Jaio berrien ur jarduerak
Unai Asurmendi Etxarte Bergarako Kirol Teknikaria Heziketa Fisikoan Lizentziatua Igeri jardueretan espezializatua
Sarrera
Gure inguruko kiroldegietara begiratzea baino ez dago jaioberrien igeriketaren arrakastaz jabetzeko. Bertako itxaron zerrendek ondo baino hobeto adierazten digute gurasoek jarduera honetan duten interesa.
Elkarrizketa honetan, era zuzen, erraz eta azkar batean, gai honen inguruko hainbat alor jorratuko dira. Horretarako, udaleko kirol zerbitzuko arduradunarengana jo dugu.
Elkarrizketaren gaiari zuzenean helduz eta gurasoak gaiarekin lotzeko, hitz gutxitan, zer da jaioberrien igeriketa?
Hizkuntzarekin zehatzak eta heziketa fisikoaren pedagogiarekin leialak izan nahi badugu ezingo genuke Jaioberrien Igeriketa esamoldea erabili. Termino bereko bi hitzak ez dira zuzenenak. Batetik, jarduera honetan igeriketa irakasten ez delako eta bestetik, ekintza hauetan jaioberriak eta gurasoak elkar harremanetan daudelako. Hala ere, onartu beharra dut, kalean ahoz aho dabilen esamoldea jaioberrien igeriketa dela.
Beraz, termino zuzena zein izango litzateke?
Oraindik, adituen artean adostu gabe dago. Nigatik, jaio berri-guraso berrientzako ur jarduera oso polita iruditzen zait, batez ere, guraso-ume harremana azpimarratzen delako eta berau delako nire ustez, ekintza honetako ardatza.
Zeintzuk dira ekintza honen helburuak.
Helburuak bi mailatan bilduko nituzke. Lehenak, jaioberriari dagozkionak; eta bigarrenak, jaioberriaren eta bere gurasoaren arteko harremanetatik eratortzen direnak. Lehenengoari helduz esan, ur ingurua jaioberri batentzat eremu oso berezia dela. Zenbait psikologok diote jaioberri batentzako eremu naturalena dela amaren sabeleko egoeratik oso hurbil dagoelako. Nik horrenbeste esatera ez naiz ausartzen, egia borobila dena zera da: umeak uretan duen berezko prestakuntza da.
Jaioberri batek jaiotzen denetik bizirauteko berezko dituen hainbat erreflexu eta automatismo ditu. Horien artean, egon badaude ur eremutarako ezin hobeto datozkigunak.
Zeintzuk dira erreflexu hauek?
Batetik eta ezagunena, eztarria ixteko erreflexua. Jaioberria bere osotasunean uretan murgiltzen dugunean, honek arnas bideak urez bete ez daitezen, zintzur hesteko hodian dagoen balbula baten bidez arnas bideak itxiko ditu. Honi, Nahigabeko Apnea (apnea inconsciente) esaten zaio. Bestetik, ez urperatzeko gaitasuna dago. Jaioberri bat heldu batekin alderatzen badugu eta gorputz proportzioei erreparatzen badiogu, azkar asko arreta deituko diguna burua da. Jaioberri bat uretara botatzen badugu, gora igo araziko dion elementurik garrantzitsuena burua izango da. Buruak gorantz egiten duen flotagailuaren lanak egingo ditu.
Ba al da erreflexu gehiagorik?
Beso hanken bultzada saiakera hutsalak. Jaioberria uretan aske uzten dugunean, beso eta hankak mugitu egiten ditu. Askok keinu hau uretan propultsatu nahi duen umearekin lotzen dute. Ez da hala, mugimendu horiek oreka-desoreka mugimenduen saiakerak baino ez dira. Honekin batera, ur eremuak duen ezaugarri nagusi bat gogora ekarri behar dut: Grabitate urritasuna, lehorrean ez bezala grabitateak gutxiago eragiten du elementu likidoan. Irudika ezazu jaioberri bat bere maindirean.
Uretan askatasuna erabatekoa da: Gorputz-enborra bere osotasunean luza daiteke; gorputz adarrak eskuukondo- beso eta aldaka-belaun-oin giltzadurak erabateko anplitudetan mugi daitezke; buruaren pisua flotabilitateak konpentsatzen du. Non du jaioberri batek halako askatasunarekin mundua konkistatzeko aukera hoberik? Non du mugimendu berriak esperimentatzeko parada eraginkorragorik?
Erreflexu hauek guztiak muga eperik al dute?
Jaioberrien mundua mundu oso ezezaguna da. Denok pasa gara adin horietatik baina ezer gutxi gogoratzen dugu. Asko ikertu den arren, psikeari dagokionean oraindik orain oso gutxi dakigu. Ikertzaile batzuek diote erreflexu hauek 6-9 hilabete artean desagertzen direla eta horregatik, ezinbestekoa dela ur jarduera hauek 6 hilabetetik aurrera egitea.
