Lokalak, etxabeak, txokoak, gure seme-alaben lehen edo bigarren etxea?
Txus Congil, Hezitzailea
Nerabezaroan, orokorrean, pertsona heldurik ez dagoen gune bat edukitzea nahi izaten da. Azken urteetan, etxabeak alokatzeko eta beraien lokala muntatzeko joera dago.
Orokorrean gutxieneko higienea eta segurtasun-baldintzak ez dituzten lokalak dira. Halere, horrek ez ditu atzera botatzen: garbitu, prestatu, egokitu eta dekoratu egiten dituzte beraien gustu eta aukeren arabera. Lokal horietan ordu ugari igarotzen dituzte: ordu batzuk astegunean zehar baina gehienak asteburuetan.
Norbere koadrilarekin EGOTEA izaten da asmoa. Orduak ematen dituzte egonean: telebista ikusten; makinatxoekin jolasean; opilak, patata erreak, litxarreriak, pipak... jaten; beraien artean hitz egiten, ligatzen; eta erretzen (tabako-zigarroak edo haxix-petak) eta edaten (hainbat graduaziotako alkoholdun edariak, nahastuta eta/edo freskagarriekin). Beraiek esaten dute gustura daudela, etxean baino hobeto, eta ez dituzte ulertzen gure kezkak ("ez duzue ezer ulertzen", "ez dugu ezer txarrik egiten, betikoa egiten dugu"). Baina, hori esaten diguten arren, beharbada hori esaten digutelako, arduratuta egoten gara gure seme-alabak lokal horietako batera joaten direnean edo alokatzen dutenean.
Pertsona helduek orokorrean eta batez ere guraso askok arrisku-lekutzat ditugu lokal horiek. Ezagutzen duguna kezkagarria da, baina ezagutzen ez dugunak izua eragiten digu.
Hainbat gauzek kezkatzen gaituzte. Lehenik, baldintza fisikoekin zerikusia dutenek. Nahi genuke higienea (komuna, garbitasuna, aireztapena...) eta segurtasuna (elektrizitatea, sarrerak...) bermatuta izatea, besterik ezean Udalak jabeei emandako laguntzen bidez. Bigarrenik, zabor-janak eta, batez ere, drogen (tabakoaren alkoholare n, kannabisaren...) kontsumoak kezkatzen gaitu. Uste dugu gai horiek tratatu egin behar direla eta lokaletan bertan arriskuak prebenitzeko eta murrizteko proiektuak abiarazi behar direla.
Eta, hirugarrenik, aisia- eta astialdi-ereduak. Pantailen aurrean beste ezer egin gabe egoteak kezkatzen gaitu, bertatik irten gabe getho bat sortuta. Horren aurrean, uste dugu, beren eskubideak errespetatuz eta betebeharrak exijituz, gazteentzako politikek errealitate horiek, lokal horiek, kontuan hartu behar dituztela aisia-proiektuetan. Autokritika eginez amaitu nahi dugu; izan ere, nagusi diren aisiako, kontsumoko, bizitzako? ereduak guk helduon munduan eraikitakoak eta garatutakoak baitira. Beharbada, hori kontuan hartuko bagenu, konfiantza handiagoa izango genuke haien gaitasunetan.
