Bizitzarako trebetasuna
Elena Urigoitia Bizitzarako trebetasunetan hezitzailea eta terapeuta
ZER DIRA BIZITZARAKO TREBETASUNAK?
Portaera egokien bidez, eguneroko bizitzako erronkei eraginkortasunez aurre egiteko behar ditugun gaitasunak dira. Bizitzarako-trebetasunak hartzeari lotutako ikuspegiaren helburuak honako hauek dira: gazteei beraien bizitzaren kontrola berreskuratzen eta ongi hausnartutako eta arrazoitutako erabakiak hartzen laguntzea. Geroago, nerabezaroan, hamaika arrisku sortu dakizkieke: alkoholaren abusua, drogak, tabakoa, indarkeria, nahi gabeko haurdunaldiak, etab. Beraz, horiei guztiei behar bezala aurre egiteko oinarriak ematea da kontua.
Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, ondoren aipatuko ditugun bizitzarako-trebetasunak behar beharrezkoak dira (Mantilla, 1993):
1. Autoezagutza: geure burua hobeto ezagutzen badugu, errazago bereiziko dugu zer nahi dugun eta zer ez, eta zein diren gure benetako beharrak eta nahiak. Era berean, kezka- edo tentsio-uneetan aurrera egiten ere lagunduko digu.
2. Enpatia-gaitasuna: beste norbaiten tokian jartzeko eta haren bizitza nolakoa den imajinatzeko ahalmena ematen digu.
3. Eraginkortasunez komunikatzeko gaitasuna: gure pentsamenduak, emozioak eta beharrak besteei adierazten laguntzen digu.
4. Pertsonen arteko harremanak finkatzeko eta mantentzeko gaitasuna: besteekin harreman positiboak izaten laguntzen digu trebetasun horrek.
5. Erabakiak hartzeko gaitasuna: gure bizitzari buruzko erabaki konstruktiboak hartzeko ahalmena ematen digu, aukerak aztertu eta gugan eta ingurukoengan eragin ditzakegun ondorioak neurtu ondoren.
6. Arazoak eta gatazkak konpontzeko gaitasuna: bizitzako arazoei aurre egiteko konponbide konstruktiboak bilatzen laguntzen digu. Bestela, aipatutako arazoen ondorioz, gorabehera fisikoak (nahaste psikosomatikoak) eta mentalak (antsietatea eta depresioa) sortzen dira maiz, eta bestelako arazo psikosozialak ere bai (alkoholismoa, substantzia psikoaktiboen kontsumoa...)
7. Sormenezko pentsaera izateko gaitasuna: oso baliagarria da erabakiak hartzeko eta arazoak konpontzeko, eguneroko bizitzako egoerei malgutasunez erantzuten laguntzen digulako.
8. Pentsaera kritikoa izateko gaitasuna: informazioei eta esperientziei buruzko hausnarketa objektiboa egiteko ahalmena da. Pertsona kritikoak galderak egiten ditu. Ez ditu gauzak besterik gabe onartzen, frogak, arrazoiak eta usteak zehatz-mehatz aztertu ondoren baizik.
9. Emozioak menperatzeko gaitasuna: geure eta besteen sentimendu eta emozioak bereizten, horiek gure portaeretan nolako eragina duten ulertzen eta egoki erantzuten laguntzen digu.
10. Tentsioei eta estresari aurre egiteko gaitasuna: estresaren sorburuak eta gure bizitzan eragiten dituen ondorioak bereizten laguntzeaz gain, horiei aurre egiteko ahalmen handiagoa ematen digu.
BIZITZARAKO TREBETASUNAK BEREZKOAK DIRA ALA IKASI EGITEN DITUGU?
Gizakiok bizitza osoa ematen dugu geure burua hezten eta geure trebetasunak hobetzen. Beste hainbat gauza bezala, trebetasun horiek barneratzen eta erabiltzen ere ikasi dezakegu. Baina trebetasun horiek garatu ahal izateko, erabili egin behar dira, eta beraz, erabiltzeko eta lantzeko aukera eman behar diegu. Zenbat eta gehiago trebatu gure seme-alabak horretan, orduan eta gaitasun handiagoa izango dute eguneroko bizitzako egoerei egoki aurre egiteko. Izan ere, ongi asko dakigu hobe dela ezetz esaten jakitea baino, ezetz esateko gai izatea. Ikastetxe batzuetan bizitzarako-trebetasunak ikasteko programak dituzte. Partaidetzan oinarritutako metodologia interaktiboa erabiltzen dute. Laguntza eskatzeko, erabaki egokiak hartzeko, gatazkak konpontzeko... zailtasunak dituzten haur edo nerabeekin, hainbat jarduera egin daitezke hori guztia ikasi dezaten: paperak antzeztu, eztabaidak antolatu, istorioak edo ipuinak kontatu.