Nire esperientziak eta beste lankide batzuekin izandako elkarrizketetan hau eztabaidatzeko gai ez gara ikusten. Guretzako argi dagoena zera da: 9 hilabeterekin edo urtebeterekin etorri diren guraso-umeek ez dituztela inongo arazorik izan planteatu diren proposamen didaktikoetan.
Beraz, zein da adinik egokiena ekintza honekin hasteko?
Ez dago adin zehatzik. Udalerri gehienetan, 6 hilabetetik aurrerako eskaintza egiten da. Nik neronek 6 hilabeteko muga begi onez ikusten dut. Hala ere, gauza bat argi eduki behar da adinik onena umeak berak markatuko duela. Gurasoek berek umea bainatzerakoan ikusiko dute umea prest eta gogoz dagoen ala gehiago itxoin egin behar den. Halako ekintzetan norberak bere erritmoak ditu eta garrantzitxo-ezinbestekoa horiek errespetatzea da.
Erritmoak errespetatzen badira eta lanak zuzen eta artez egiten badira, zeintzuk dira jarduera honen onurak?
Lehen aipatutako helburuen hariari helduta azalduko dizkizut onurak. Jaioberriarentzako onura zuzenak izango lirateke:
- Jarduera honek, garapen psikomotorra errazten duela, umeari eskaintzen zaion espazio konkista aukera berriagatik.
- Edozein gizakitan ariketa fisikoak dituen onura berberak erakarriko dizkio uretako jarduera honek jaioberriari: gaitasun fisikoen hobekuntza orokorra, aparatu lokomotorraren garapena errazten du, hezurren osaketan laguntzen du, bihotz arnas aparatuaren hobekuntza, sistema inmunologikoa kitzikatzen du, ...
- Zenbait ikerlarik (DIEM doktoreak, 1980) gaitasun intelektuala sustatzen duela diote.
Onura guzti hauek bereganatzeko zeintzuk dira bete beharreko baldintzak?
Haurrak gutxienez, 6 hilabete izan behar ditu. Uraren tenperatura 31º- 32º inguru egon behar du. Saioaren iraupenak 30 minututik gorago ez luke pasa behar. Batetik, haurrak hotz daitezkeelako; bestetik, saioen intentsitatea dela-eta. Jaioberriek jarduera hau oso bizi egiten zaie, emozioa pil-pilean dago. Horregatik ez da komeni saioak oso luzeak izatea.
Ur jardueren baldintzekin jarraituz, zein da gurasoek jarraitu beharreko irizpide garrantzitsuena?
Arreta eta entzumena. Umeak hitz egiten ez duen arren, asko esaten du. Gurasoek umearen beharrak ondo baino hobeto ezagutzen dituztenez beraiek izan behar dira haurraren irakaskuntza erritmoa markatu behar dutenak. Azken puntu honekin, aipatzen nuen bigarren helburu multzoa ukitzen dugu, nire ustez garrantzitsuena: Guraso-ume harremana da. Ekintza honen ?urrea? ur jardueraren bitartez guraso eta seme-alaben artean sortzen den harreman afektiboa da. Gizarte honek bultzatzen gaituen bizi erritmo zoroaren ondorioz, gurasoek geroz eta, denbora gutxiago konpartitzen dute beraien seme-alabekin. Ur jarduera hau aukera paregabea da gure seme-alabarekin esperientzi hobezin eta ahaztezin bat bizitzeko. Umeak gurasoarekin ikasten duen heinean ikasiko du gurasoak ere. Umearen konkista eta lorpenetan parte hartzea eta horiek guztiak elkarrekin konpartitzea bizitzako une hunkigarrienak izan daitezke. Ekintza hau gune eta une oso berezian bilakatuko da. Bertako begiraleak ekintzak proposatu baino ez ditu egingo, gurasoak umearekin batera izango dira bizi esperientzia honen ardatza.
Azken mezuren bat bidali nahi zenuke?
Bat baino bi mezu, lasaitasunarena eta ausardiarena. Guraso asko zoroan pare dabiltza umeak jarduera hauetan izen emateagatik. Udal asko gainezka daude eta ezin diote egoera honi aurre egin. Nik galdera batekin erantzun nahiko nuke. Momentu honetan lerro hauek irakurtzen ari zaretenon artean, zenbatek hartu duzue parte haur zinetenean mota hauetako ur jardueratan? Gabeziaren bat sortu dizue honek? Garapenean oztoporen bat erakarri dizue? Noski ezetz. Horregatik, eta hala ere, interes bizia baduzue ausardia gomendatzen dizuet. Zuek zeuk, guraso bezala, umea hartu eta igerilekuan sartu ezazue. Guraso berezko senak ondo baino hobeto bideratuko zaituztete egin daitezkeen eta ezin egin diren ekintzen artean. Umeak berak aginduko dizue zer duen gustuko eta zer ez.
!Al agua patos!, Laure Heston egilearena, (RBA libros, 2000.).
