Nerabezaroa eta sexualitatea
Iker Alvarez Hirusta programako psikologoa
- Ama, zurekin hitz egin nahi nukeesan zion Garazik amari. (Banekien nik arduratuta zebilela. Ziurrenik ez zuen ingeleseko azterketa gaindituko -pentsatu zuen amak).
- Bai maitea, goazen zure gelara, eta bertan hitz egingo dugu -erantzun zion, ahalik eta ulerkorren izaten saiatuz.
Ohe gainean jarri ziren eta, amak zer gertatzen zitzaion galdetzeko aukera izan aurretik, Garazi negarrez hasi zitzaion.
- Haurdun nago -lortu zuen esatea negar artean. Bere ama hitzik gabe geratu zen. Ezin zuen sinetsi entzundakoa. Errealitatea ukatu nahian, egoera horretan beste edozein amak esango lukeena esateko gai izan zen, doi-doi.
- Ziur al zaude?
- Baietz uste dut -esan zuen Garazik ahopean. Isilik geratu ziren biak. Amari Arkaitzen irudia etorri zitzaion burura, hainbat alditan Garaziz galdetuz etxera deitu zuen mutilaren irudia, eta alabak horri buruz hitz egitea ekiditen zuena. Beharbada bere alabaren mutil-laguna izango zen. Mutil horrenganako haserre ikaragarria sentitu zuen, baita bere alabarekiko ere. Nola egin ahal izan diote hori! Baina haserrea berehala erru-sentimendu bihurtu zen. Aspalditik bere muturren aurrean zuena ikusi nahi ez izateagatik errusentimendua. Argi zegoen Arkaitz bere alabaren mutil-laguna zela, dagoeneko Garazi ez baitzen neskato bat. Eta jakina, bere alabak Arkaitzekin harreman sexualak zituen. Ama gisa, bere neskatoa emakumea zela onartzea asko kostatzen zitzaion.
Garazik, berriz, beste pentsamendu batzuk zituen buruan. Gurasoen erantzunaren beldur zen. Haurdunaldiarekin aurrera jarraitzea erabakiko al zuen? Gurasoen laguntza jasoko al zuen? Arkaitz berekin izango al zen? Zalantza gehiegi ziren. Larritasuna sentitzen zuen eta ez zen gai argi pentsatzeko. Ezin zion negar egiteari utzi. Egoera hori bere lagunen errua zela pentsatu zuen, lagunek bultzatu zutela bera sexu-harremanak izatera, izan ere, berak izan ezik mundu guztiak sexu-harremanak izaten zituela zirudien. Ziurrenik ez zen hainbesterako izango, baina sentitzen zuen sexu-harremanak izatera bultzatu zutela, bere adinean mundu guztia modukoa izateko sexu-harremanak izatea beharrezkoa zela pentsaraziz. Gainera ikastetxean sexualitateari buruzko hitzaldiak ematen dizkigute! Nahiz eta amodiorik ez egin, ordura arte oso ondo zegoen Arkaitzekin. Berriz ere larritasunak hartu zuen. Hanka sartu zuela sentitzen zuen, eta inori errua botatzeak edo negar egiteak ez ziola ezertarako balioko. Ideiak argitzeko minutu batzuk hartu ostean, elkarri begiratu zioten. Beharbada biek pentsatu zuten, egoera horretara heldu aurretik norbaitekin hitz egin izan balute asko lagunduko ziela. Haurdun zegoen jakiteko probak egitea proposatu zion amak Garaziri, baina dirudienez oso azkar zen haurdun zegoen jakiteko. Zenbat denbora igaro zen eta hilekoa noiz zen etortzeko galdetu zion amak Garaziri. Zazpi eguneko atzerapena zuen hilekoak. Lasai egoteko esan zion amak Garaziri, aitak eta biek ahal zuten guztian lagunduko ziotela, eta saiatu zedila lo egiten eta atseden hartzen. Hurrengo egunean familia-plangintzako zentrora joango zirela informazio bila. Garazi lasaiago sentitu zen. Oheratu eta desagertu egin zitzaion itxarote larrigarriaren ondorioz egun horietan bildutako tentsioa. Lo hartzea lortu zuen. Hurrengo egunean ez zen beharrezkoa izan familia-plangintzako zentro batera joatea, Garazik hilekoa izan baitzuen.
Nerabe batek eta haren gurasoek sexualitatea nola bizi duten azaltzeko adibide egokia izan daiteke fikziozko egoera hori. Nerabezaroko sexualitatearen inguruko gai batzuk jorratu nahi ditugu adibide horrekin.
Nola bizi dute nerabeek sexualitatea?
Ohizkoa da nerabeek sexualitatea kontuzko gai gisa bizitzea. Sexualitateak hankaz gora jartzen du nerabeen bizitza eta ardura sortzen du nerabeengan; halere, ez da bat ere erraza izaten horri buruz hitz egitea.
Izan ere, nerabeek pubertaroan zehar (9-15 urte) izaten dituzten hainbat gorputz-aldaketen ondorioz, pertsona heldu baten gorputza izatera pasatzen baitira, horrek dituen aukerekin eta arriskuekin. Batzuetan, gorputz- aldaketa hori ez dator bat neska/mutikoaren heldutasunarekin, eta bi alde horien artean ez dago orekarik. Gorputz-aldaketa horiek bere haur-nortasuna erasotzen duten etsai gisa ikusi dezake nerabeak, edo bere gorputz berria aliatu gisa erabil dezake. Edonola ere, aldi horretan garrantzi handia izaten dute gorputzak eta sexualitateak.
Zergatik kostatzen zaie horrenbeste gurasoei seme-alabekin sexualitateari buruz hitz egitea?
Orokorrean, seme-alabekin, horiek nerabeak direnean, edozein gairi buruz hitz egitea asko kostatzen zaie gurasoei. Garai horretan, gurasoengandik aldentzeko joera dute semealabek; bestalde, ziurtasun-gabezia handia eta gurasoen premia izaten dute. Horregatik, ohikoa da nerabeek sexualitateari buruzko informazioa etxetik kanpo bilatzea. Gurasoek seme-alabak sexudun pertsona gisa ikusteko duten zailtasuna batzen zaio lehen aipatutakoari, seme-alabak haur izaten jarraitzea nahi izaten baitute. Gainera, gerta liteke seme-alaben sexualitateak gurasoei beraien bizitza sexualean izandako egoerak berriz ere gogoraraztea, edo gai horren inguruan seme-alaben aurrean ezjakin agertzeko beldurra sentitzea.
Zerk beldurtzen ditu gurasoak?
Seme-alaben arriskuzko jarrerak dira gurasoen beldurrik handienak. Hau da, neurririk ez hartzeagatik, antisorgailuak, haurdun geratzea edo sexutransmisiozko gaixotasunak hartzea.
Eta nerabeak?
Batzuetan nerabeek ez dakite antisorgailuak erabili gabe sexu-harremanak izatea arriskutsua dela, eta beraz, ezinbestekoa da gurasoek arrisku horien berri ematea seme-alabei. Gaur egun ezkontza aurreko sexuharremanak ez dira tabuak, lehen gertatzen zen moduan. Kasu askotan oso goiz ematen dira sexu-jokabideak (15-16 urte). Nahi gabeko haurdunaldiak, antisorgailuek eta, hein batean, sexu-transmisiozko gaixotasunek kezkatzen dituzte neskak. Adin horretako mutilen kasuan, bigarren mailan geratzen dira aipatu ditugun kezka horiek. Haurdun ez geratzeko ardura neskaren esku uzteko joera dute mutilek. Mutilek sexu-harremanetan kale ez egiteko ardura izaten dute, eta sexugaietan jakitunak direla erakustekoa. Biek izaten duten birjintasuna galtzeko kezka. Helduen munduan sartzeko igaro beharreko iniziazio-erritu gisa ikusten dute nerabeek birjintasuna galtzea. Baretzeko oso zailak diren beldurrak, fantasiak eta ziurtasungabeziak sortzen ditu birjintasuna galtzeko nahiak. Gainera, gaur egun helduen nortasuna bilatzeko orduan garrantzi handia du birjintasuna galtzeak, eta batez ere berdinen onespena lortzeko orduan. Helduek egiten dutenez, helduak izateko sexu-harremanak izatea beharrezko dela iruditzen zaie nerabeei. Hori dela eta, lehenengo esperientzia horrek nerabeen emozio-egoeretan duen garrantzia gutxiesteko ohitura dago.
Zein dira modu naturalean sexualitateari buruz hitz egiteko jarraibideak?
Jakingura eta zalantzak beti izango dituzte nerabeek. Horregatik, garrantzitsua da entzuterakoan interesa erakustea, gai horren inguruan ez moralizatzea eta ulerkorra izatea, nerabeek beren jakingura bete dezaten, ahal den neurrian. Zalantza horien inguruko galderak egiteko une egokiaren zain egoten dira nerabeak, eta askotan zeharka egin ohi dituzte galdera horiek. Halere, aurretik azaldu dugun moduan, nerabeek familiatik kanpo bilatu ohi dute informazioa. Edonola ere, oso garrantzitsua da gurasoek informazio egokia eta egiazkoa ematea seme-alabei. Oinarrizkoa da nerabeak esan nahi duena entzutea, eta bizitako egoera edo bizipen desatseginei edo deserosoei buruz hitz egiteko ez duela beldurrik izan behar jakinaraztea. Galdetu dezaketen ezer ez da tontakeria (lehen aldiari beldurra, preserbatibo bat eskatzea, zakilaren tamaina...). Nola ez, gurasoek beren buruak ezjakin gisa aurkezteko eskubidea dute gauza jakin batzuetan; zeren, beraiek ez baitute adituak izateko beharrik, ezta sexualitatearen inguruan berariazko heziketa izatekoa ere.