ZERTARAKO BALIO DUTE BIZITZARAKO TREBETASUNEK?
Errealitatea ezin dugu aldatu; errealitatea bizitzeko modua bai, ordea. Bizitzarako-trebetasunek, izenak berak adierazten duenez, hobeto eta zoriontsuago bizitzeko balio dute. Nahitaezkoak dira gure seme-alabek ohitura osasuntsuak hartzeko eta ongizate fisiko eta mentalaren kontrako guztiari uko egiteko.
Gure seme-alabei autoezagutzan oinarritutako heziketa ematen badiegu, beraientzat onena zer den bereizteko gai izango dira.
Besteen lekuan jartzen irakasten badiegu, desberdintasuna onartzen eta gizarte-harreman hobeak sortzen lagunduko diegu. Eta elkartasunezko eta laguntzazko portaerak sustatuko dizkiegu. Sentimendu eta pentsaerak adierazten irakasten badiegu, errazago lortuko dituzte helburu pertsonalak.
Komunikazio asertiboan trebatzen baditugu, gerora harreman onei eusteko eta amaiera konstruktiboak emateko gai izango dira Aukerak eta ondorioak neurtzen ikasten badute, askoz ere erabaki hobeak hartuko dituzte. Gatazkei konponbide konstruktiboak ematen irakasten badiegu, hori berezko ezaugarria baita giza harremanetan, hazi egingo dira pertsona moduan, eta gainera, bake-kultura sustatuko dugu. Pentsaera kritikoa lantzen duten haur eta nerabeek gizartean ikusten eta entzuten duenari buruzko irakurketa pertsonal eta objektiboagoa egiten ikasten dute, besteak beste. Eta kontuan hartu behar da egungo gizartean komunikabideen eragina izugarria dela benetan. Zenbait emozio eta sentimendu, adibidez haserrea eta beldurra, era konstruktiboan bideratzen ikasten badute, elkarbizitzarako modu hobeak bilatzeko gai izango dira. Eta azkenik, estres maila menderatzen ikasten badute, ez kezkatzen lagunduko diegu.
ZER EGIN BEHAR DUGU GURE SEME-ALABEI TREBETASUN HORIEK IRAKASTEKO?
Funtsezkoa da gure hitzak eta ekintzak bat etortzea. Horretarako eta adibide gisa, gogoeta egin dezakegu honako hau aztertzeko: guk esandakoa egiten ez dutenean, nola jokatzen dugu? arauak eta mugak ezartzerakoan, argiak eta koherenteak dira? Haserre gaudenean, gure agresibitatea menderatzea lortzen dugu eta haienari erantzuteko gai izaten gara? gure beharrak lasai eta eraso gabe azaltzen dizkiegu? haienak entzuten ditugu kritikatzen hasi gabe? Zerbait gertatzen zaienean, haien emozioak kontuan hartzen ditugu, haien lekuan jartzen gara zer pentsatzen eta sentitzen ari ote diren ulertzeko? edo garrantzia kentzen diegu "ez kezkatu, ez da horrenbesterako" esanez? Horri guztiari buruzko hausnarketa egitea komenigarria dugu, beraz.
Gure seme-alabak autonomoak eta independenteak izatea, beraien iritziak edukitzea, drogei ezetz esatea... nahi badugu, gaitasun horiek guztiak gurekin lantzeko aukera eman behar diegu, elkarrizketaz, errespetuaz eta tolerantziaz baliatuta. Hitz batean, osasun-hezkuntza eman behar diegu, eta horren oinarria auto-estimua lantzea da. Hau norberarekiko errespetuan oinarritzen da eta bi mugarritan finkatzen da:
- Maitagarria naiz, "norbaitentzako berezia naiz"
- "Egokia" eta "Gai" naiz "nere arazoak konpondu ditzaket" Beraz, kontu handiz zaindu behar dugu zer esaten diegun eta nola esaten diegun, eta batez ere, egunero adierazi behar diegu, hitzen edo keinuen bidez, zenbat maite eta errespetatzen ditugun.
