Bergara.net

Gurasoen galderak

1) Lau urteko seme bat daukagu, oso atsegina oro har; ondo lo egiten du, ongi jaten du, nahiko lasaia eta maitagarria da. Baina asko haserretzen den umea da, urtebete zuenetik kasketak hartzen ditu edozein tontakeriagatik. Adibidez: euria denean eta botarik ipini gura ez duenean, edo bere laguntxo bati agur egin behar diogunean, etab. Kasketa horiek minutu batzuk irauten dute, baina negarrez eta oihuka hasten da, haserrealdi hori pasatu arte, eta berriro ere betiko ume maitekorra izatera pasatzen da... Umea horrela ikusteak penatu egiten gaitu, jakin baitakigu berak gaizki pasatzen duela eta guk ere bai.

Ohikoa da adin honetako umeen portaeran kasketak agertzea. Hurrengo urteetatik aurrera, besteen ikuspuntuan jartzen hasiko dira eta haserrealdiak, behar bezala tratatu badira, gutxitzen joango dira. Aholkuetako batzuk hurrengoak izan daitezke:

1. Norbere tenperamentua kontrolatu. Ume batek kasketa bat duenean, kontrola erabat galtzen du eta berari oihu egiteak ez du eraginik izango, alderantziz, egoera okertu egingo du. Horretarako:

  • Haserrea era argi baina laburrean azaldu, errua bota barik edo umea etiketatzea ekiditeko (Jon, gaiztoa zara eta amatxo haserretzen ari zara esan beharrean *Jon, haserretzen ari naiz? esan).
  • Ez erabili ez irainik ezta biraorik ere, umea ikaratzea eta urduritzea baino ez duzuelako lortuko eta, beraz, portaera berarekin jarraitzeko probabilitateak gora egingo du, erreakzio hori probokatzen baitu.
  • Kontrolerako hitz laburrak erabili, esaterako, bale edo nahikoa da. Azalpen luzeak baino eraginkorragoak izango dira.
  • Bere eskakizunari ez diozuela kasurik egingo era lasai eta argiz jakinarazi: Jon, sentitzen dut, baina ez dizkizut gozoki hauek erosiko.
  • Umea negarrez, oihuka edo ostikoz joka hasten bada, oso argi utziozue ez diozuela kasu egingo beste modu batez jokatu arte, baina ezabatu nahi duzuen portaera negatiboari buruz hitz egin gabe, izan ere, portaera hori aipatzen baduzue handiagotuko baita (Jon, aitak ez dizu kasurik egingo lasaitu arte).
  • Hitzaldian isiluneak sartu, hitzek eragina izan dezaten; horrek zuei lasaitzen lagunduko dizue eta berari esaten diozuena hobeto ulertzeko.
  • Astiro hitz egin, lasaitasunez eta esaten duzuenak nahi duzuen eragina izango duelako segurtasunarekin.
  • Kasketa edo portaera desegoki batekin bukatu nahi duzuenean, ez barrerik egin, mezu kontraesankorra emango duzue eta.
  • Egoeratik aldendu (pausu batzuk nahikoa izango dira) edo buelta eman, arreta kentzea errazteko.

2. Ikuspuntua ez galdu. Kasketek izugarri desgastatzen dute eta familia xahutu dezakete, baina garapeneko fase normal baten parte dira (1-6 urte), ume gehienenak dira.

3. Ez lotsatu. Umeen amorru erakuspena oso deserosoa da jendearen aurrean gertatzen denean, baina egoerak ez dizue umearen antojuen aurrean amore ematera bultzatu behar. Ikusle gehienek egoera ulertzen dute eta ez zaituzte epaituko.

4. Ahal duzuenean, kasketak ekidin. Egoera zehatz batzuetan kasketak gehiago ematen badira (bere anaiarrebekin jolastean edo supermerkatuan), egoera hauek ahal den bakoitzean gehiago kontrolatzen saiatu (arnasketa azkarragoa eta azalekoa da, betondoa zimurtzen da). Haserretzen ari direla ikusten baduzue, une gorenera iritsi baino lehen lasaitzen saiatu. Beste estrategia bat jostailu zehatz batekin euren arreta bideratzen saiatzea da, edo zerbait egiten laguntzeko eskatu (supermerkatuan).

5. Ez amore eman. Adin hauetako umeen aurrean amore ez emateko ahal duzuen guztia egin behar duzue. Umeek ez dute somatu behar euren kasketa zaratatsua denean nahi dutena lortzen dutela. Onartzen duzuena eta onartzen ez duzuena mugatu behar duzue.

2) Jakin nahiko nuke nola jokatu etxeko-lanak egin edo egunero irakurtzeko orduan 8 urteko alabak beti uko egiten duenean eta eguneroko borroka bihurtzen denean. Hau da, umea nola motibatu inork behartu gabe bere kabuz jakin dezan zer egin behar duen ?

Alde batetik, adin honekin garrantzitsua da ikasketa ohitura sortzea: eguneroko eta beharrezko ohitura bat izan dadila, egunero gutxi gorabehera denbora berbera iraun dezala eta toki eta ordu berean eginda. Gure laguntza ikasketarako motibaziora zuzendu behar da. Bere ikasketen aurrean interes handia azalduz eta bere etxeko-lanei garrantzi handia eskainiz lortzen da hori. Ongi egiten dituen lanak eta eguneroko lorpen txikiak kontuan hartzen diren neurrian, ahaleginean jarraitzera animatuko duzue.

Lan pertsonaleko denbora horrek balioko du oinarrizko ahalmen batzuen heziketan eragina izateko; esaterako, arreta, iraunkortasuna, lanean saiatzea, ardura, txukuntasuna eta antolaketa balioak lantzeko.

Horietako ahalmen batzuk eskolan ere garatzen dituzte baina, oinarrizkoak direnez, interesgarria da euren garapenean zuzenean ere parte hartzea.

Lanak eta denbora librea aurretik antolatzea garrantzitsua da, izan ere:

  • Kontzentrazioa bultzatzen du. Egin beharreko ariketan arreta jartzea errazagoa da ariketa horretarako denbora zehatz bat baldin badago.
  • Norberaren errendimenduaz jabetu eta esfortzuak erregulatzeko balio du.
  • Egin beharreko ariketen pilaketak sortzen duen kezka edo angustiaz libratzeko balio du. Garrantzitsua da umearekin batera ikasketa-ordutegi eraginkorra planifikatu eta diseinatzea, eta programaketa aproposa egitearen abantailak ikustaraztea. Helburua da zuen alabak aurretiko antolaketa baten emaitza positiboak ikustearena. Ikasketa-plan eraginkorra horrelakoa izango litzateke:
  • Pertsonala: ezarri behar da ikasteko eguneko zein momentu den egokiena, normalean eskolaz kanpoko zein aktibitate egiten den zehaztuz eta atsedena eta aisiarako beharrezko denbora tarteak ere utziz.
  • Errealista: komenigarria da lana bete ahal izateko moduan programatzea. Batez ere hasieran, lana betetzeko gai dela sentitu behar du zuen alabak, adore-gabezia, frustrazioa edo gaitzespena ager ez daitezen. Irakasgai zailenei eta etxeko-lanak egiteko ordenari arreta berezia eskaini behar zaie. Hobe da zailtasun ertainekoekin hasi eta geroago zailenetara pasatzea, errazenekin bukatzeko.
  • Malgua: ustekabekoetarako prest dagoena, salbuespenen aurrean alda daitekeena. Behar bada, ariketa bati eskainitako denbora handitu edo murriztu beharko da ariketa horrek zuen alabari eskatzen dion esfortzuaren edo dedikazioaren arabera.
  • Idatzizkoa: 8 urte dituenez, egin beharreko ariketak azaltzen dituen marrazki-taula bat egitea gomendatzen dugu.

Oharra: zure zalantzak erantzunak izatea nahi baduzu, ondoko eran egin dezakezu: Prebentziorako Zerbitzura telefonoz deituta edota E-maila idatzi eta erantzuna hurrengo atalean argitaratuko dugu. Telf.: 943 77 91 26 E-maila: aloidi@bergara.net.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI