia detektoreekin funtzionatzen du. Honela, energia kontsumoa nabarmen jaistea lortzen da. Ekimen honen helburuak dira, besteak beste, Udaleko argiteria gastuak murriztea eta udalerrian energia garbiagoetarako trantsizioa sustatuz joatea.

Bergarako Udalak Angiozar auzoko goiko kaleko argiteria berritu du LED lanpara bidez argiztatzen duten 17 farola inteligente jarrita. Ezarri den “Berdin-Luix” argiztapen berriaren bitartez, 150 Wko sodiozko betiko bonbillak 50Wko LEDekin ordezkatu dira.

Horrez gain, argi hauek presentzia detektoreak dauzkate, argiaren potentzia erregulatzea ahalbidetzen dutenak. Honela, argiteria potentzia baxuan (%20) programatuta egongo da, baina pertsona edo ibilgailu baten presentzia sumatzerakoan bonbillak indartu egingo dira. Ondorioz, inor ez dabilen orduetan, alferreko kontsumoa era esanguratsuan murriztea lortzen da, %80 inguru gutxiago.

Ekimen honekin teknologia efizienteagoak erabiltzeko eta argiteria-gastua murrizteko hasitako ibilbideari jarraitu nahi dio udalak, eta azken hilabeteotan Bergaran hartu diren beste hainbat neurriri gehitzen zaie, hala nola: gehiegizko argiteria zegoen hainbat tokitan zenbait argi itzali izana, herri inguruko poligono industrialetako argiteria gutxitzea edota herri-guneko argiztapen monumentala itzaltzea.

Neurri hauekin guztiekin argiztapen gastuak %50 jaistea da helburua.

Udal-argiteriari dagozkion zenbait datu

  • 3.031 farola daude Bergaran.
  • 2011 ekitaldian udal-argiterian 281.549 euro gastatu ziren, aurreikusitakoa baino 30.000 euro gehiago.
  • 2012 ekitaldirako 270.000 euro bideratu ditu Udalak.
  • 2012ko urtarriletik 170.000 euroko gastua izan da dagoeneko.

BERDIN-LUIX argiteriaz

Berdin-Luix argiteria publikoan soluzio aurrerakoia eskaintzen duen sistema da. Argitasun bera mantenduta edo hobetuz, faktura elektrikoan aurreztea posible egiten du energia kontsumo txikiagoa eginez, eta ondorioz, negutegi efektuko gasen isurketa ere murrizten du.

Horrez gain, Berdin-Luix-ek instalakuntza oso malgua eskaintzen du eta ez du inbertsio handirik eskatzen, izan ere, tokian tokiko edozein luminariari egokitzen zaio, hori bai, LED teknologiarako pausoa emanda.

Berdin-Luix argiteria Berdin Grupo euskal enpresak ekoizten du.

Berdin-Luix-en inguruko informazio gehiago hemen.