Gurasoen galdera
Jose Ramon Fernandez
(Psikologoa, Psikologia konduktualeko kabinetea) c/ Ramon Maria Lili 2 BERGARA. Tlf: 943 76 59 39
1) Gure bi urteko alaba beldurtu egiten da danborrada, kabalgata eta halakoekin. Nik inongo garrantzirik gabeko erreakzioa dela uste dut, baina inguruko helduek ez diote kasurik egiten umeak adierazten duenari; txorakeriak direla diote, eta ekitaldiok ikustera joateko presionatzen naute, oso politak direla esanez. Zer komeni da halakoetan?
Badira ume batzuk itxuraz inongo beldurrik gabe egiten diotenak aurre bizitzari. Beste batzuek, ordea, beldurrak gainditu behar izaten dituzte behin eta berriz haurtzaro guztian. Ume beldurtia izaki exigente eta amorragarria bihur daiteke, bere buruagan konfiantzarik gabekoa. Horregatik, beldurrei aurre egiten ikasi behar du.
Oinarri-oinarrian, egoera ulertu egin behar da, eta gainditzen lagundu. Ezin da umea kritikatu edo txiki edo koldartzat etiketatu; ezin diogu oihu egin, ezta baztertu ere. Beldurra identifikatu behar da, eta umea beldur hori gainditzeko prestatu.
Kasu konkretu honetan, nabarmen da inguruak ez diola batere laguntzen; hortaz, ez utzi inguruak alabarekin duzuen jarreran eragina izan dezan. Are gehiago, ez zaitzatela presionatu erabat konbentzitzen ez zaituen ezer egiteko.
Edozein kasutan, umearen beldurrari konponbidea emateko zerbait egin nahi baduzue, lehenenego eta behin beldurra "baloratzen" erakutsi behar diozue: adibidez, adierazi dezala eskuak elkartu edo aldenduz, zenbatekoa den beldur hori. Bigarren, baretu umearen antsietatea: lasaitu, segurtasuna eman, harengandik hurbil egon, eskutik heldu... Erabili jokoak beldur hori apurka kontrolatzeko; esate baterako, erakutsi beldurra eragiten dion estimuluaren argazkiak eta marrazkiak, eta zuzendu estimulu horietaz duen uste okerra. Berarekin egon beldurtzen denean, beldurrei elkarrekin egiteko aurre. Beldur gutxixeago duela erakusten duen bakoitzean, animatu umea, eta goretsi egindako ahalegina.
2) 7 urteko semea dugu, baina gurasoak bananduta gaude. Semea nirekin bizi da eta asteburuetan joaten da aitarengana. Gurasoon arteko harremana ez da oso ona eta horrek gure semeagan eragina du: transmititzen dizkiogun mezuak, mugak eta arauak askotan erabat kontrajarriak dira. Ezinezkoa zaigu ados jartzea.
Guraso batzuk pozik eta beste batzuk hondoa jota egoten dira dibortziogatik, umeak, ordea, beldurtuta eta nahastuta sentitzen dira kasu guztietan, beren segurtasun pertsonala kolokan sumatzen dutelako.
Heriotzaren ondoren, gurasoen dibortzioa da ume batentzat galera handiena. Baina dibortzioa ez da arazo bakarra, hori baino okerragoa da umeentzat gurasoen arteko ezin eraman konstantea, eta horixe da umeek emozionalki edo jokabidearen aldetik asaldurak izateko faktore garrantzitsuena. Umeari alde horretatik ahalik eta kalte gutxien eragitea izan behar da gurasoen eginkizuna.
Horregatik, gurasoak elkarren artean gaizki konpontzen badira, baita banandu eta gero ere (nahiz eta, antza, konponbidea hori izan), sufrimendu- potentziala gutxitzen saiatu behar dute eta sufrimenduaren efektu negatiboak ahalik eta gehien murrizten, seme-alabek segurtasuneta babes-sentsazioa ez galtzeko.
Horretarako, kontuan hartu umea biona dela, eta umearen hobe beharrez jokatu behar duzuela beti. Dibortziatzen ari diren guraso guztiek saiatu behar dute beste gurasoarekin harremana bultzatzen eta, horrez gain, bestearekiko komentario txarrak saihesten, jarrera horrek leialtasun- konfliktoa ez ezik autoestima galtzea eragiten diolako umeari.
Beti kontuan izan behar duzue umea sentibera dela eta segurtasun eta babes-sentsazioa kontserbatzea behar duela.
Esan didazun bezala, zuentzat ezinezkoa bada oinarrizko-oinarrizkoenean ere ados jartzea, adibidez, ezinezkoa bazaizue zuen semearen jarreran arauak eta mugak markatzea (arauok bikote ohiari min egiteko erabili gabe), nik uste egokiena duzuela psikologo batengana jotzea, arazoa arintzen laguntzeko edo familiako arazoetan espezializatutako bestelako profesionalen batera gida zaitzaten.
