Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Antolaketa zerbitzuka »  Gizarte Ongizatea »  Gurasoendako Aldizkaria, aurrera begira »  Gurasoendako Aldizkaria, 1go alea »  Zer egin seme-alabek kasu egiteko?

Zer egin seme-alabek kasu egiteko?

Nati Gutierrez Grigelmo (Psikologoa eta terapeuta familiarra)

Askotan entzuten da esaldi hori kalean, baina, maiz, beste hauxe esan nahi du: zer egin gure seme-alabek etxeko arauak, familiaren arauak beraienak egiteko?

Portaera jakin batzuk izatea nahi badugu batik bat etxeko ohiturekin edo derrigorrean bete behar dituzten lanekin (jostailuak jasotzea, egunero garbitzea...) lotutakoak garrantzitsua izango da guk haiei zer egin behar duten transmititzea, bai eta nola egin behar duten eta egiteak edo ez egiteak zer eragin izan ditzakeen azaltzea ere.

Arauak eta mugak ez dira neskamutilak kontrolatzeko edo helduek esandakoa betetzeko bidea, gizartean integratzeko lagungarri izango duten tresna dira: gizartean ontzat edo txartzat hartzen diren jarrera-ereduak erakutsiz. Elkarrekin bizimodu ona izan nahi badugu, beharrezkoa da arau eta mugak ezartzea, nola portatu behar duten orientatzeko.

Mugak jartzea edo arauak asimilatzea bezain garrantzitsua da horiek guztiak bereak egin ditzatela, beraien erabakiak hartzeko gai izan daitezen eta horien erantzule izan daitezen. Ez haiek nahi duten guztia egiten uztea ("ikasiko dute handitzean"), ez estuegi hartzea ("aita/ama naizelako eta nik esandakoa egin behar duzulako ") ez dira inondik egokia seme-alaben hezkuntzan. Biak ere seme-alabak hazteko bide okerrak dira, bada beste biderik hori egiteko. Seme-alabak haztea oso lan zaila da, gauza asko egitea eskatzen baitu, konpromisoa eskatzen baitu, baita gauzak argi izatea ere, transmititu ahal izateko.

Nola transmititu?

  • Izan seme-alabek imitatzeko eredu, eta argi izan hala garela. Adibidez: etxean denok garraxika hitz egiten badugu, nekez erakutsiko diogu umeari ez duela oihu egin behar. Batzuetan, konturatu gabe edo kontziente izan gabe, gure akatsak ikusten ditugu gure seme-alabengan eta haiengan konpontzen saiatzen gara, gugan konpondu beharrean.
  • Argi utzi haiek zer-nolako jokaera izatea nahi dugun, eta beren ekintzen ondorioak zein diren azaldu: argi izan behar dute zer egin dezaketen eta zer ez. Akordioak lortzea ezinezkoa denean, komeni da denek ulertzeko moduan arrazonatzea eta ekintza horrek zein ondorio izango dituen azaltzea.
  • Mantendu koherentzia esaten dugunaren eta egiten denaren artean. Esate baterako: ume batek beste bat jotzen badu, erantzun koherentea litzateke halako jokaera bortitza okerra dela erakustea; erantzun ezkoherentea izango da, aldiz, gurasoak masailekoa jotzea umeari erakutsi nahian ez duela horrela jokatu behar.
  • Hartu jarrera berdina bikote-kide biek. Ez dadila gertatu aitak gauza bat eta amak beste bat esatea.
  • Ez eskatu umeei gurasoak ere egin ezin dutena egiteko.
  • Ezer desegokia egiten dutenean, azaldu zein den gauzak egiteko modu egokia, ez haserretu eta ez bota aurpegira zein gaizki egin duten. Gehiago nabarmendu ongi egindakoak gaizki egindakoak baino. Eman jarraibide argiak hurrengoan nola jokatu jakin dezaten.
  • Sortu familia-giro goxoa, elkarrizketaren bidetik, arrazoituz eta akordioak lortuz.

Normala da, eta askotan gertatzen da, jarrera eta portaera batzuen bidez noraino iritsi daitezkeen frogatu nahi izatea eta ikusi nahi izatea gurasoek zer egiten duten ezarritako muga gaindituz gero. Hori egiten dutenean, zorrotz jokatu behar dugu: amore emanez gero, zailago izango dugu gero berriro arauak errespetatzen erakustea. Aginteak etengabeko indarra izan behar du,mugak ezarri behar ditu behin eta berriro, eta euste lana egin behar du: horixe da hezkuntzaren alde astunena, egoeraren eta adinaren arabera egokituz, eguneroegunero aplikatu behar da, horrexegatik da hain nekeza, baina eraginkorra da eta emaitzak ematen ditu luzera.

Zenbait pista:

  • Kontua ez da agindu asko ematea, ez eta sariak eta kastiguak erabiliz erakustea ere. Hobe da azaltzea zer iruditzen zaigun ondo eta zer gaizki, zer espero dugun haiek egitea eta beraien ekintzek zein ondorio izango dituzten erakustea.
  • Umeei zerbait agintzen diegunean, jakin behar dugu zergatik agintzen diegun hori, baina, batik bat, jakin behar dugu esandakoa betetzeko gai izango ote garen. Hala, etxeko lanak eginarazteko, ez da gauza berdina esatea "hobe da etxeko lanak bukatzea, hartara jolas egitera joan zaitezke gero" edo "ez badituzu etxeko lanak laster bukatzen, ezingo zara irten hilabete baten". Ez bagara gai gurean tinko eta gogor mantentzeko, lortuko dugun gauza bakarra izango da autoritatea galtzea, eta umeei esana ez betetzen erakustea. Umeak ikusten badu zerbait esaten diozunean bete egiten duzula, esandakoa egiten ikasiko du; bestela, justu kontrakoa erakutsiko diozu. Agindu bat ematen badiozu, behar bezala arrazoituta, eta gero atzera egiten baduzu, umearen ezegonkortasuna eta intseguritatea areagotu besterik ez duzu egingo.
  • Agindu gauzak umeengan pentsatuta, eta ez gugan pentsatuta. Beraien beharrak kontuan hartuta pentsatu behar dugu, ez gure beldurrak, nerbioak edo umore txarra kontuan hartuta.
  • Hobe da gauzak egin ditzaten estimulatzea eta animatzea, eta ez debekatzea, betiere umeen adina kontuan hartuta. Adibidez, ume txikiak badira, egin behar ez duten gauza bat egiteari uzteko saiatu arreta beste nonbait jarrarazten: hala, haserreak ebitatuko ditugu, eta ez da garaile-galtzailerik izango.
  • Hezitzaile garenez, ezin diogu uko egin aginduak emateari eta ezin dugu umeengan utzi arauak markatzearen eta familiaren funtzionamenduaren ardura. Argi izan behar dugu aita-amak garela, ez lagunak edo kolegak. Ulertu ditzakegu, eta ulertu behar ditugu, haien lekuan jarri, eta pasatzen dituzten momentu eta egoerak ulertu behar ditugu: hala ere, mugak markatu behar ditugu, noraino irits daitezkeen erakutsi behar diegu, beren ekintzak ondorioak dituztela erakutsi behar diegu eta ondorio horiek asumitzen lagundu.

Hala ez badugu egiten, hazi ahala beren satisfazioa eta desioak betetzea besterik ez bilatzea bultzatzen ariko gara, eta, familiatik mundura irtetean, eredu hori kopiatzen saiatzea ekarriko du horrek: ezingo dute ulertu ezertan ezetza jasotzea, egokitu ezinik ibiliko dira, zaila egingo zaie besteen eskubideak errespetatzea eta ez dute elkarbizitza-araurik aintzat hartuko. Besteei exijituko diete, baina ez beren buruari.

Bukatzeko, hasierako galderari eutsiko diogu: zer egin seme-alabek etxeko arauak eta familiaren arauak beraien egiteko? Orain, esateko moduan gaude noraino irits daitezkeen markatzea eskatzen digutenean, beren burua eratzeko erreferentziak eskatzen dizkigutela, mugak eskatzen dizkigutela. Umeentzat jolasa da hori, elkarrizketa, ekintzen ondorioak zein diren ikusteko. Gure esku dago elkarrizketan jardutea, eta zer modutan jardun nahi dugun erabakitzea.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI