Jaiak

Aratuzteak
Ostiralean hasten dira aratuzteak, mozorrotuta haurrak egiten duten kalejirarekin. Zapatuan eta asteartean mozorrotzen dira koadrilak. Sardinaren entierroarekin bukatzen dira jaiak asteartean.

Pentekoste Jaiak
Pazko egunetik 49 egunera egiten diren Mendekoste jaiak, Bergarako jai nagusiak dira. Jai hasiera Bitorianatxoren jaitsierarekin ematen da eta bukaera, berriz, igoerarekin. Ekintza desberdinen artean dantza txapelketa, txirrindularitza proba eta margo lehiaketa aipatu daitezke. Gainera, rock jaialdiak eta Udal Musika Bandaren kontzertuak izaten dira.
San Martzialgo Erromeria
Beharbada Bergaran ospe handiena duena eta herrikoena San Martzialgo erromeria da. Ekainaren 30ean, santuaren egunean, ospatzen da erromeria jai eguna suertatzen denean eta bestela jaia pasatu eta ondorengo lehenengo igandean. Eguerdian ohizko aurreskua dantzatzen da. Ohizko da, bazkari eta guzti, herriko koadrilak eta familiak egun pasa bertara hurbiltzea.
San Martin Agirre Jaiak
San Martin Agirre bergarar santu martiriaren omenezko jaiak irailaren 16an biltzen dira; San Martin eguneko aurreko larunbatean feria egiten da, eta bertan eskualdeko barazki, fruitu, gazta eta loreen lehiaketa irekia izaten da. Azokaz gain, haur eta helduen danborrada eta suzko erruberak ere izaten dira.

Erramu Zapatuko Feria
Erramu-egunaren bezperan, larunbatean, abeltzaintza eta nekazaritzako produktuen salmenta izaten da. Bergarako Udala dugu horren antolatzaile. Arratsaldean euskal kirolak eta gauean, bertsolari saioak dira aipagarri.
Elosuko Ganadu Feria
Pilarko Andra Mariaren egunean, urriaren 12an, Mendiko Abere Azoka ospatzen da Elosu auzoan. Gipuzkoa osoan ospe handikoa da, Gipuzkoa osoko abeltzainek hartzen dute parte. Bertan behi, ardi, zaldi eta ahuntz aziendaren lehiaketak antolatzen dituzte Elosuko Taldeak eta Bergarako eta Azkoitiko Udalek.
Auzoetako Jaien Egutegia:
- Angiozar. San Migel. Irailak 29. San Migelen irudia alanbrez egin eta heliozko globo batean bidaltzeko ohitura dago. Aurkitzen duenak hurrengo urteko jaietan sariren bat jasotzen du.
- Basalgo. Santiago. Uztailak 25.
- Elorregi. San Prudentzio. Apirilak 27.
- Elosu. Otabak. Pentekoste ondoko bigarren igandean.
- Labegaraieta: Maiatzak 1.
- Murinondo. San Blas. Otsailak 3.
- Osintxu. Kofraixak. Abuztuaren azkeneko asteburuan. San Emeterio eta San Zeledonioren Kofraixak du zeregin berezia: "karitatea banatzea", hau da, bedeinkatutako okela salda egin eta meza ostean okel horrekin egindako ogitarteakoa doan eskaintzen die guztiei. Aurretik haragi salda prestatu eta ematen dute.
- San Antonabat. Urtarrilak 17.
- San Antonio. Ekainak 13.
- San Kristobal. Uztailak 10.
- San Juan. Ekainak 24.
- San Lorentzo. Abuztuaren azkenean.
- Santa Marina. Uztailak 18.
- Ubera: San Paulo. Urtarrilak 25.
Auzoetako batzordeak herriko hiru feria nagusiak antolatzen ditu, Kultura zerbitzuarekin elkarlanean: Erramu Zapatua, San Martinetako Feria eta Elosuko Mendiko Feria.
