Sarrera
Nagore Narbaiza Udal eko Hezkuntza Teknikaria
Jolasa eta ludoteka
Gurasoek makina bat burukomin izaten dute seme-alaben aisialdia antolatzeko orduan. Jakin badakigu, aisialdian burutzen diren aktibitateek, gizakion heldutasun eta gizarteratze prozesuan izugarrizko garrantzia dutela. Horrez gain, jarduerok, baloreen transmisiorako ezinbesteko tresna dira. Aisialdirako eskaintza, oso zabala da Bergaran: kirola, musika, pintura, irakurketa, hizkuntzak... Baina, askotan, jolasa ahaztu egiten dugu. Jolasak izugarrizko garrantzia du haurraren heziketan; bere izaera finkatzen laguntzen du eta balioen eskala definitzen du. Jolasak eragin fisiko eta psikikoa dauka. Jolasa gozamenaren topalekua da, haurrentzako benetan erakargarria den jarduera, eta atseginez burutzen diren ekintzen potentzialtasun hezitzailea oso handia da: balioen transmisioa, jarrerak imitatu eta norberarena garatzea, euskara modu naturalean jaso eta erabiltzea, genero ikuspegia landu eta hezkidetza sustatzea, integrazioa, kultur aniztasunaren onarpena, ohituren transmisioa... Jolasa bideratu egin daiteke edo librea izan daiteke. Haurraren garapenean aktibitate ludikoa bultzatzeko gune egokiak beharrezkoak dira, baita baliabide materialak egoki erabiliko dituzten hezitzaile espezializatuak ere. Testuinguru horretan, LUDOTEKA daukagu. Zerbitzu hau, umeei zuzenduta egon arren, gurasoentzako baliabidea ere bada, semealaben heziketa prozesuan, elementu osagarria izango baita. Udal Ludoteka 3-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako zerbitzua da, jolas eta jostailuez hornitutako espazio hezitzailea.
Udal Ludoteka iaz arte, Errege Seminarioan zegoen, baina espazioaren egokitasunik eza zela eta, Agorrosin ireki zenean Udalak, bertan kokatu zuen. Gaur egun, Ludoteka Agorrosin Ekintza Guneko 2. solairuan dago. Bertan Xipizaroko hezitzaileak daude. Orain arte, Ludotekako funtzionamenduak gorabehera handiak izan ditu, baina 2007/2008 ikasturterako, Xipizarorekin batera, zerbitzuaren aldeko apostua egin du Udalak. Orain arteko esperientziak eskarmentu bezala balio izan du eta ikasturte berrirako profesional berriekin hasiko gara lanean.
Artikulu honekin, nire asmoa jolasak duen garrantzia azpimarratzea izan da, Ludotekako hezitzaileak, zuen seme-alaben garapen eta heziketa prozesuan bidelagun izango dituzue. Informazio gehiago jaso nahi baduzue, hemen duzue bidea:
LUDOTEKA:
- Egutegia: astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara
- Tokia: Agorrosingo 2. pisuan
- Telefonoa: 943777095
Hemendik doa bada, LUDOTEKA ezagutzeko gonbita! Laster arte!
