Bergara.net

Sarrera

Garrantzitsua da jostailua ondo aukeratzea eta umearekin jolas egitea

JOLASAREN GARRANTZIA UMEAREN GARAPENEAN

Denok jakinean gaude jolasak haurrarengan duen garrantziaz, baina ematen diogu merezi duen garrantzia? Zer da jolasa haurrarentzat? Jolasa barrearekin eta dibertsioarekin lotuta dago. Pozez eta atseginez egiten den liberazio bide bat da eta, umearen kasuan, bere burua eta ingurunea ezagutzeko behar beharrezkoa eta ezinbestekoa da gainera.

ZER EMATEN DIO JOLASAK UMEARI?

AUTONOMOAGO izaten laguntzen dio. PLAZERRA eta momentu atsegin bat eskaintzen du. Jolasa gustukoa den ekintza da eta, askotan, pilatutako TENTSIOAK ASKATZEKO ere aproposa da. Gainera, BARNE EMOZIOAK ESPRESATZEKO bidea ere bada.

ETA ZEIN IZANGO LITZATEKE JOSTAILUAREN FUNTZIOA?

Jostailuekin berdin gertatzen da, baina kontuan izan behar dugu jolasaren laguntzaile besterik ez direla. Umeari jostailu berri bat ematen diogunean, oso atsegina egingo zaio eta bere poza agertuko du berehala, hainbat arrazoirengatik (afektibitatea demostratzeko, sorpresa, nobedadea...); baina momentua pasatu eta gero ikusiko da benetan, jostailuaren egokitasuna. Jostailu onak izan behar dituen ezaugarri batzuk hauek dira:

1.- Jostailuak dibertigarria eta umearen interesa pizteko eta mantentzeko gai izan behar du.

2.- Fantasia, irudimena eta sormena eragin behar ditu.

3.- Haurraren hezkuntza mailara egokitu behar da.

4.- Erabilera arauak izan behar ditu.

5.- Estetikoa izan behar da, ondo egina.

6.- Ez da toxikoa ez arriskutsua izan behar.

7.- Erabiltzeko aukera bat baino gehiago eskainiko ditu.

8.- Talde jolasa sustatuko du.

9.- Ez du sexuaren araberako ezberdintasunik egingo.

10.- Konpontzeko erraza izan behar du.

ZEIN IZAN BEHAR DA GURASOEN PAPERA?

Jostailuak bereziki umeei zuzenduak egon arren, nagusiek ere, haurrekin batera, oso zeregin interesgarria izan dezakete, gehienbat, ume horiei laguntzeko eta harremanak sendotzeko. Motibazioa oso garrantzitsua da; hori dela eta, umeak egiten duen hainbat ekintza eta jolasetan laguntzea komeni izaten da, begira egoteko besterik ez bada ere eta egiten duena goraipatu edota zuzentzeko. Azken finean, JOSTAILUA EZ DA NAHIKOA, ZURE PARTE HARTZEA EDOZEIN JOSTAILU BAINO ASKOZ GARRANTZITSUAGOA DA.

TXATXILIPURDI, euskara eta aisialdi elkartea Jostailua aukeratzen laguntzeko asmotan, Euskarazko produktuen katalogoa argitaratu du Bergarako Udalak azken urteetan beste hainbat udalekin batera, eta aurten ere herriko eskolatan banatuko da. Eta Interneten ere kontsultatu ahal izango da: www.katalogoa.org

Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzua


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI