Bergara.net

Gurasoen galderak

Jose Ramon Fernandez (Psikologoa, Psikologia konduktualeko kabinetea) c/ Ramon Maria Lili 2 BERGARA. Tlf: 943765939

1) 14 urteko seme bat daukagu eta dirua eskatu digu lagunekin lokal bat erabiltzen hasteko. Beste mutilen gurasoekin hitz egin dut, eta adin horretako neska-mutilentzat astialdirako aukerarik eta lekurik ez dagoenez, baimena ematearen alde daude, nahiz eta guztiek ez eman gogo onez. Batetik, presioa sentitzen dut, lokalean ez sartzeagatik bakarrik gelditu baitaiteke; eta bestetik, ez dut batere argi lokalaren ideia ona izan daitekeen. Makina bat gauza entzuten da! Ez nuke nahi zorrotzegia izan, ezta eskatzen didan guztiari baietz esatea ere. Zuen iritzia jakin nahiko nuke.

Gai hori korapilatsua izan daiteke, edo ez. Egoeraren aurrean gurasoek duten jarrera nolakoa den garrantzitsua da: ulerkorra, ez hain ulerkorra...

Eta seme-alabek eta gurasoek elkar aditzen duten ere faktore garrantzitsua da. Gurasook erreakzionatzen jakin behar dugu eta ulertu behar dugu une egokia dela seme-alabei erantzukizun batzuk emateko eta haien autonomia soziala sustatzeko, nahiz eta arreta eskaini eta haiengandik gertu egon.

Muturreko jarrerarik ez hartzea da kontua. Erakutsitako koherentziaren eta erantzukizunaren arabera eman behar zaie askatasuna eta autonomia (ardura handiari autonomia handia; ardurarik ezari autonomia murrizketa).

Arazo hori elkarrizketa bidez tratatu behar da, seme-alabek hartu behar dituzten konpromisoak zehaztuta eta denen artean onartuta, familiako gainerako kideen askatasuna, lasaitasuna eta eskubideak errespetatu daitezen. Hona hemen mugak jartzeko trikimailu bat: zure semea nola portatu behar den finkatzea baino garrantzitsuagoa da muga horiek gaindituz gero ZER GERTATUKO DEN finkatzea.

Edonola ere, seme-alabak non eta zer egoeretan egongo diren jakin behar dute gurasoek, eta argi utzi behar diete proposatutako eta finkatutako arauak ez errespetatuz gero, zer ondorio izango diren.

2) 7 urteko semeak gero eta hitz gordin gehiago erabiltzen ditu. Ez senarrak ez nik ez dugu hitz egiteko era hori; halere, badakit oso hedatua dagoela eta ia arraroa egiten dela hitz itsusirik gabeko elkarrizketak entzutea. Ez dugu hori atsegin eta nahiz eta gurekin ez dituen erabiltzen, bere adineko neska-mutikoekin, lagunekin, bai. Gainera, 4 urteko arreba txikiarekin ere erabiltzen ditu, eta, era berean, horrek ere erabiltzen ditu. Ez dakit nola eten kate hori.

Irainak eta hitz gordinak ez dira hitz normalak. Hitz itsusiak ez dira ezer laguntzen dieten adierazpen-kargarik gabe. Horrelako hitzek helduen zentzu bikoitzak eta erreakzioak gordetzen dituzte, eta horrek erakartzen du zure semea: askotan helduak imitatzeko edo horien autoritatea desafiatzeko erabiltzen dituzte, beraien haserrea adierazteko, arreta erakartzeko, "nabarmendu nahi izateko".

Ez da bide egokia arazoari zuzenean aurre egitea, .biraoen adierazpenkarga ezeztatzeko. Urduritu, haserretu edo garrasi eginez gero, garrantzi handiagoa ematen diogu eta hitz horiek esatea gure arreta erakartzearekin lotuko du seguru asko. Ez barre egin haren txantxei eta ez parte hartu horietan (erreakzio horrek errepikatzera eramaten ditu), eta jakina, beste haur batzuek esaten dituzten hitz itsusien aurrean berdin jokatu (horrek nahasketa sortuko dio, zeren eta ez baitu jakingo zergatik eskaintzen diozun arreta beste batzuek diotenari eta ez berak dioenari, eta ez du jakingo zuzena den ala ez). Era berean, ez tutik esan zure semeak esandakoen gainean beste batzuei, zure semea aurrean duzula.

Berba gordinak esaten jarraitzen badu, saiatu zaitez kasurik ez egiten. Jarraitzen badu, beharbada galdetu beharko zenioke zergatik duen hitz itsusiak erabiltzeko horrelako beharra, eta ondoren, arazo horri aurre egin, ez mehatxuka, ez oihuka, baizik eta elkarrizketa lasai batekin, oso garrantzitsua baita ulertaraztea hitz horiek gainerakoei min ematen diela eta oso iraingarriak izan daitezkeela. Hitz itsusiak iraingarriak direnean, eta horrek gizarte-harremanetan arazoak sortu ditzakeenean, ez egin inoiz ez ikusiarena.

Eskaini iezaizkiozu aukera berriak. Zazpi urteko haur batek bere frustrazio- egoerak edo haserreak adierazteko hitz itsusiak erabiltzen baditu, bere haserrea adierazteko eta arreta erakartzeko beste era batzuk erakutsi beharko zenizkiokete. Beste batzuei birao edo irain eginez gero, erakutsi barkamena eskatzen. Bihurtu joko: hitz itsusiak erabili beharrean beste ordezko hitz batzuk erabiltzea. Garrantzia gehiegi ez ematea lortzen badugu, "etsenpluaren bidez predikatzen" badugu eta aukerak eskaintzen badizkiogu, guk uste baino lehen utziko du atzera jarrera hori.

3) 9 urteko alabak atzamarrak ahoan sartzen ditu telebista ikusten ari dela, erpurua edo beste edozein hatz; halere, ez ditu azazkalak jaten. Ez ditu hatzak ahotik kentzen, errieta egiten diodan arte, baina, berehala, berriro atzamarrak ahoan dituela dago. Lehen ez zuen ohitura txar hori, baina dagoeneko urte pare bat darama horrela. Hasieran ez nion garrantzirik eman, baina orain, denbora bat igaro ostean, berdin jarraitzen duela ikusten dut. Gainera hori ohitura bihurtu du eta ez dakit nola kendu.

Jaioberriek, beren bizitzako lehen hilabeteetan, horrelako erreflexu asko dituzte. Batzuetan, baina, 4 edo 5 hilabetera, beren biziraupenerako balioa galtzen dutenean, desagertu egiten dira. Beste batzuetan, ordea, bizitza guztian gordetzen dira edo ekintza ezegoki (txupetea miazkatzea, hatzak miazkatzea, azazkalak jatea, etab.) bihurtzen dira.

Ohitura hori lehen haurtzaroko xurgatze erreflexuekin dago lotuta haurretan eta, era intuitiboan eta azkarrean, beraien gogoa asetzeko erabiltzen dute (aspertuta badaude estimulatu egiten ditu eta aztoratuta badaude lasaitu). Gerta daiteke hatza miazkatzeko nahiak sei-zazpi urte igaro arte irautea eta hori kezkati eta larri dagoenean kontsolamendua lortzeko soilik egitea. Horregatik, ohitura hori uztera behartzeak haiengan sumindura eta frustrazioa sortuko ditu.

Orokorrean, eskua ahora eramaten duenean haurra zigortuz konpontzen dute gurasoek hatzak miazkatzeko arazoa. Arazoa larriagotzen denean eta zigorrak (zartakoak eskuan, mehatxuak, eskua ahora eraman ez dezaten aginduak eta abarrek) ez duenean emaitzarik ematen, bereziki bateraezina den portaera baten indartze positiboa gomendatzen da.

Gomendatzen dizut alabaren portaerari kasurik ez egitea eta horren iturriak aurkitzea. Horretarako, lehenik identifikatu eta idatzi zer egoeretan duen portaera hori. Zuen alabari esaiozue eskua ahoan duela ohartzen den bakoitzean, lehenik, ahotik ateratzeko eta, gero, ahalik eta azkarren gertaera hori idazteko. Zuen alabaren jokabidea sendotzen duzuen heinean, bai jarraibideak jarraitzeagatik, bai eskua ahora eramaten dituen aldiak murrizteagatik, nahi ez den portaeraren aurrean ordezko portaera indartzen da -denboraldi bat hatzak ahora eraman gabe egotea eta pixkanaka denbora hori handituz joatea-. Gainera, saiatu zaitezte alaba distraituta izaten. Jarduera gehiago egin berarekin: esaterako, dibertitzen duten jolasak, sor daitezkeen asperraldiak apurtzeko. Kasu horretan, telebistan ikusten ari denari buruzko elkarrizketa sorraraziz distraitu dezakegu.

Neskatoa bere gurasoen aurrean garrantzitsua sentitzen denean, gauzak ongi egiten dituenean bere merituak eta ahaleginak aitortzen zaizkiolako, eta ikusten duenean gorespenarekin eta arretarekin azpimarratzen direla, haurrak beregan duen segurtasuna eta konfiantza handitu egingo dira eta xurgatzeko ohitura galdu egingo du.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI