Bergara.net

Gure seme-alabei dirua eta paga erabiltzen laguntzea

Nati Gutierrez Grigelmo Psikologa eta psikoterapeuta familiarra

6-11 urte arteko neska-mutikoen gurasoekin hitz egiten dudanean, maiz honelako esaldiak entzuten ditut: "Diru apur bat duen bakoitzean, ahalik eta azkarren xahutzera joateko behar larria du, eta ez du zentimorik ere uzten. Ez zaio axola zertan xahutzen duen, baina berehala joaten da gastatzera. Dirurik ez duenean, zerbait erosten diogunera arte ez dio eskatzeari uzten". Erakutsi daiteke dirua erabiltzen eta administratzen? Nola? Bestalde, adin jakin batzuetan, honako galdera hauek izan ohi dituzte gurasoek buruan: Paga eman behar zaie? Zenbat? Komenigarria da puntu horren inguruan hausnartzea. Neska-mutikoaren diruarekiko portaera alor horretan jasotako heziketaren araberakoa izango da. Diruarekin dituen esperientzia horiek bere nagusitako bizitza baldintzatuko dute. Horregatik, proba-eremua izango da honako balio hauentzat: eskuzabaltasuna, ardura eta administrazio ona, baita diruzalekeria ere. Irizpidea izateko autonomia eta independentzia ematen die neskamutikoei poltsikoan beren dirua erabili ahal izateak. Neska-mutikoek erabilera egokia eman diezaioten beharrezkoa da alor horretan heztea.

Gurasoek argi izan behar dute zein balio nahi duten bultzatu: aurreztea, partekatzea, administratzen jakitea, dependentziarik ez izatea, etab. Gurasoen eginkizuna seme-alabak bideratzea eta, jakina, horiei eredu ona ematea da. Haurrak behatzaile onak dira, hori dela eta, koherentzia gorde behar dugu esaten diegunaren eta egiten dugunaren artean. Gurasoen portaeraren eta diruari ematen dioten erabileraren arabera, balio batzuk edo beste batzuk hartzera "gonbidatzen" ditugu gure seme-alabak.

Bistakoa iruditzen zaigun arren, komeni zaigu gure seme-alabek diruarekin zerikusia duten ikaskuntza batzuk bere egiten dituztela egiaztatzea. Kontuan izan behar dugu ikaskuntza horiek ez direla berez hartzen, jasotako estimuluen ondorio direla. Normalki, etxean eredu egokiak izan badituzte, ohikoa da semealabek era kontsekuentean jardutea.

Baina beti ez da horrela gertatzen, ezta ezinbestez ere. Batzuetan, beste eragin batzuen ondorioz (kontsumoaren gizartea, publizitatea, lagunak, etab.) edo ikaskuntza babatzuekiko sentikortasunik ez izateagatik, gerta liteke gure seme-alabek portaera burugabeak edo ulergaitzak izatea diruari dagokionez. Hori dela eta, komeni da, beranduegi izan aurretik, portaera eta ohitura jakin batzuk bere egiten dituztela egiaztatzea.

Zuhurtziak ohartarazten digu ez dela posible guztia batera erakustea. Alor horretan jarduteko modua baldintzatzen du seme-alaben adinak, izan ere, heldutasun intelektualik ez izatean, ez dituzte ikaskuntza batzuk barneratuko. Ondorioz, adin bakoitzaren ezaugarrietara egokitzea beharbeharrezkoa da:

