Ba al dute haur txikiek sexualitaterik?
Larraitz Arando Ilarduia Psikologoa eta sexologoa
Sigmound Freud (1856-1939), psikoanalisiaren aita zena, izan zen haurrek sexualitatea zutela aldarrikatu zuen lehenetarikoa. Garai haietarako aitortza ausarta izan zen berea, jendartearentzat esandako hori eskandalu hutsa baitzen. Atzetik etorri diren hainbat zientifiko eta adituk egiaztatu dute haurren sexualitatearen existentzia. Sexualitatea, emakume edo gizon izateko bizitza osoan egiten dugun ibilbideko bizipenek osatzen dute. Sexuatze-prozesu horretan hainbat faktorek eragiten dute, biologikoek eta sozialek, adibidez.
Hurrengo lerroetan, hezkuntzaren bitartez landu ditzakegun horietariko batzuk aipatuko ditugu; haurren sexualitatea eta horren barruan dugun taburen bat edo beste landuz. Garapen osasuntsu bat izateko beharrezkoa da haurrek beren gorputza ukitzea eta honen bitartez sentsazio ezberdinak esploratzea. Zorionez, bi urteko edo gutxiagoko haurrek beraien gorputz atalak arakatzeko joera dute; belarriak, ileak, besoak... aztertzen dituzte. Horretan ari direla ikusten ohituak gaude. Ez gara harritzen. Halere, gorputz atal denekin ez da berdin. Genitalak ukitu eta hauek esploratzen ari direla ohartzean, helduon erreakzioa ez da berbera izaten. Harritu, beldurtu eta lotsatu egiten gara maiz. Zergatik? Telebistan, aldizkarietan, kalean... haurren sexualitatea ez da existitzen. Horien arabera, pentsa genezake haurrek ez dutela sexualitaterik, baina uste hori badugu, oker gabiltza. Haurrak pertsona sexudunak direnez, sexua daukate. Haurdunaldian hasten den sexuatze- prozesuak jaiotza ondoren ere jarraitzen du. Bizitzako lehenengo urteetan sexu bateko nahiz besteko bilakatzen jarraitzen baitugu. Txikitan, oraindik hilabete gutxi dutela, jabetzen dira gorputz bat direla, amarengandik aparte dagoen gorputz bat. Inguruaren ezagutza areagotzeko, garrantzitsua da lehenik beren gorputzaren funtzionamendua ezagutzea. Eta, horretarako, bide aproposa izan daiteke gorputzak sortzen dizkien sentsazioak esperimentatzea. Aurreraxeago, guztiok gorputz ezberdinak ditugula ohartu eta sexuak bereizten hasiko dira.
MASTURBAZIOA HAURTZAROAN
Heldu asko harritu egiten gara haurrak masturbatzen ikustean. Gero, ikusitakoa helduon sexualitatearekin parekatzen dugu eta hortik abiatutako ondorioak ateratzeko joera ere izaten da. Adin honetan hau egiten badu... gero zer egingo du? Eta horrelakoak pentsatuz sortzen zaizkigun mamuak ezin izaten ditugu uxatu. Haurrek, berriz, ez dute masturbazioa helduon sexualitatearen testuinguru berean kokatzen. Askoz xume eta praktikoagoa da beraien helburua. Masturbazioa plazerra sentitzeko ekintza hutsa da beraientzat; jatea, kaka egitea, lo egitea, barre egitea... bezalaxe. Behin frogatutakoak sortutako bizipen eta sentsazioa gustatuta, baliteke berriz bizipen horiek lortzeko ahaleginak egitea. Logikazkoa eta ulergarria. Azken batean, gorputzarekiko ezagutza handitu eta honen bitartez plazerra sentitzeko bide bat da. Oraindik ere, haurren masturbazioak gai tabua izaten jarraitzen du eta horrek guztiak baldintzatu egiten ditu, haurren masturbazioaren aurrean, helduok izaten ditugun erreakzioak, guregan harridura, beldurra eta ezustea sortuz. Hori dela eta, zaila izaten da askotan zortzi hilabeteko seme-alaba masturbatzen dela onartzea. Onartu ondoren, ingurukoekin gaiaren inguruan mintzatzea ere ez da oso erraza izaten. Lotsatu egiten gara eta etxeko sekretu gisa gorde nahi izaten dugu. Jakin, egoera honetan bazaude, guraso ugari daudela zure egoera antzekoan. Errealitate hau isilik gordetzea erabakitzen badugu, haurrek sexualitaterik ez dutela esaten duten sinismenak bultzatuko ditugu, beste hainbat urte eta hamarkadatan. Izan kontuan zure seme-alabaren kasua ez dela gauza arraroa, ez da kasu bakarra.
