Baina zer egiten ari gara gure haurrekin?
Alvaro Iruin Psikiatra. Osakidetzako Gipuzkoako ospitaletik kanpoko osasun mentaleko gerentea eta laguntza psikoatrikoko eta osasun mentaleko arduraduna
Aldizkari honen 7. zenbakian, 2006ko apirilekoan, haurrak zaintzeari buruzko hainbat "aholku" zetozen azken orrialdean. Ondorengo lerroetan aholku horietako batzuei buruz hitz egin nahi nuke. Egia esan, nahiz eta aipaturiko aholkuok oinarrizkoak izan, badirudi gurasooi orokorrean zailegi egiten zaigula horiek aurrera eramatea. Esate baterako, gurasoen arauak edo gure semealabekin jolasteko eguneroko denbora- tartea, pixkanaka galduz doaz gaur egungo familia askotan. Lehenik eta behin, begiratu dezagun zer testuingurutan bizi diren gaur egungo neska-mutikoak. Eskola-aldian, goizez hasi eta arratsalde erdian bukatzen da horien eguneko jardueren programa. Denbora horretan, ikastetxeko kideekin eta irakasleekin egoten dira haurrak.
Kasuen ehuneko handi batean, ikastetxean bazkalduko du haurrak eta arratsalde erdialdera etxera joango da. Askotan, familiar batek jasoko du eta "eskolaz kanpoko" jardueraren batera eramango du. Gure gizarte-ereduan eskolako jarduerek baino garrantzia handiagoa dutela dirudi eskolaz kanpoko jarduerek. Egia esan, inork ez daki zergatik eman diegun jarduera horiei horrelako derrigortasuna; gaur egun pentsaezina da gure seme-alabek ?eskolaz kanpoko? jarduerarik ez egitea: hizkuntzak ikastea, musika eta instrumentuak jotzen ikastea edo helburu erdi-profesionalekin kirolak egitea. Horien ostean, etxera itzuliko da kanpoan 10 ordu edo gehiago egon ondoren eta "etxeko lanei" egin beharko die aurre. Horretarako, beharrezko kontzentrazio- gaitasuna eta interes-maila izan beharko du, eta egiten ari dena benetan ulertzeko laguntza. Halere, kasurik onenean, haren gurasoek edo arduradunek, lan-egun luze eta gatazkatsu baten ondoren, bakarrik egoteko lasaitasun-une bat besterik ez dute nahiko etxera itzultzerakoan. Ondoren, afaltzeko ordua etorriko da eta afalostean oheratzekoa. Hori da egungo gurasoek galdu ez dugun arauetariko bat, baina balio eztabaidagarria duena. Elikadurarekin batera, familian arazo gehien ematen duenetarikoa da oheratzeko ordua. Une zailak dira ordu horiek, eta eguneko lasaitasun, konpainia, afektu eta ongizate apurra lortzeko borrokatzen dira familiako kide guztiak. Dirudienez denen beharrak batzea ezinezkoa izan ohi da. Horrela bada, lo egiteko eta hurrengo egunerako suspertzeko ordua helduko da.
Eguneroko funtzionamendu-eskema hori estresagarria da nagusi askorentzat. Hori dela eta, honako galdera hau egin nahi nizueke: eta haurrentzat? Galdera horri erantzuna aurkitzeko, beharbada nahikoa izan daiteke antsietate- eta tristura-bizipenekin lotura duten sintomatologiengatik haurrentzako eta gazteentzako kontsulta pskiatrikoetan izan diren aldaketei begiratzea. Egiazki, azken 10-15 urteetan, psikiatria- arretan arrazoi horregatik izandako kontsulta-kopurua asko handitu da bai nagusien artean, bai haurren artean.
Nahiz eta lan- eta bizitza-erritmoa hainbat alderdik baldintzatzen duten eta nagusiek eginiko aukera den, haurrak gurasoen nahiaren eta beharren subjektu pasiboak dira, eta oso gaitasun txikia dute gurasoen erabakiei kontra egiteko. Haurrak ez ditu argi ikusten eta ulertzen familiaren funtzionamenduarauak, ezta zein den bere lekua familia- egituran. Hori dela eta, ez da gai jarri dioten funtzionamendu-eredua ulertzeko eta bere egiteko. Horrek haurrengan ziurgabetasun eta gabezia anitz sortzen ditu eta, zalantzarik gabe, gurasook gara horien erantzuleak. Ahalegin handiagoa egin behar dugu. Hasteko, muga eta arau argiak jarri behar ditugu familian, eta egoera berria haurrarentzat eramangarria izateko, beraien hazkuntzan maitasun eta laguntza gehiago eman behar diegu. Gurasoen ahotan behin baino gehiagotan entzun ohi dugu neska-mutikoak haurtxo izateari uzten diotenean bukatzen direla gauza onak. Hala ere, adin horretatik aurrerakoa da, hain zuzen, elkarren arteko elkarrekintzatik ikasteko eta, zalantzarik gabe, gure seme-alaba guztiek dituzten berebiziko gaitasunak aprobetxatzeko unerik onena. Ahalegin horrek, jakina, bere saria jasoko du, gure seme-alabek dituzten arazoetariko asko beraiei entzunez eta beraien izateko era onartuz konpontzen direla ikusten dugunean, kanpora, osasun-zerbitzuetara edo antzekoetara jo gabe.
