Jauregi Etxea

Monumentuaren argazkia

San Martin Agirre plazako albo batean, Bidekurutzeta kalea hasten den lekuan, lasaitasunez ikustea merezi duen etxea aurkitzen da. Bertan XX. mendearen hasieran garrantzizko obrak egin baziren ere, etxeak 1500. urtearen inguruan egindako eta garrantzi goreneko arte lana gordetzen du. Eraikuntzaren fatxadan, lehen solairuaren paramentua tapiz bat bailitzan estaltzen duen aberastasun handiko erliebe figuratibo bat aurkituko dugu. Baxuerliebeak, elkar gurutzatzen diren landarez osatutako hondo baten gainean, hainbat errege bikote irudikatzen ditu, denak bere koroa eta zetroarekin.

Leihoen gainean, eszena hauek ikusten dira: trobadorea eta bere dama, basurdearen ehiza, eta animali bikoteak aurrez aurre. Obra hau, Europa erdialdeko azken gotikoren estetika islatzen duena, XV. mende bukaerako, edo gehienez XVI. mendearen lehen urteetako grabatu germaniarretan inspiratua dago.

Arte ikerlariak aspaldidanik bat datoz esaterakoan Bergarako arte lan hau guztiz bitxia dela eta parekorik ez duela Penintsulan.