Agian, hori onartu eta azalaraztea urrats inportantea izan liteke egoera antzekoan dauden haur eta gurasoentzat. Baita gerora etorriko direnentzat ere.
HAURREN MASTURBAZIOA NOLAKOA DA?
Haur batzuk, beraz, genitalak zuzenean ukituz edo zerbaitekin igurtziz masturbatzen dira. Gehienetan kasualitatez deskubritutako fenomenoa izaten da. Ohearen izkinarekin, panpinen batekin, mantaren batekin... igurtziarekin egindako aurkikuntza. Behin igurtzi horrek sortutako sentsazioarekin ongi sentitu da eta sentsazioa luzatzen edo errepikatzen saiatuko da. Haurra bizipen honetan murgildurik dagoenean, exzitatuta eta izerditan dagoela antzemango zaio. Baliteke momentu batean kli- max antzeko bizipena izatea haurrak. Honen ostean, haurra lasaitu egingo da. Behin egiteak ez du esan nahi gerora aldiro egingo duenik; batzuek errepikatu egingo dute eta beste batzuk berriz ez.
ESKOLA, PARKEAN, MASTURBATZEN BADA ZER?
Helduok sexu jolasak leku intimoekin lotzen ditugu. Leku ezkutu, ilun eta izarapekoekin. Gure kulturaren oinordea. Bai, bai... jada jakin badakigu, sexu harremanak naturalak direla, onak..., baina hain onak izanda, zergatik dira ezkutuan egin beharrekoak? Hona hemen gure kulturak idatzi gabe duen arauetako bat. Kontua da, haur txikiek oraindik ez dituztela arau horiek barneratu eta beraientzat gustagarria dena edonon egiteko aukera dutela uste dute. Ondorioz, lasai asko masturbatu daitezke parkean, ikasgelan, sukaldean... Helduok masturbazioa gauza ona izan daitekeela dakigun arren, gure erreakzioek sarri ez dute hori esaten. Hori dela eta, haurra berehala ohartuko da helduon erreakzioak ez direla hain natural eta onak izaten. Horren eraginez, haurra konturatzen da egiten dabilen hori, gurasoentzat behintzat, ez dela merienda jan edo abestea bezain ekintza arrunta. Zerbait berezia du gurasoentzat egiten dabilen horrek; urduri jarri baitira, deseroso sentitu baititu,... hau misterioa! Horrelako gertaeren bitartez, haurra gure jendarteko arau inplizituak barneratzen joango da.
Horrelakotan garrantzitsua da haurrarekin intimitate kontzeptua lantzea; intimitate momentuak, lekuak... irakatsiz, horrelakoak non egin eta non ez aukera dezaten.
MASTURBATZEAREN ONDORIOAK
Masturbatzeak ez du zertan izan arazoren baten adierazle. Orokorrean ez du ondorio kaltegarririk. Alderantzizkoa azpimarratuko nuke, masturbatzeak haurrak bere gorputzarengan duen jakintza areagotzen du eta honek bizitzako beste arlo guztietan lagunduko dio. Izan ere, norberaren gorputza, sortu ahal dizkigun sentsazioak eta izan ditzakeen erreakzioak ezagutzeak ingurua segurtasun gehiagoz arakatzen lagun diezaieke haurrei. Fisiologikoki ere ez du ondorio kaltegarririk; horretan ere garrantzitsua izan daiteke alderantzizkoa azpimarratzea: gorputza erlaxatu, oxigeno gehiago hartu, odolaren zirkulazioa hobetu... haurrak bizi dituen momentu estresanteen aurkako erremedio egokia izan daiteke.
