Etiketak: Izateari jarririko hesiak
Ione Beitialarrangoitia Psikologoa, gazte eta helduen psikoterapeuta
Gure seme-alabak jaiotzen diren unetik (eta jaio aurretik ere bai), beraien portaera edo izaera neurtu eta izendatzeko joera daukagu helduok (guraso, senide, mediku, lagun, bizilagun, ezezagun). Erabiltzen ditugun adjetiboak eta gerora etiketak bihurtu daitezkeenak, muturrekoak eta baztertzaileak izaten dira gainera: ona/txarra, urduria/lasaia, lotia/ipurtarina, jalea/mizkina, adjetibo bakoitzak balore, garrantzi eta esanahi bereziak ditu kultura bakoitzean.
Nahiz eta berezko joera batzuk jaiotzez ekarri, guztiz malguak eta bizitzari irekiak dauden pertsonatxoak dira haurrak. Horrelako etiketa askorekin, harriak eta oztopoak jartzen dizkiogu beraien bizi poza den errekari, bide jakin bakarra ezartzen baitugu beraientzat.
Azken finean, haurrei, eta baita geure buruari ere, jartzen dizkiegun etiketa edo ezizenak nortasun eta askatasun pertsonalerako hesi bihurtzen diren itxiturak baino ez dira. Joera hau automatizatua eta inkonszientea da eta, hain juxtu ere, oharkabea izateak egiten du arriskutsu. Ez gara konturatzen gure haurrak ikusi beharrean, beraietaz eraiki dugun irudi partziala ikusten ari garela.
Helduak gure seme-alabak begiratzen diren ispiluak gara, eta bertan irudikatua ikusten dutena sendotzen saiatuko dira jarrera, portaera eta autoirudiaren bidez. Gure espektatibak, beraz, jokaera mapak bihurtzen dira beraientzat. Haurren nahirik handiena guri huts ez egitea da, ezta gure espektatiba edo iritziei ere.
Lehen haurtzaroan familia da erreferentzi puntu nagusia, baina dagokigun adin tartean (6-11 urte) eskolak eta lagunarteak berebiziko garrantzia hartzen dute, eta etiketen eragina ere oso indartsu agertzen da. Orain beste ispilu batzuk agertzen dira beraien bizitzan: lagunak, irakasleak, kirol entrenatzaileak.
Adin honetan etiketak areagotu egiten dira: langilea/alperra, esanekoa/ desobeditzaile, azkarra/motela, kirolari ona/txarra... Fenomeno hori ezin da ebitatu eta pertsonok berezko daukagun joera da, besteekiko gure portaera erregulatzeko eta egoera desberdinetara moldatzeko aukera ematen baitigu.
Baina, askotan, etiketa horiek aukerak eskaini baino mugatu egiten gaituztenez, goazen bada kontzientzia ariketa bat aurrera eramatea, muga hauek gainditzeko asmoz. Gure begirada zabaltzen badugu, haurrek ere beste bide batzuk esploratu, gozatu edo sufritzeko gai sentituko dira. Ariketa honen helburua gure semealabari buruz sakonean zer pentsatzen dugun jabetzea da, horrek beraien portaeran duen eragina ezagutzeko. Nor da gure seme/alaba guretzako?
Bestalde, helburuetako beste bat gure pertzepzio hauetan ezkutatzen diren hainbat baldintza argitara ekartzea da: espektatibak, esperantzak, idealak, negatibotasunak, desesperantzak, gure alderdi ezeztatuak... Goazen, bada, kontzientziazio ariketa hori aurrera eramatera:
- Egin dezagun zerrenda bat gure seme-alabei buruz pentsatzen dugun guztia adierazteko. Izan gaitezen zintzoak geure buruarekiko eta saiatu hausnarketa sakona egiten, nahiz eta agertuko diren hainbat kontzeptu gogorrak izan onartzeko.
- Ikus dezagun zerrenda horretan zein adjetibo mota diren nagusiak: positiboak, negatiboak, eremu bakar baten ingurukoak (adibidez eskolako garapena) denboratxo bat hartu eta behatu zer sentitzen dugun zerrenda irakurtzean. Nork bere hausnarketak ekarriko ditu kontzientziara. Baliteke konturatzea alderdi negatiboez jabetzen garela gehien, edo alderantziz. Adjetibo gehienak positiboak diren kasuetan ere, etiketak izaten jarraitzen dute eta hauek ere muga bat dira. Adibidez: dena ondo egiten duen haurraren kasuan ere espektatibak oso zorrotzak izan daitezke eta akatsak egiteko aukera ezeztatua egon daiteke.
- Ikus dezagun zein adjetibori ematen diegun balore gehien eta nola egiten dugun gure seme-alabak horiengana hurbiltzeko (edo aldentzeko kasu batzuetan). Adibidez, guretzat kirolari trebea izatea garrantzitsua bada, agian, horretara bultzatzen dugu kasu askotan beraren benetako interes eta motibazioak kontuan izan gabe.
- Adjetibo bakoitzaren ondoan idatz dezagun kontrakoa dela uste duguna. Antonimo horiek, nortasunaren itzalean aurkitzen diren ezaugarriak izan ohi dira. Hausnartu ea zer sentitzen dugun antonimo horiek ikustean, eta kontzientziara ekarri zein bide erabiltzen dugun alderdi horiek gure seme-alabengan ez hautemateko: ezeztapena, kontrako adjetiboan jarritako espekatibak bultzatzea, adjetibo horren ingurukorik ez onartzea geure buruan... Adibidez, ez badugu geure izakeran alperkeriarik egin dezakegula onartzen, baliteke gure seme-alabengan ere ezin onartu izatea.
- Saiatu egunerokotasunean joera horretaz konziente izaten, eta ekintza pertsonaletatik bereizten. Horrela, gure seme-alaba alpertzat hartu beharrean, batzuetan alferkeriaz jokatzen duela ikusiko dugu, eta aukera edukiko dugu langilea den egoerei erreparatzeko.
- Etiketek haurrekiko distantzia dakarkigute. Horretaz konziente garen neurrian, gure seme-alaba idealetik urruntzen joango gara, errealitatera gerturatzeko. Irudi negatiboaren kasuan ere, positiboago den errealitate batera hurbiltzeko aukera izango dugu eta elkarrekiko harremanetan bide eta aukera berriak zabalduko dira.
- Gai horietaz beraiekin ere hitz egin dezakegu eta adierazi zeintzuk diren kontzientziara ekarri ditugun hausnarketak. Ez dugu ahaztu behar gizakiak ikaragarri konplexuak garela eta ezin garela osoki bizi geure alderdi garrantzitsuak itzalean edukita. Alaitasuna ezingo dugu sakonki sentitu gure barnean tristurari ez badiogu lekua uzten. Eta horrela gertatzen da gainontzeko ezaugarriekin ere.
Helduok dugun ardura nagusia gure haurrak, eta zergatik ez! baita geure burua ere, errespetu osoz begiratzea da, eta orain arte antzeman ez ditugun ezaugarriak hautemateko aukera irekitzea. Beraz, aska ditzagun seme-alabak, ahal den neurrian, gure begirada mugatuaren urritasunetik eta harritu gaitezen elkarrekin eskura ditugun hainbat aukerez. Azken finean, gizakion helburu nagusienetako bat, garena izatera iristea da; hori da guztion ardura nagusia munduan osoki bizi ahal izateko.
