Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Antolaketa zerbitzuka »  Gizarte Ongizatea »  Gurasoendako Aldizkaria, aurrera begira »  Gurasoendako Aldizkaria, 1go alea »  Adoleszenteekin familia-harremana lantzen

Adoleszenteekin familia-harremana lantzen

Lander Garmendia Azkarate ( Psikologo Psicoterapeuta)

Zertan aldatzen dira familia-harremanak?

Adoleszenteak ezin du jada lehen bezala jo familiarengana, ez delako garai batean bezala dena konpontzen duen familia, eta, gainera, adin horretan familiarengana jotzea amenazutzat eta desegokitzat hartzen den lotura intimoa mantentzea litzatekeelako. Adin horretan, neskamutilak beraien arazoak beste inorengana jo gabe konpontzen hasten dira, adiskideen laguntzaz. Dena den, gurasook argi utzi behar diegu oraindik hor gaudela, egin nahi diguten edozein konfidentzia entzuteko prest. Argi utzi behar diegu, baita, familia ez dela berdintasunean eratutako taldea, eta, guraso garen partetik, haien hezkuntzaren erantzule garela, nahiz eta, adinaren eta jokaeraren arabera, zenbait gauza haiekin negoziatzeko prest egon.

Zein dira garai horren ezaugarriak?

  • Gorputzaren eta norberaren irudiaren kezka azaltzen dute.
  • Garrantzitsuagoa da lagun-taldea familia baino.
  • Beraien identitate pertsonala bilatzen dute, gugandik apurka urrutiratuz.
  • Lehenengo intimitate-harremanak ezagutzen hasten dira, eta sexualitateak garrantzi handia hartzen du halako harremanetan.
  • Inongo kontrolik gabeko emozioak agertzen dira noiznahi, joan-etorrian.
  • Ezer gaizki ateratzen zaienean lur jota geratzen dira, edo, kontran, ezer ondo atereaz gero, edozer gauza egiteko gai direla uste dute.
  • Helduen eskubide guztiak izan nahi dituzte, baina helduen erantzukizunik hartu gabe.
  • Arauak onartzen ikasi behar dute helduak izaten ikasteko.
  • Gurasoen onarpena behar dute, baina oker egiteko eskubidea galdu gabe.

Nolakoa izan daiteke komunikazioa adoleszenteak dauden familietan?

Oso garrantzitsua da komunikatzen dugun edozertan (informazioa, datuak, sentipenak, beharrak...) bat etortzea zer esaten den eta nola esaten den. Alegia, berri onak ahots gozoz ematen ditugu, serio jarrita egiten dugu errietan, ez dugu barrerik egiten, arreta erakutsi nahi dugunean aurpegira begiratzen dugu,eta norbait maitea dugunean laztandu egiten dugu. Gure ekintza, keinu eta hitzak zakarrak badira, ezin espero dezakegu errespetu eta maitasunik erantzunetan.

Zer egin dezakegu gure seme-alabekin komunikazio hobea izateko?

  • Liskarren bat konpondu nahi badugu, komunikatzeko lekua eta garaia ondo aukeratzea.
  • Portaerak kritikatzean, errespetuz jokatzea eta kritikatzen dugun pertsona onartzea; alegia, pertsona bera ez kritikatzea.
  • Bestearen lekuan jartzea, haren egoera animikoa hobeto ulertu eta konpartitzeko.
  • Arretaz entzuten ari garela erakustea, aurrez aurre begiratzea, bere hitzak onartzea, isiluneak ulertzea...
  • Ezertan ados bagaude, adostasun hori azpimarratzea, desadostasunetan ere zerbaitetan gure iritziek bat egiten baitute ziurrenik.

Zer ez dugu egin behar?

  • Ahal dugun neurrian, mezu negatiboak baztertzen saiatu behar dugu: "nik esan dudalako eta puntu".
  • Gehiegizko informazioa ez ematen saiatu behar dugu, mezu nagusia galdu egiten baita.
  • Beraien adinekoak ginenean egin ezin izan genituen gauzak gure seme-alaben bitartez egiten saiatzeari utzi behar diogu.

Zer egin behar dugu seme-alabekin harremana galtzen ari garela konturatuz gero?

Lehenik eta behin jakin behar dugu ezinbestekoa dela adoleszentearentzat, bere burua ezagutzeko eta bere nortasuna sortzeko, gurasoekin duen harremana beste modu batean definitzea. Horregatik, puntu honetan ez da baliagarri izango, txikitan bezala, indarra edo autoritate hutsa erabiltzea liskarrak konpontzeko; izan ere, probokaziotzat har dezakete hori nerabeek. Dena den, gehiegizko tolerantziak ere muga non den jakinnahia eragin diezaioke gazteari, horrek muturreraino eramango badu ere. Adoleszenteek askoz gehiago garatzen dute beraien buruaren gaineko kontrola baldin eta ezartzen zaion autoritatea ez bada beldurrean oinarritzen, eta, aldiz, maitasunean oinarritzen bada (mugak jarri beharra eta negoziazioa uztartuz).


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI