Bergara.net

Gurasoen galderak

Jose Ramon Fernandez (Psikologoa, Psikologia konduktualeko kabinetea) c/ Ramon Maria Lili 2 BERGARA. Tlf: 943765939

1) 11 urteko semea daukat eta ez zait gustatzen berak dauzkan lagunetako bat. Nire ustez lagun horrek ez dio onik egiten, baina semeak beti jolastu nahi du lagun horrekin. Zer egin dezaket nik semea konturatu dadin lagun hori ez dela ona berarentzat?

Pertsonek gizartean onartuta daudela nabaritu behar dute eta adoleszentzian berebiziko garrantzia hartzen du "taldeko partaide" sentitu beharrak. Etapa horretan, guraso asko gero eta gehiago arduratzen dira beren seme-alaben lagunek haiengan izan dezaketen eraginaz; beldur dira lagunek ez ote dieten gehiegi eragiten, beraien eragina gero eta txikiagoa den heinean. Nahi ez ditugun egoerak gerta ez daitezen gurasook lagun diezaiekegu, eta lagundu behar diegu, lagun onak aukeratzen. Seme-alabaren lagunak ezagutzen saiatuko gara, merezi du eta. Horretarako, etxea utziko diogu bertan elkartzeko, hitz egiteko, musika entzuteko, pelikulak ikusteko,.. Festetara, partidetara eta kontzertuetara eraman itzazu eta bueltan ekartzeko prest zaudela esaiezu. Lagunekin egiten duena eta nora doan zaindu. Beren gurasoek beraiek non eta norekin dauden eta zer egiten ari diren badakitela dakiten gazte adoleszenteek ez dute hain erraz beren osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen. Seme-alaba beste etxe batean dagoela ziurtatu nahi duzunean, ez eduki zalantzarik eta bertara deitu, eta berarekin daudenak, dagoen lekua edo egiten ari dena berarentzat egokia ez dela uste baduzu, ez eduki beldurrik eta "EZETZ" esaiozu.

Egoera zailak nola ebitatu erakutsi iezaiozu. Seme-alabarekin hitz egin eta erakutsi iezaiozu nola egin aurre taldeak etxeko arauak ez errespetatzeko edo irakasten ari zaizkion baloreen aurka joateko egiten dion presioari. Seme-alabarekin berak bizi ditzakeen egoerei eta egoera horietatik ateratzeko dauden alternatibei buruz hitz egin, horrela seguruago sentituko baita egoera horiei aurre egin behar dienean.

Kasu zehatz honetan, lehenik eta behin ikasiko dugu seme-alabaren lagunak duten itxuragatik ez juzkatzen. Hala ere, ondo-ondo aztertu ondoren lagun hori seme-alabari ez zaiola komeni pentsatzen jarraitzen badugu, ez diogu etengabe esango uste dugun hori; izan ere, ez badiogu lagunarekin erlazionatzen uzten gure kontra jar daiteke, gurasoen eta seme-alabaren arteko harremana eta konfiantza zenbaterainokoa den. Edozelan ere, erabil daitekeen estrategia bat da (epe ertainera) adieraztea ez zaudela lasai duen lagun horrekin eta azaltzea zergatik den. Lagun horrekin jarraitzea komeni zaion ala ez pentsatu beharko du eta horretan ondo lagundu diezaiokegu, elkarrekin gogoeta eginaz ea hura ezagutzen duenetik eskolan nota txarragoak dituen, hitz iraintsu gehiago esaten dituen, bere janzkera erabat aldatu duen, etab. Era berean komeni da, lagun horrekin egoteko aukera erabat ukatu gabe, mugatzea lagun horrekin egoteko uzten zaion denbora eta berarekin egitea uzten zaizkion ekintzak, bai eta hain problematikoak ez diren beste lagun batzuekin elkartzeko eta egoteko erraztasunak ematea ere. Baina ezin da ahaztu etxean ikasitako balore moralak sendoak badira, "konpainia txarrak" aldi baterako baino ez direla izango.

2) Hiru urteko semea daukagu; etxeko lehenengo haurra da eta gaur arte berarentzat baino ez genituen begiak. Orain dela gutxi alaba bat izan dugu eta seme nagusiaren jokabidea aldakorra bihurtu da, batzuetan maitagarria da eta beste batzuetan gorrotagarria. Badakigu jokabide naturala dela baina arduratuta gaude eta ezin dugu hori ebitatu.

Jaioberri batek etxe bateko eguneroko erritmoa apurtzen du nahitaez. Beraz, dena bere onera bueltatu arte, behar bada anaia baztertuta senti daiteke. Hori gertatzen ohi da haurrak jeloskor daudenean. Beraiei kasu egitea eta maitasuna eta beste onura batzuk lortu nahi dute, eta horregatik agertzen dira gure aurrean agertzen diren bezala. Beren mundua kolokan ikusten dutenean, beren burua eta beren gauzak babestu nahian, berezko joera baitute, gauza harrigarriak egiten dituzte, harrigarriak bai guretzat bai beraien-tzat.

Hori dena ebitatzearren, familia bakoitzak erantzuna egokia bilatu behar du, bere errealitatea eta haurraren izaera kontuan hartuta. Dena den, badira zenbait jokabide ebitatu beharrekoak: haurra jeloskor dagoela ukatzea, guraso edo bikotekide moduan jeloskor jokatzea, anai-arreben artean pribilegioak ezartzea, anai-arrebak konparatzea edo bata bestea baino hobea dela esatea, errua beti berberari botatzea, bati bestearen portaera txarraren erantzule egitea eta sistematikoki anaiarreben arteko liskarrak ebitatzea, liskarrak, gehiegizko erasoetara edo eraso fisikoetara heldu gabe, positiboa delako, haien arteko gatazkak konpontzen ikasteko balio dute eta.

Bestalde, badira beste jokabide batzuk benetan lagungarri izango ditugunak: Zeloak onartzea, denbora bat hartzea seme-alabekin hitz egiteko eta haiei entzuteko, seme bakoitza era desberdinean tratatzea bakoitzak dauzkan premiak kontuan izanda, pribilegioak ezarri gabe; ez gehiegi kezkatzea atzera egiten dutela ikusten badugu eta horri kasu gehiegi egin gabe; seme-alabei informatzea eta azalpenak ematea beren bizitza aldaketa handiak ekar ditzaketen gertaerei buruz. Hitz batez, semeari edo alabari kasu egiten badiogu, denbora tartetxo bat eskaintzen badiogu, bakarka tratatzen badugu nahi duen guztia eman gabe, zeloek ez diotela gauza onik ekartzen ulertuko du eta zeloak gainditu ahal izango ditu.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI