Udala
"Herritarrekin batera egin nahi dugu lan"
Agurne Barruso, Bergarako alkatea

Ongi etorri Bergarako Udalaren aldizkari berritura. Aldizkariak jadanik baditu 11 zenbaki, baina 12. honek aurrekoengandik desberdina izan nahi du. Desberdina izan behar du gainera. Udal Gobernua bera ere desberdina den neurrian hala behar du bere komunikazio- tresnak. Aldizkari berri honek bi norabideko joan-etorria behar du, funtzionatuko badu. Ez dugu soilik Udalaren informazioa plazaratuko duen aldizkaria kaleratu nahi izan; zuen galderak eta iritziak jaso nahi ditugu eta bestelako informazioa ere plazaratu nahi dugu aldizkari honen bidez. Beraz, ea guztion artean lortzen dugun bergararron aldizkaria izatea eta benetan herritarrei interesatzen zaizkizuen gaietan sakonduko duen tresna izatea.
Sei hilabete eta erdi daramatza gobernu berriak lanean. Orain arte egitea egokitu zaigun lan asko ez da gure proiektuak gauzatzea izan. Aurreko gobernuak hasitako hainbat gestio eta proiektu garatzea egokitu zaigu eta batzuetan gustura (proiektuarekin berarekin bat egiten dugulako) eta besteetan gogoz kontra egin behar izan ditugu hainbat lan. Dena den, 2007 urtea ez dugu soilik gestioan inbertitu; aurrera begirako proiektuak eta egitasmoak lantzen eta planifikatzen ere aritu gara eta laster izango duzue lan horren guztiaren berri. 2008an Udal Gobernu berriak landutako aurrekontuak izango ditugu eskuartean eta hortxe izango dugu geure proiektuekin hasteko aukera.
Aukera murritza bestalde, Udalak inbertsiotarako daukan gaitasuna bera ere murritza delako. Diru publikoa ondo gestionatzea eta benetan herriak behar dituen proiektuetan inbertitzea izango da gure erronkarik handienetakoa. Honekin batera, ZER egiten dugun bezain garrantzitsua izango da NOLA egiten dugun eta arreta berezia eskaini nahi diogu alor horri. Herriarekin elkarlanean eraiki nahi dugu etorkizuneko Bergara. Zuekin guztiokin elkarlanean aritu nahi dugu eta horretarako kolaborazio-bide guztiak ireki nahi ditugu. Ez utzi ideia bat mahai gaineratu gabe, etorri Udalera eta plazaratu zuen iritziak eta ideiak. Erronka handia daukagu aurrean Bergara herri bizia izan dadin eta etorkizun oparoa izango duen herria eraiki nahi badugu. Guztia dago egiteko eta elkarrekin egin behar dugu. Horixe da aldizkari honen lehenengo zenbakian plazaratu nahi dizuegun ideiarik garrantzitsuena: AUZOLANA da Euskal Herria ezaugarritu duen jardunetako bat; Udal Gobernuak auzolan hori bultzatu nahi du eta aldizkari honek ere horretarako tresna izan nahi du. Gozatu dezazula irakurtzen eta aurki dezazula interesatzen zaizun informazioa bertan.
