Bergara.net

Sarrera

Josune Alberdi Eibarko Berritzeguneko hizkuntza normalkuntza aholkularia

Hizkuntzen ikasketa

Zibilizazio eta kultura guztietan egon den garrantzizko elementua da hizkuntza. Jende artean elkar ulertu ahal izateko, gizartea antolatzeko eta jakinduria transmititzeko sortutako baliabidea da.

Hizkuntzek munduan zehar eta eginkizun anitzetan jarduteko aukera ematen digute. Hizkuntza ezberdin asko dago. Guztiek balio berbera dute, baina gizartean ez daude egoera berean. Ez dago hizkuntza hoberik edo txarragorik, ez eta nekezago edo errazagorik. Hizkuntzak familian, eskolan eta gizartean ikasten dira. Horretarako entzun, irakurri, berba egin eta idatzi egin behar dira. Txikitan ikasten dugun hizkuntza ez zaigu nekeza egiten, modu naturalean ikasten dugulako. Hurrengo ikasten dugun hizkuntza, lehendik dakigunaren antzekoa bada, errazagoa egingo zaigu; oso ezberdina bada, ostera, gaitzagoa egiten zaigu.

Hizkuntzak ikasterakoan eragin izugarria du familiak. Senitartekoekin ikasitako aldaera batez ere ahozkoa da, eta herriko hizkerarekin dauka lotura, euskalkia ikasten da. Eskolan egoera serioagotan erabiltzeko hizkera ikasten da, estandarra, batua. Bietatik ikasi beharra dago, osagarriak dira; gizartean, egoeraren arabera, euskalkia edo batua erabiltzen dugu.

Hizkuntza erabiliz garatu egiten dugu; erabili ezean galdu ere egin daiteke. Zelan ikasten dituzte gure seme-alabek bi hizkuntza ofizialak eta atzerriko beste hizkuntza batzuk?

  • Gaztelania beharrezko hizkuntza da gure gizartean; etengabe ari dira entzuten eta erabiltzen. Erraz ikas eta praktika dezakete. Ikastetxeetan ere lantzen da.
  • Euskara hizkuntza minorizatua izanik, ezin da praktikatu hain erraz (aukera gutxiago dago erabiltzeko, batzuk ez dakitelako edo jakin arren ez dutelako erabiltzen). Euskararen garapena ziurtatzeko euskaraz jarduteko ahalik eta aukera gehien eskaintzea komeni da.
  • Familiako hizkuntza ahalik eta aberatsena erabiltzea komeni da eta seme-alabek berba egiteko egoerak sortzea (elkarrizketak, kontaketak, ...).
  • Gurasoek euskara jakinez gero, eten barik erabiltzea oso inportantea da umeak ondo ikas dezan. Irakasteaz gain, jarrera bat erakusten dugu: hizkuntza hori guretzat ere inportantea dela, baliagarria dela, ... eta horrela sinesgarriago egiten da euskararen balioaren mezua.
  • Behar-beharrezkoa da euskarazko ekintzetan parte hartzea, eta euskara erabiltzen egiten duen ahalegina baloratzea,... Bi hizkuntza jakinda, errazago egingo zaie umeei ikasketak ondo jarraitzea eta beste hizkuntza bat ere garatzea.

Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI