Gazteak eta kirola
Luis Mari Zulaika Isasi EHU-UPVko irakaslea, Jarduera Fisiko eta kiroletako Zientzien Fakultatea Pedagogian Doktorea
Behin oporrak bukatuta, ikasturte berria hasita, garai egokia dugu geure buruari erronka berriak ezartzeko: horrelako ikastarotan izena eman, halako elkartetan parte hartu, kirola egiten hasi... Aurreko alean aztertu genuen zergatik den komenigarria kirola egitea Lehen Hezkuntzan ditugun seme-alabentzat.
Bereziki onura fisikoak eta hezitzaileak aipatu genituen, eta ez eremu psikikoan eskuratutakoak: ongizate psikologiko eta emozionala; umore ona eta bizi-poza; autoestimua eta bere buruaz duen irudia; oreka mentala; estresari aurre egiteko gaitasuna; antsietatea gutxitzea; adimena hobetzen laguntzea...
Oraingo artikulu honetan nerabe (adoleszente) eta gazteak izango ditugu kontuan, bai kirolaren zenbait onura azaltzeko, bai eta gurasook nola lagundu dezakegun ere. Askotan kalean kontrako uste okerra zabaldua badago ere, hainbat ikerketek ondorengoa erakutsi dute: "kirola egiteak errendimendu akademikoa hobetzen laguntzen du (kasu gehienetan)". Izan ere, izerdia bota eta lasaitu ondoren arreta gaitasun handiago duzu ikasteko, etekin handiago ateratzen diozu duzun denborari, zeure buruarekiko konfiantza hobetuz helburu zailagoak aukeratzen dituzu, onarpen soziala hobetzen duzu, gurasoekiko harremana estutu, helburu bat lortzeko saiatzearen beharraz jabetzen zara...
Dena den, argitu beharra dago, eragin positibo hori jaso ahal izateko kirol-jarduerak baldintza batzuk bete beharko dituela: orekatua izan beharko du, ez neurriz kanpokoa, ezta entrenamendu saio gehiegi eta luzeegiak eskatzen dituena ere, ez ditu bizitzako lehentasunak nahastuko, motibazioak desitxuratuko eta gozagarri behar lukeena kezka-iturri bihurtuko; eta ez da errendimenduarekin eta emaitzekin itsutu behar.
KIROLA ETA DROGEN MENPEKOTASUNA
Adin honetako nerabeei buruz ari garela, bada azpimarratu beharreko beste ezaugarri bat ere: "Kirolak gure seme-alabei drogen arazoari aurre egiten laguntzen die". Eragin hori iturri askotatik azaldu daiteke: aisialdiko denbora ohitura osasuntsuetan eta lagunarte egokian igarotzen dute, talde bateko partaide sentitzen dira, adiskide berriak egiten dituzte, trebetasun sozialak garatzen dituzte jendearekin hobeto erlazionatzen ikasiz, balio zuzenak lantzen dituzte, beraien gorputza eta osasuna zaintzea gehiago estimatzen dute, beraien buruaz duten konfiantza eta autoestimua hobetzen dute, arauak eta autoritatea errespetatzen ikasten dute...
Baina gogoratu kirol jarduera horrek ezaugarri batzuk izan beharko dituela: partaide guztientzako izango da positiboa (beraien gaitasun-maila edozein izanik ere), etengabe ziurtatu beharko da ezaugarri ludikoa eta ondo pasatzea, ez du gehiegizko estresa eta presioa eragin beharko, ez eta umillazioa edo gutxieste sentimenduak ere, pertsonak ez dira emaitzaren arabera soilik baloratuko...
Azkenaldian psikologoek ondorio bitxi bat jakinarazi dute: Naturan arrisku handiko kirolak praktikatzen dituztenen eta debekatutako drogak probatzen hasten diren pertsonen
izaerek badituzte komunean hainbat zaletasun eta ezaugarri psikologiko, hala nola: arriskua, abiadura handia, sentsazio inpaktanteak, oraina erabat bizitzea, etorkizunaz kezkatu gabe momentua gozatzea... Ondorioz, drogekin lortzen diren sentsazio eta emozio berriak aisialdiko jarduera egokien bidez ase daitezke. Beraiek aukeratutako kirol espezialitatea gure gustukoena izan ez arren, adin bakoitzak duen berezkotasuna errespetatu beharko genuke.
KIROLA EGITEARI UZTEA. NOLA AURREA HARTU
Oro har, adin hauetara bitartean parte hartze handia lortzen bada ere, behin sasoi honetara iritsita, kirolean parte hartzearen portzentajea asko jaisten da, bereziki nesken artean. Egoera hau azaltzeko hainbat arrazoi aipatu ohi dira: denbora falta, beste lehentasun batzuk, ikasketei garrantzi handiagoa eman beharra, bera baino hobeak direnak bakarrik baloratzea, jarduera aspergarria izatea, gehiegizko exigentzia, bere lagunek uztea...
Gurasook hainbat neurri har ditzakegu gure seme-alabek kirola egiten jarrai dezaten laguntzeko:
- Kirola egiteak duen garrantziaz ohartarazi.
- Ume-umetatik txertatu jarduera fisikoa beraien bizitzetan. Bizi-estilo aktiboaren hazia hasieratik erein; besteak beste, aisialdian ekintza fisikoak elkarrekin burutuz.
- Ikasgelako beste gurasoak eta eskolako arduradunak ere animatu ikuspegi honen aldeko apustua egin dezaten.
- Kirola sustatzeko beraien ekimenetan parte hartu (kontura daitezela guretzat garrantzitsua dela): garraio lanetan lagundu, ikustera joan...
- Eredua eta adibidearen bidez irakatsi (geuk ere jarduera fisikoa egin). Bereziki nesken kasuan, ikusi da amak kirola egitea dela aldagairik eragingarriena.
- Helburu lorgarriak aukeratzen lagundu, (hankak lurrean izan ditzala).
- Gustuko duen zerbait aukeratzen lagundu. Lehentasuna: parte hartuz goza dezala, eta ez hainbeste emaitza edo errendimendu maila.
- Bere taldean lagun giroa sortzen ahalegindu.
- Ahal bada hurbileko aukerak aprobetxatu. Desplazamenduak ez daitezela arazo gehigarri bihurtu.
- Antolaketa serioa eta programazio konstantea duen erakundea aukeratu.
- Bere gaitasunari egokitutako eskaintza izan dadila.
- Familia, lagun eta ingurukoengandik babesa, onespena eta errefortzu soziala eman.
- Entrenatzaile eta monitoreei babesa eskaini, ikuspegi hezitzaileen aldeko apustua eskertu.
- Seme-alaba lortzen ari den aurrerakuntzaz jabearazi eta zoriondu, bai eta saiatzeaz eta egiten duen lanaz ere.
Ea ba, denon artean lortzen dugun gure seme-alabak bizi-estilo aktiboak bereganatzea eta lagunartean gozatuz, ikasiz, eta osasuna hobetuz, beraien bizi-kalitatea areagotzea (ez dela gutxi).
BIBLIOGRAFIA
GONZALEZ, Angel (2007) Medidas de promoción de la actividad física de las chicas en el deporte escolar. Diputación Foral de Bizkaia. Bilbo.
GONZALEZ ARAMENDI, Jose Manuel. Bost urte, bizitza osoa. Jarduera fisikoa eta ohitura osasuntsuak nerabezaroan. Zulaika, Luis Mari. (editorea) (2004).
25 ARRAZOI KIROLA EGITEKO. Onura psikologikoak, sozialak eta balio hezitzaileak.
