Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Antolaketa zerbitzuka »  Gizarte Ongizatea »  Gurasoendako Aldizkaria, aurrera begira »  Gurasoendako Aldizkaria, 10. alea »  Nerabezaroak eta gurasoak

Nerabezaroak eta gurasoak

Alfredo Oliva Delgado Sevillako Unibertsitateko Psikologia Ebolutiboko eta Hezkuntza Psikologiako irakasle titularra. Nerabeen garapenean eta nerabezaroari lotutako familia-harremanetan espezialista da.

Guraso asko kezkatu egiten dira beren seme-alabak nerabezarora hurbiltzen ari direnean, sasoi horretan seme-alabekin dituzten harremanetan zailtasun handiak sortuko direla uste dutelako. Badu zentzurik kezka horrek?

Bada, beharbada hasi gintezke esanez, arazoa ez dela hain larria. Komunikabideek oso albiste kezkagarriak ematen dituzte gazte eta nerabeei buruz, eta arlo honetan lan egiten dugun profesionalok ere lagundu egiten dugu irudi negatibo hori ematen, baina ez dator bat errealitatearekin. Etapa horri dramatismoa kendu behar zaio; izan ere, gurasoek arazoak izango dituztela uste dutenean, azkenean, kasu askotan, arazoak izaten dituzte. Nik gurasoei gehiegi ez kezkatzeko esango nieke, gehienentzat beraien semealaben nerabezaroa oso garai pozgarri eta atsegina izango baita. Hala ere, egia da une batzuk zailak izan daitezkeela.

Baina gauza batzuk aldatu egiten direla dirudi, zer aldaketa gertatzen da nerabezarora iristean?

Bai haurrak bai helduak etengabe aldatzen ari gara, baina egia da bizitzako une batzuetan beste batzuetan baino aldaketa gehiago izaten direla. Eta nerabezaroa sasoi horietako bat da. Badira oso aldaketa fisiko nabariak, eta ez du merezi horiei erreparatzea, baina gogoratu beharra dago aldaketa horiek ez dituztela beti ongi hartzen nerabeek, batik bat oso goiz jasaten dituzten neskek. Baina beste aldaketa fisiko batzuk ez dira hain erraz ikusten eta garrantzizkoak dira. Aldaketa hormonalez ari naiz. Horien eraginez, nerabeei sexu-desira pizten zaie eta gogo-aldarte oso gorabeheratsuak izaten dituzte, orain triste daude eta gero pozik edo haserre. Egoera horren ondorioz, haiekin dugun harremana zailagoa izan daiteke eta, beraz, pazientzia handiagoa erakutsi behar dugu.

Eta aldaketa psikologikoak?

Asko dira eta garrantzi handikoak. Eta nik uste dut gurasoek ezagutu egin behar dituztela, seme-alabengan sumatzen dituztenean nola erreakzionatu jakiteko. Alderdi garrantzitsu bat aldaketa kognitiboekin zerikusia duena da. Izan ere, 12 edo 13 urtetik aurrera, nerabeak beste modu batera pentsatzen hasten dira eta kritiko eta erantzunkor bihurtzen dira. Ez dute onartzen aitak eta amak justifikaziorik gabeko arauak inposatzerik, eta, eztabaidan ari direnean, ez dute erraz amore ematen. Gogoratzen naiz neure semearekin izan nuen aurreneko eztabaidak bi ordu baino gehiago iraun zuela. Nirekin entrenatzen ari zela uste dut. Nik beti esaten diet gurasoei harro sentitu behar dutela euren seme-alabak kritikoago bihurtzen direnean, heltzen ari diren seinale baita.

Lorpen ebolutibo gisa hartu behar dute, irakurtzen eta idazten ikasi zutenean bezalaxe.

Hala ere, nerabeek afektiboki euren aita-amengandik bereizi behar dute, ez da horrela?

Bai, jakina, autonomo sentitu eta euren erabakiak hartzeko gauza izateko premia dute. Pertsona batez maiteminduta edo harekin afektiboki oso lotuta egongo balira eta maitemina gainditzeko unea iritsiko balitz bezala gertatzen da. Prozesu horretan beren buruari laguntzeko, gurasoengan akatsak bilatzen hasten dira, desidealizatu egiten dituzte. Horixe egiten dugu helduok maite ez gaituen norbaitenganako maitemina uxatzen ahalegintzen garenean.

Desidealizazio hori ez dute beti ondo hartzen gurasoek, 40 edo 45 urte izanda oso adin delikatuan baitaude euren seme-alaben kritikak onartzeko. Aita eta ama oraindik garrantzitsuak badira ere, nerabezarotik aurrera lagunek eta berdinen taldeak gero eta garrantzi handiagoa hartuko dute eta mutilaren edo neskaren funtsezko erreferente bilakatuko dira.

Aldaketa horietako askoren ondorioz, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak zailagoak izango dira.

Bai, hala da. Ez da komeni arazoa puztea, baina onartu beharra dago familia gehienetan nerabezaroaren hasierako urteetan ugaritu egiten direla gatazkak, batez ere eguneroko jarduerei lotutako alderdiak direla eta: etxera itzultzeko ordua, ikasketei eskaini beharreko denbora, gelako desordena, etxeko lanetan laguntzea eta abar. Hala ere, baikor azaldu behar dugu; izan ere, liskarrik gehien izaten den garai hori laburra izaten da eta, kasu gehienetan, harremanak onera itzultzen dira. Gainera, horrelako liskarrek eragin positiboa ere izaten dute, azkenean aitak eta amak ere argi ikusten dutelako euren seme-alabekin erlazionatzeko modua aldatu behar dutela eta ezin dutela jarraitu umea balitz bezala tratatzen. Hasieran, gurasoek ohikeriaz jokatzeko joera dute eta ez dute aldaketarik onartu nahi, baina pixkanaka euren jarrera malgutzen joaten dira, onartzen dute semea edo alaba handitu egin dela eta haren iritzia entzun eta erabaki asko berarekin negoziatu behar dutela. Une horretatik aurrera, egoerak nabarmen hobetzeko bidea hartuko du.

Gurasoen eginkizunak garrantzitsua izaten jarraitzen du?

Bai horixe. Haurtzaroan bezala. Urte horietan zehar, neska-mutilek aldaketa horiei eta beste askori egin beharko diete aurre, hala nola ikastetxetik institutura joateari edo bikote-harremanen hasierari. Aldaketa horiek oso estresagarriak izan daitezke nerabearentzat.

Gurasoen sostengua nabaritzen badute, indartsuago sentituko dira, konfiantza handiagoa izango dute erronka horiek gainditzeko. Guraso batzuek uste dute euren seme-alabei, nerabezarora iristen direnean, ez dietela jaramonik egin behar, baina hori ez da egia. Argi dago hainbat alderditan nolabaiteko liberazioa sumatuko dugula, baina beste kezka eta zailtasun batzuk sortuko zaizkigu, guraso gisa dagokigun eginkizuna proban jartzeko.

Zer ezaugarri bete behar du nerabearen guraso onak?

Ez da erraza errezetak ematea. Izan ere, aita edo ama izateko era asko daude. Hala ere, ezaugarri batzuk funtsezkoak direla esango nuke. Lehenik eta behin, lehenago aipatu ditugun maitasuna eta sostengua. Baina, bestalde, komunikazio ona edukitzeko gai izan behar dute.

Guraso asko kexu azaltzen dira komunikaziorik ez dagoelako, eta komunikazio ezaren errua beren seme-alabei egozten diete. Ez da egia. Sarri askotan gurasoak berak izaten dira komunikazioari oztopoak jartzen diotenak, etengabeko kritika eta sermoien bidez. Beste ezaugarri garrantzitsu bat seme-alabek aisialdian gogoko dituzten jardueren berri izatea da, hau da, nora joaten diren eta haien lagunak nor diren jakitea. Eta horren berri izateko modurik onena haiekin harreman ona izatea da, horrela beraiek esango baitizkigute gauza horiek. Polizia-galdeketek ez dute emaitza onik ematen.

Gainera, askotan derrigorrezkoa izango da mugak jarri eta, muga horiek gainditzen direnean, erantzukizunak eskatzea. Gaztea hazi ahala, mugak gero eta gehiago negoziatu beharko ditugu haiekin eta malguagoak izango dira, eta kontrolak pixkanaka desagertzen joan behar du.

Etapa horretako funtsezko beste alderdi bat autonomia sustatzea da, eta hori lortzeko, euren kabuz pentsatu, arazoak konpondu eta erabakiak era independentean hartu ditzaten animatzea da onena. Horrek lan handia eskatzen die guraso askori, buruan sartuta daukatelako haien seme-alaben bizitza erabat zuzendu behar dutela eta ez direlako ohartzen modu horretan seme-alabak gehiegi babesten edo behartzen ari direla eta heltzea galarazten ari zaizkiela.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI