Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Antolaketa zerbitzuka »  Gizarte Ongizatea »  Gurasoendako Aldizkaria, aurrera begira »  Gurasoendako Aldizkaria, 11. alea »  Teknologia berrietara egokitzea

Teknologia berrietara egokitzea

Libe Mariscal Psikologa

XX. mendeko azken urteetan, eta XXI. mendeko lehenengo urte hauetan, teknologian aurretik antzerakorik izan ez duen gertatzen ari da eta , iraultza digitala ere deitu diezaiokegu. Gure seme-alabetako asko screenager bihurtu dira, hau da, pantailari itsatsita ordu luzeak ematen dituzten haurrak eta nerabeak, edo bide hori har lezakete batzuek. Gaur egungo gurasook gai horiei buruz hausnartzeko beharra dugu. Jakin egin behar dugu gure seme-alabak nola orientatu, eurekin nola moldatu, nola hazi, zer gertatzen zaien. Ez dugu zertan teknologia berriei gaitz guztiak egotzi. Gure seme-alabentzat aisia digitala izenda dezakeguna jolas bat besterik ez da. Gurasoak garen aldetik, garrantzitsuena eurengana hurbildu eta eurekin komunikatzeko eta hainbesteko denbora eskaintzen dieten eta eurengan hain interes handia pizten duten gai horiei buruz hitz egiteko interesa azaltzea da.

Zer gertatzen da teknologia berriekin? Batez ere, gurasoek ere menpekotasuna dutenean?

Teknologia berriak ez dira drogak, baina mendekotasuna edo atxikimendua sor dezakete, erabiltzen ditugun moduaren arabera; hori izango litzateke arrisku bat eta guk, gurasoak izanik, arrisku horren aurrean erne egon behar dugu. