Nola orientatu seme-alabak ikasketen aukeraketan
"Bokaziorako orientazio"-az hitz egiten dugunean, ez dihardugu lanbide edota lan bat aukeratzeaz soilik, baita bizimodu bat hautatzea ere.
Beraz, hautaketa hori egitean, gazteak identitatea eta nortasuna eratzen ari direla jakin behar dugu eta, horren bidez, bizi diren gizartean eginkizun bat bereganatzen ari direla. Bokazio-orientazioaren bidez, batetik, gazteei lan-munduan sartzeko erraztasunak ematen zaizkie, batez ere, dituzten aukerak, motibazioak, mugak eta interesak oinarri hartuta eta, bestetik, inguruak ezarritako erraztasunak edota oztopoak aintzat hartuta. Beraz, eginkizun garrantzitsua da gazteei euren bokazioa aurkitzeko aholkuak eta laguntza ematea, eta hobekien egin dezaketen kultura- edo lanbide- jarduerarako orientazioa ematea (Aguirre Baztán, 1996).
Aditu batzuek (Aguirre Baztán, 1996) kontuan hartu beharreko oinarrizko helburuak zeintzuk diren gogorarazi dute, bai hezkuntzaingurunean, bai nerabearen hurbileko ingurunean (familian).
Hezkuntza-zentroetako espezialistek nerabearen gaitasunak, errendimendua, motibazioak eta interesak, adimena eta trebetasunak, nortasuna eta abar identifikatu behar dituzte, ebaluazio indibidualizatu baten bidez, eta horren berri eman. Modu horretan, ingurune akademikoak zein ingurune profesionalak eskaintzen dituen benetako aukerak nerabearen profilari egokituta erakutsi ahal izango dituzte.
Modu berean, zentroko adituek gurasoengana jo behar dute aurretik aipatutako emaitzei buruzko informazioa emateko eta, modu horretan, seme-alabei euren banakako errealitatearen eta gizarte-errealitatearen (ingurunearen aukerak) inguruan aholkuak eta babesa emateko Nolanahi ere den, oso garrantzitsua da seme-alaben hautaketa askean zuzeneko esku-hartzerik ez egotea.
Amaitzeko, gogoan izan behar da hezkuntza-zentroak eman behar diola ikasleari etengabeko orientazio- eta aholkularitza-zerbitzu hori, horrela, lan-aniztasunerako eta -mugikortasunerako prestatuko baitituzte. Horrez gain, zentroak informazioa emango die teknologia berrien jarraipenari, laneskaintzari, eta abarri buruz.
Horren guztiaren xedea gazteak lanbide-etorkizunaren inguruan erabaki egokia hartu ahal izatea da.
Zerk eragiten du bokazio hautaketa
1. Nerabearen motibazioak. Subjektuaren motibazioetan familia inguruneak eragina izan dezake, arlo zehatz bat hautatzeko presioa egin dezake-eta; horrez gain, parekoen inguruneak (lagunak) ere edo, amaitzeko, irakurri duen horretan, komunikabideetan ikusi duen horretan, etab. oinarritutako gustu eta lehentasunek ere eragina izan dezakete motibazioan.
2. Jarrerak.
Lan-aukera bati edo beste bati modu positiboan edo negatiboan erantzuteko joerari dagozkie. Lan batekiko edo beste batekiko jarrerak eta lan horiek eragindako iritzia hiru osagairen araberakoa izan daiteke: osagai kognitiboa (gaiari buruz irakurri duguna, ikasi duguna...), osagai afektiboa (lan jakin batek eragin ditzakeen sentimenduak eta gogamen-moldeak) eta osagai konduktuala (lan bat edo beste bat hautatzeko nahia).
3. Trebetasunak edota gaitasunak.
Subjektu bakoitzaren gaitasun hauek izan daitezke adimenekoak (ulermena eta hitz-jarioa, zenbakiei lotutakoak, espazialak eta mekanikoak, arrazonamendua, oroimena...), psikomotorrak, fisikoak, artistikoak eta zentzumenei lotutakoak, eta nerabe bakoitzaren esku-trebetasunak.
4. Interesak.
Trebetasunekin batera, interesak bokazio-hautaketaren gida dira, eta motibazioari estu-estutik lotuta daude. Nork bere burua zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta errealistagoa izango da hautaketa, eta norberaren interesen esparruan trebetasunak hobetu egingo dira. Argi dago aurretik aipatutako faktoreez gain, nerabeek familiaren, lagun-taldearen, hezkuntza-zentroaren eta komunikabideen eragina jasotzen dutela. Horiek guztiek ezagutzak transmititzen dituzte, eta horien bidez norberaren eta taldearen identitatea eratzen da. Komunikabideek, hain zuzen ere, boterea, ospe ona, aisia, plazerra, kontsumoa eta abar baloratzea transmititu dezakete, eta baliteke hori nerabearentzat egokia den lanerrealitatearen aurkakoa izatea.
Familia, hezkuntza-zentroarekin batera, gaztearengandik hurbilen dagoen ingurunea da, eta lanbidea hautatzerakoan eragin positiboa zein negatiboa izan dezake. Batzuetan, seme-alabak euren kabuz hautatzeko nahiko helduak ez direla pentsa daiteke; beste batzuetan, seme-alabek gurasoek egin ez dutena lortzea nahi izaten da, gehienetan seme-alaben etorkizunerako onena dela pentsatuta. Eta beste batzuetan, lanbide batzuk beste batzuk baino gehiago baloratuz, heziketa ematen den ingurune sozialaren arabera.
Honakoa gomendatzen da:
- Familiek, seme-alabak lan-arlo desberdinetako espezialistekin harremanetan jar ditzakete (lagunak, ezagunak, etab.), horiek lanbide- jarduerei buruzko informazioa eman diezaiekete eta.
- Garrantzitsua da etxean gai horri buruz hitz egitea. Gurasoek seme-alabei entzun behar diete eta ulertu egin behar dituzte eta, aldi berean, nerabeengandik zer espero duten jakin eta argi eta garbi adierazi behar dute, azken hautaketan eragiteko asmorik izan gabe.
- Seme-alaben erabakiaren alde agertu behar dira, erabaki horren zergatiak argitzen lagundu behar dute, eta erabaki horren ondorioak eta erabaki horren alderdi egokiak edo desegokiak azaldu behar dizkiete.
- Garrantzitsua da nerabea babestuta sentitzea, bere hautaketa
familiarentzat interesgarria dela jakinez. Familiak nerabea gidatu behar du, baina ez kontrolatu.
- Gogoan izan seme-alaba arduraduna dela eta erabakiak hartzeko gai dela.
- Gurasoek eta seme-alabek bat egiten ez badute, gai horren inguruko aditu batek esku hartzea komeni da.