  • Diruarekiko jakin-mina izaten hasten dira neska-mutikoak 7 urte inguru dutenean. Momentu ona da aurrezten, solidario izaten eta dirua erabiltzen irakasten laguntzeko:
    • Komeni da dirua administratzea, parte bat aurreztuz, gerora balio handiagoko gauzak lortu ditzan.
    • Dirua beharrezko gauzak eta gauza baliagarriak lortzeko da, eta gutizia edo jolas-jarduera batzuk ordaintzeko.
    • Diruarekin solidarioak izan gaitezke, eta beste batzuei lagundu.
  • Zortzi eta hamaika edo hamabi urteren artean, munduaren irudi hain egozentrikoa ez dutenean, eta arrazoiketa batzuk egiteko eta ulertzeko eta ondorioak kausarekin lotzeko gai direnean, lanaren eta diruaren arteko harremana azaltzeko garaia da, baita gauzak zaintzeak diruarekin zerikusia duela ikastekoa ere, aurreko ikaskuntzak ahaztu gabe:
    • Erabiltzen ditugun gauzak zainduz gero, beharrezkoak ez diren gastuak ekiditen ditugu, eta horri esker beste xede batzuetarako izango dugu dirua.
    • Dirua lanaren truke lortzen da.
  • Aurrekoa kontuan izan badugu, hamabi urtetik aurrera ikaskuntzaprozesua jarraitzeko egoera onean izango gara; eta administratzen, zuhurrak izaten eta beraien eskubideak, betebeharrak eta pribilegioak baloratzen irakatsi ahal izango diegu:
    • Guztiok dugu lanaren truke dirua jasotzeko eskubidea, baina, ez ezeren truke dirua izatekoa; hori pribilegioa da.
    • Dirua administratu egin behar da denboraldi jakin bateko gastuei aurre egin ahal izateko.

Horri buruz proposamen batzuk:

Zazpi urte inguru dutenean haurrei paga ematen hasi gaitezke, batuketa eta kenketa kontzeptuak erabiltzeko gai baitira, garestia eta merkea kontzeptuak oraindik barneraturik izan ez arren.

Hitzartutakoa baino diru gehiago ez zaie eman behar, nahiz eta aste erdirako dena gastatuta izan, helburuetariko bat administratzen ikastea baita. Esaterako, zerbait erosi nahi badute eta ez badute nahikoa diru... itxaroten eta aurrezten ikasi beharko dute! Pagako diruari dagokionez, beharbeharrezkoa da hori adinaren eta familia-ekonomiaren araberakoa izatea. Aurrez seme-alabekin hitz egitea ondo dago, baina, jakin behar da ez dela komenigarria diru asko ematea, nahiz eta egoera ekonomikoak horretarako aukera eman. Helburua heziketa-irizpide batzuk finkatzea denez, zein gastuk duten lehentasuna ikasten lagunduko diegu, behar dutena, nahi dutena, izan dezaketena edo aurreztekoa den dirua bereizten erakutsiz.

Batzuetan, lagungarria izan liteke adin horretan gu nolakoak ginen pentsatzea, zer egiten genuen, diruari dagokionez zer eskatzen genuen, norbaitek erantzunik ematen zigun eta nola jokatzen zuen pertsona hark. Bistan denez, egoera aldatu egin da garai hartatik, "beste garai batzuk ziren". Ziurrenik, gaur egun baliabide ekonomiko gehiago dituzte batzuek, desberdina da inguruaren presioa, gainerakoen aurrean itxurak egiteko beharra... eta kontsumo aukera ere askoz handiagoa da. Hau da aldatu den gauzatariko bat, orain guri dagokigula erantzuna ematea. Sentikorrak izan eta gure haurtzaroa gogoratuz beraien egoera ulertzen saiatu gaitezke; baina, heldu eta guraso gisa hezteko betebeharra dugu, eta hezteko ahalegina egin behar dugu. Hori dela eta, batzuetan mugak jarri behar dizkiegu, nahiz eta ekonomiari dagokionez guretzat ez den inolako arazorik.

Irizpide argiak ez baditugu eta diru asko edo eskatzen diguten bakoitzean dirua ematen badiegu, ez dugulako nahi besteek baino gutxiago izan dezan edo diru asko dugulako, ez du ikasiko duena baloratzen. Ez dezagun ahaztu gurasoen funtsezko eginkizunetariko bat haurrei mugak jartzea dela, horiek beraien barne kontrolak garatzen dituzten bitartean.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI