Adin tartekako emaitzak
Neurketako datuak adin taldeka bereizita jaso ditugu, adin-taldeok, honela banatuta:
Haurrak: 0-14 urte bitartekoak.
Gazteak: 15-24 urte bitartekoak
Helduak: 25- 64 urte bitartekoak
Zaharrak: 65 urtetik gorakoak
Adin-tartekako emaitzen azterketa hau da, gure ustez, garrantzitsuenetako bat, etorkizunean izan dezakegun egoera aurreikusteko balio baitigu. Hona hemen urtez urte orain arte egindako neurketa guztietan jasotako datuak (euskaraz %):
3. taula. Erabilera adin-tarteka, urtez urte (%).

3. grafikoa. Erabilera adin-tarteka, urtez urte (%).

Balorazioa: 2005. urtean euskara gehien erabiltzen dutenak haurrak dira, eta ondoren gazteak, helduak eta zaharrak, hurrenez hurren. Gehien erabiltzen dutenen (haurren) eta gutxien erabiltzen dutenen (zaharren) arteko aldea handia da, gainera. Egoera hau joan zen urtean gertatu zen lehenengo aldiz eta aurten errepikatu egin da. Hurrenkera hori hala izatea, bere hutsean, oso positiboa da, berez, berreskuratze etengabea berma dezakeen ordena horixe baita.
Adin-tarte bakoitzaren bilakaerari erreparatuta, berriz, honakoa esan liteke:
Haurrak. Aspaldiko urteetan nahiko egonkor dago: %60 inguruan. Azkeneko 4 neurketek goranzko joera txiki bat erakusten dute baina ikusi egin beharko da hurrengo urteetan konfirmatzen den.
Gazteak. Lehenengo neurketetatik hona adin-tarte honetan izan da igoerarik handiena: 40 puntukoa. Hala ere, 1998az geroztik, %45 eta %55 artean dabil eta ikusi egin beharko da hurrengo urteetan zer bilakaera duen.
Helduak. Beren erabilera goraka doa apurka-apurka. Esan beharra dago adin-tarte zabala dela eta horregatik duela, neurri batean, bilakaera motelagoa. Edozein modutan, orain dela 10 urte inguru %25 edo gutxiagoko erabilerak ziren eta azken urteetan %30 inguruan dabil. Aipagarria da 2005eko emaitza izan dela joan deneko 16-17 urteetan izan den emaitzarik altuena.
Zaharrak. Zaharren bilakaerari erreparatuta, erabilerak beheranzko joera nabarmena du. 2005eko datuak 80ko hamarkadakoekin alderatuz gero, alde ikaragarria dago: 1983an eta 1988an zaharrak ziren euskara gehien erabiltzen zutenak, 2005. urtean gutxien erabiltzen dutenak dira.
