Bergara.net

Gurasoen galderak

Jose Ramon Fernandez (Psikologoa, Psikologia konduktualeko kabinetea) c/ Ramon Maria Lili 2 BERGARA. Tlf: 943765939

1) Zazpi urteko alaba daukat, eta gezurretan harrapatu dugu behin baino gehiagotan. Guk azaldu diogu gezurrak esatea oso itsusia dela, eta ez dela halakorik egin behar, baina... Zer egin dezakegu horretaz ohartarazteko?

Gezurrak berebiziko zeregina du haurrak helduarekin izaten dituen harremanetan, eta, adinaren eta gezurraren arrazoiaren arabera, gure erreakzioak aldatu egiten dira. Umeak inolako gaiztakeriarik gabe hasten dira gezurrak esaten. Sei/zazpi urtera arte, nahastu egiten dituzte errealitatea eta fikzioa, eta istorioak asmatzen, kontatzen eta bizitzen dituzte, egia balira bezala. Jolasa da eurentzat, eta helduok partaide izatea gustatzen zaie. Gainera, oraindik ez dira ohartzen, gezurra desegokia eta egia esatea baliotsua dela; maltzurkeriarik gabeko gezurrak izaten dira. Zazpi urte ingurutik aurrera hasten dira gezurrak apropos esaten, maltzurkeriaz. Konturatzen dira gezurren bidez helburuak lortzen dituztela, eta nahi ez dituzten egoerak saihesteko, onuraren bat lortzeko, arreta erakartzeko eta onespena bilatzeko erabiltzen dituzte. Gezurra laguntza babesa da berarentzat. Hortxe bilakatzen da arazo gezurra esatea. Halako gezurren aurrean, erreakzionatu egin behar dugu, laguntza-eskea egoten baita atzean gordeta. Haurraren heldutasunaren arabera, denbora eta ahaleginak eskaini beharko diogu egia esateak duen balioari eta gezurrak zelako konfiantza gabezia sortzen duen azaltzeari. Etxeko bizikidetza-arau izan dadila egia esatea. Hain zuzen, araua eta haren zentzua azalduko dizkiogu: gezurra esaten badugu, besteek ez dute gugan konfiantzarik izango eta ez digute sinetsiko. Gezurra zigortu egin behar da, bai, baina funtsezkoa da egiazaletasuna bultzatzea ere, eta portaera zintzoak baloratu egiten direla ikusaraztea. Ez dira oso zigor gogorrak ezarri behar, bestela haurrak nahiago izango du gezurra esatea. Eta, halakorik gertatzen bada, ekintzaren ondoriozko zigorra eta gezurra esatearen ondoriozkoa bereizi egin behar ditugu. Sarritan, arreta erakartzeko, harritzeko eta onespena nahiz maitasuna lortzeko esaten dute umeek gezurra. Halako gezurrak behin eta berriro erabiltzen baditu, bere burua gutxitxo estimatzen duela eta onespeneta afektu-beharra duela pentsatu behar dugu. Kasu horietan, egiaren balioa transmititu eta arau gisa ezartzeaz gain, umearen autoestima suspertu behar dugu eta hari entzun. Alegia, baldintzarik gabeko maitasuna eskaini behar diogu; jakin behar du, noizbait gezurra esan arren, beti maite izango dugula. Ez dugu inoiz «Gezurtia zara!» esan behar; horren ordez, hobe da «Batzuetan gezurrak esaten dituzu, eta hori ez dut atsegin » esatea. Haien portaera onak indartu behar ditugu, eta benebenetan entzun. Horretarako, entzuteko eta hitz egiteko uneak bilatuko ditugu.

Gezurraren aurrean erakusten dugun jarreraren arabera jarraituko du neska/mutikoak gezurra esaten. Eredu izatea da onena, egiaren alde apustu egin eta arau gisa ezartzea. Pazientziaz jokatu behar dugu eta egia esaten duenean zorionak eman, beharrezkoa denean gogorrak izatea ahaztu gabe. Gezurra ohitura bihurtu baino lehen, arrazoiak bilatu behar ditugu, eta horien arabera jardun. Horrela ez bada, aholkulari profesional batengana jotzea da onena.

2) Bost urteko alaba dut, eta etxean nahiko hitz egiten badu ere, ikastolan eta kalean oso isila da. Zer egin dezakegu?

Jaio eta laster, seme-alabak irekiak, lotsatiak, isilak, aktiboak... direla hasten dira pentsatzen gurasoak. Nortasun mota ugari daude haurren artean. Edozein modutan ere, gure umearen izaera baloratu eta onartzea da garrantzitsuena. Haurrak hobeto moldatzen dira maite eta ulertzen ditugula baldin badakite, haien jarrera onak bultzatzen dituen giroa badago, egiten dutenarekiko interesa erakusten badugu eta epaitu gabe entzuten baditugu.

Dena den, zure alabaren jarrera beldurren batek edo autoestima-arazoren batek nahiz segurtasun ezak sortzen duela uste baduzu, aldatzen eta gehiago irekitzen lagundu diezaiokezu. Haur lotsatiek ez dute bere buruan konfiantzarik, eta txarto pasatzen dute. Normalean, helduek egiten dutena imitatuz ikasten dute umeek; beraz, eredu ona ematea komeni da -guraso lotsatiak haur lotsatiak-, eta beste pertsona eta ume batzuekin harremanetan jartzen ahalegindu. Hori lortzeko badira hainbat modu: lagunen baten etxera jolas egitera joaten uztea, aisialdiko eta eskolaz kanpoko jardueretan izena ematea, bere adineko haurrak dituzten helduekin planak egitea... Saritu beste haur batzuengana hurbiltzen denean eta, urrunetik, begiradarekin errefortzu eman, zure babesa sumatu dezan. Adierazten lagundu behar diogu: kanturik gogokoenak kantatzera gonbidatu, eguneroko kontuez galdetu, bere jolas-arauak azaltzeko esan, igarkizunak eta txisteak kontatzeko eskatu... Esparru handia eman behar diogu bat-bateko komunikazioari, eta ez dugu eten behar. Eten edo zuzenketa horiek kontrako estimulua dira umearentzat. Enpatiaz entzun behar diogu, eta haren kontakizunak erabili komentatzeko gai modura.

Komenigarria litzateke, orobat, haurrari gizarte-trebetasunak irakastea, ondokoekin elkarreragin asertiboak izateko, hau da, benetan den moduan portatu dadin. Horrela, besteek jakin egingo dute zer sentitzen eta pentsatzen duen eta, horrela, ez ditu minduko edo behartuko. Dena den, besteei ere ez die utzi behar bera erabiltzen. Bere eskubideak defendatzen eta zergatiak galdetzen irakatsi behar diogu, norbera finkatzeko trebetasunak dira eta. Entzuten eta, behar denean, barkamena eskatzen ikasi behar du. Honako hauek egiten irakatsi behar diogu: sentimenduak era sinesgarrian baina puztu gabe adierazten; hitz politak onartzen eta eskertzen, besteak gaizki sentitu ez daitezen atseginak izan direlako; agurtzen; bere burua aurkezten; kortesiazko adierazpenak erabiltzen; elkarrizketetan lehen hitza esaten eta parte hartzen Hauxe da helburua: besteekiko harremanak ahalbidetzea eta harreman horietan ondo moldatzeko trebetasun batzuk ematea. Halere, arazoa areagotu egin dela uste baduzu, eskatu laguntza profesionala. Haur txikietan nahiko erraza izaten da jarrerak aldatzea: nahikoa da gurasoek jarraibide samur batzuk betetzea.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI