Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Antolaketa zerbitzuka »  Gizarte Ongizatea »  Gurasoendako Aldizkaria, aurrera begira »  Gurasoendako Aldizkaria, 10. alea »  Baina zer ari gara egiten gurasoekin?

Baina zer ari gara egiten gurasoekin?

Alvaro Iruin Psikiatra. Osakidetzako Gipuzkoako ospitaletik kanpoko osasun mentaleko gerentea eta laguntza psikoatrikoko eta osasun mentaleko arduraduna

Orain dela hilabete batzuk, foro honetan bertan, guraso eta seme-alaben arteko harremanei buruzko iritzia azaltzeko aukera eman zidaten. Izan ere, errealitateak behin eta berriz erakusten digu harreman horiek konplexuak direla beti. Ildo horretan, seme-alabek gurasoengandik kultur eta gizarte-baldintza jakin batzuk hartzen dituztela, eta aipatutako baldintzek elkarren arteko harremanetan, eta, ondorioz, haien hazkundean eragina dutela adierazi nuen aurrekoan. Oraingo honetan gaiaz berriz mintzatuko naizenez, kontrako ikuspegitik jorratzea erabaki dut, ordea, eta horregatik eman diot izenburu hori.

Beraz, gurasoei gizarteak baldintza jakin batzuk ezartzen dizkiela azalduko dut: etengabe esaten zaie nolakoak diren eta nolakoak izan behar duten familia-harremanek. Ekarri dezagun gogora, adibidez, erabat hedatuta dagoen uste bat: nerabezaroan guraso eta seme-alaben arteko harremanak bereiziki korapilatsuak direla. Horrek baldintzatu egiten ditu gure jarrera eta espektatibak seme-alaba nerabeekiko harremanei heltzerakoan, eta aurreiritzien ondorioz, gure inguru hurbileko edo urrunagoko funtzionamendu-ereduei jarraitzeko joera izaten dugu.

Zergatik ez ditugu alde batera uzten horrelako "oharrak", seme-alabekiko harremanei aurreiritzirik gabe heltzeko?

Jarraibide-liburu eta guzti jaio beharko luketela uste dugu, ala? Azken finean, gehienok ez ginen lehenago pentsatzen hasi guraso izateko eta geure famili gunea sortzeko gai ginen ala ez; hala egin genuen, besterik gabe, nahita eta berez etorri zelako dena une pertsonal jakin batean.

Gainera, hori horrela izan da beti, jakina, gizateriaren historia osoan. Hala ere, familia-portaera eta -ereduak erruz aldatu dira denboraren poderioz. Javier Elzok "Hijos y padres. Comunicación y conflictos" ikerlanean azaltzen duenez, familia espainiarren % 43 Familia nominalak dira (hala deitzen die berak):"... gurasoak kikilduta daude neurri handi batean, ez dira inplikatzen, ez dira ia saiatzen semealabek benetan zer nahi duten jakiten...".

Imajinatzen al dituzue orain dela 50 urteko gurasoak "kikilduta"? Edo kanpoko laguntza eskatzen seme-alabak hezteko? Edo zer pentsatzen dugu dela "seme-alabekin inplikatzea"? Afaria dutenean haien "taxistak" izatea? Erantzuna ezezkoa izango da ziur aski, baina gaur egun horrelako egoerak oso ugariak dira: gurasoen zereginaren mugak lausotuta daude "seme-alaben lagunak" izan nahi dutelako. Eta hori ezinezkoa da, izatez. Osasun-zentroetako eta osasun mentaleko zentroetako kontsultetara guraso asko joaten dira laguntza eske, gainezka eginda eta seme-alaben jarrera jakin batzuk zuzendu ezinik dabiltzalako. Horren guztiaren ondorioz, "eguneroko bizitzako arazo" arruntak, eta behar-beharrezkoak, neurriz kanpo psikologizatzen dira maiz, benetan ez baita horrenbesterako.

Aurreko guztiaren adibidea, nire ustez, telebista-programa bat da: psikologo batek seme-alaben portaerekin arazoak dituzten familiei nola jokatu behar duten irakasten die "zuzenean".

Telebista-kate horretako programa nagusietakoa da: 1,5 milioi ikusle baino gehiago ditu. Horrekin ez dut esan nahi laguntza hartzea txarra denik, baina argi dago familia horiek ez dutela inolako arazo psikologikorik, eta helburuak gurasoak direla, guraso-papera zertan datzan irakastea, alegia.

Azken finean, agian egungo gurasook ez gara gai izan "informazio- honen ezaugarrietara behar bezain azkar moldatzeko, eta seme-alabek guk baino gehiago dakitela ikusteak uzkurtuta utzi gaitu, eta jarrera pasiboak hartu ditugu, guraso eta hezitzaile moduan ditugun zereginekin bat ez datozenak. Esanak esan, ordea, ezin dugu ahaztu jarraibideak geuk finkatu behar dizkiegula seme-alabei, garatzeko, mugak egoki onartzeko eta nagusiak direnean beraien kasa arazorik gabe moldatzeko gai izan daitezen. Argi utzi nahi dut horrekin guztiarekin ez dudala esan nahi iraganera itzuli eta autoritarismoan oinarritutako hezkuntza- ereduak berreskuratu behar ditugunik.

Aitzitik, horra zer aldarrikatzen dudan: seme-alaben hezkuntzaren ardatzak gu geu izatea, gurasook zeregin horretan erdi-erdian kokatzea. Horretarako guraso-lana betetzeko gai garela pentsatu behar dugu, besterik gabe, haurrak izan aurretik ere bai. Eta garrantzitsuena hauxe da: edozer eskatzen diegula ere, gizarteko mitoak edo usteak gorabehera, gure hitzak eta ekintzak bat etortzea. Gu erretzaileak bagara..., nola eskatuko diegu ez erretzeko? Horixe ba!


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI