Janari-alergiak haurtzaroan
JANARI-ALERGIAK HAURTZAROAN MĒ Teresa Audicana Berasategui Alergologia eta Inmunologia Zerbitzuko Mediku adjuntua Santiago Apostol Ospitalea Olagibel 29 Gasteiz
1. Egoeraren zergatia
Biztanleriaren % 20ak, gutxi gorabehera, janariek sortutako kontrako erreakzioren bat izaten du behin edo behin. Horrelako alergiak dituen biztanleriaren ehunekoa, ordea, txikiagoa da. Janari-alergia bizitzako edozein unetan azaldu daitekeen arren, gehienetan lehen urteetan sortzen da. Beste gaixotasun alergiko batzuekin, hala nola dermatitis atopikoarekin eta asma alergikoarekin, batera agertu ohi da.
Janari-alergiek era askotako sorburuak izan ditzakete: besteak beste genetikoak (arbasoengandik jasotakoak) eta ingurumenari lotutakoak. Janari-alergiak ugaritzen ari dira herrialde garatuetan, eta gaixotasun alergiko guztiekin ere beste horrenbeste ari da gertatzen, ziur aski gure egungo bizimoduaren eraginez.
Gure seme-alabek ez dute desnutrizio- arazorik, txerto egokiak jartzen dizkiegu, ez dute disenteriarik eta edateko ura eta higiene-baldintza egokiak dituzte. Ondorioz, haurrik ahulenek ere aurrera egiten dute (herrialde azpigaratuetan hil egingo lirateke), baina bestalde, haien sistema inmunologikoak kaltegarriak ez diren eragileen (janariak, etxeko hautsaren akaroak edo polena) kontrako antigorputzak sortzen ditu. Horrela, IgE erako antigorputzek hainbat funtzio betetzen dituzte: besteak beste, gaixotasun parasitarioen kontra borrokatzea. Herrialde garatuetan higienearen alorra oso aurreratuta dagoenez, hesteetako parasitarioak ez dira batere ugariak, eta digestio-aparatuko heste-flora urriagoa da.
2. Zer janarik sortzen dituzte alergiak?
Proteinak dituen edozein janarik sortu ditzake alergiak, eta jakin badakigu 100 janarik baino gehiagok alergiaren bat sorrarazi dutela behin edo behin. Hainbat aldiz egunean era guztietako elikagaiak jaten ditugu, baina hala ere, oso gutxiren ondorioz sortzen dira hipersentikortasunerreakzioak.
Bestalde, janari-alergien sorburuak ez dira berberak, inondik inora, geografia- eremu guztietan, tokian tokiko nutrizio-ohiturek berebiziko eragina dutelako. Horrela, adibidez, Estatu Batuetan janariek eragindako alergien % 60ak kakahueteekin du zerikusia, eta Eskandinavian, berriz, arrainen ondoriozko kontrako erreakzioak dira nagusi.
Gure artean, alergiaiturri nagusiak gehien jaten ditugun janariak dira, eta haurrekin errazagoa da neurtzea, elikagai bakoitza noiz jaten hasten diren ikusita. Espainian, adibidez, esnea, arrautzak eta arraina dira janari-alergien sorburu nagusiak 2 urtetik beherako haurren artean, eta 2 urtetik gorakoen artean, aldiz, barazkiak (frutak, fruitu lehorrak eta lekaleak, besteak beste).
Janarien artean, arrautza ongi aztertutako osagaia dugu: medikuok "atopia" deitzen diogun konstituzio alergikoaren "predictorra" edo "adierazlea" dela esaten da. Lehen 2 urteetan proteinen kontrako alergia sortzen zaien haurrek etorkizunean beste gaixotasun alergiko batzuk izateko aukera gehiago dituzte.
Aurreikuspenen arabera, haur horien erdiak errinitisa, dermatitis atopikoa edo asma izango dute 4 urte bete aurretik. "Ibilbide atopikoa" esaten zaio horri.
3. Janari-alergien larritasuna. Nolako ondorioak eragiten ditu haurrengan eta familiakoengan?
- Janari-alergia zuzen diagnostikatzea, benetan zenbaterainoko larritasuna duen ongi zehaztea, garrantzitsua da, arazorik ez sortzeko. Berez duena baino garrantzi handiagoa ematen badiogu, honako ondorio hauek eragiteko arriskua dago: elikadura txarra, elikadura-nahastea, arazo psikosozialak eta familia-arazoak. Eta alderantziz, berez duena baino garrantzi txikiagoa emanez gero, gaixoaren bizitza arriskuan jarri dezakegu. Ezin dugu ahaztu alergien % 80 edo 90 janari gutxi batzuek eragiten dituztela (arrautzak, esnea, fruitu lehorrak, lekaleak eta arraina).
- Patologia horrek urduritasun eta kulpa-sentimendu handia sorrarazten du maiz gurasoengan, eta haurrek, aldiz, naturaltasunez eta zentzu onez hartu ohi dute txiki-txikitatik.
- Janari-alergien diagnostikoetan, alergia-iturriak kentzea da lehen urratsa. Horretarako, guraso eta hezitzaileei janari-ohitura berriak erakutsi behar zaizkie, eta askotan, kasuan kasuko janariaren izen desberdinen etiketetan osagaiak egiaztatzeko eskatu. Gainera, haurrak etxetik kanpo, kanpamentuetan edo eskolako jangelan, jaten duenean, elikagaien osagaiak aztertu eta informazioa eskatu beharko lukete beti gurasoek, eta horretan oso zorrotzak izan.
4 Eta gizartean zer?
Janari-alergiek pediatria-biztanleriaren % 6-8arengan dute eragina, eta oro har sintomak larriak ez izan arren, hiltzeko arriskua egoten da zenbaitetan. Horrela, 25 haurrez osatutako ikasgela batean, batek edo bik izango lituzke janari-alergiak. Haurren artean, etxetik kanpo, janariak dira anafilaxia-iturri (alergia larria) nagusiak, baina zorionez, heriotza-tasa txikia da oso.
Hezkuntza-programetan, gero eta ugariagoak dira naturari lotutako jarduerak, fruta eta fruitu lehorrekin kontaktuan aritzekoak, elikatze-kanpainak, etab. Eta horiek arriskutsuak izan daitezke haur alergikoentzat.
Askotan, gelan gailetak, gozokiak eta bestelakoak jaten dituzte denek elkarrekin, urtebetetzeak ospatzeko, garaian garaiko janari tipikoak (gaztainak...) dastatzeko... Ikasleren batek horrelako janariekin erreakzio larririk izan badu, debekatu egin beharko lirateke. Gero eta gehiago dira etxetik kanpo bazkaltzen duten haurrak, eta beraz, funtsezkoa da ikastetxeetako jangeletako langileak gai horretan trebatzea. Osasun-langileak ez izan arren, ongi ezagutu beharko lituzkete honako alderdi hauek: janarien arrisku potentzialak, anafilaxiaren lehen sintomak eta oinarrizko sendagaiak erabiltzeko modua, betiere gurasoen baimena izanik eta haien jarraibideekin (medikuek emanak) bat arituz. Bestalde, haur alergiko batzuek ez dute parte hartzen hainbat aisialdi-jardueratan (haurrentzako koloniak, txangoak...), debekatutako elikagaiak jateko arriskua dela eta.
Horretaz, garrantzitsua da gurasoak, hurbileko familia eta zaintzaileak trebatzea, haurra alergikoa dela jakin dezaten, eta erreakzio larrietan lehen sintomak bereizteko eta sendagaiak berehala emateko gai izan daitezen.
Beste ikasleek ere lagundu dezakete alergia-iturriak aurkitzen, eta gainera, desberdintasuna onartzen, errespetatzen eta solidarioak izaten ikasiko dute.
5. Nolako izango da haur alergikoen etorkizuna?
- 5 urte bete aurretik janari-alergiak dituzten haurrak aldian-aldian ikusi behar ditu alergologoak. Denboraldi batean ahalik eta dietarik zorrotzena ezarri ondoren, kasuan kasuko janaria berriz jaten hasteko aukera aztertuko du, besteak beste. Gainera, horrelako haurrek errinitisa edota asma alergikoa izateko arriskua ere badutela kontuan hartuta, zenbat eta lehenago diagnostikatu, hobeto bideratuko da arazoa.
- Askotan, txikienei alergiak sorrarazten dizkieten janariak gero, denboraren poderioz, berriz sartu ahal izaten dira dietan: esnea, arrautzak eta arraina. Fruitu lehorrak, aldiz, behin betiko baztertu behar dira.
- Haur alergikoentzako janari-txertoei buruzko azterketen saiakuntzak egiten ari dira, bai mihi azpian ezarrita bai injekzio bidez, eraldatutako antigeno osoak erabiliz.
- Antigorputz monoklonal (anti-IgE) bat salgai dago merkatuan, baina oraingoz asma larrientzat bakarrik dago onartuta. Dena da, horrekin ere ikertzen ari dira.
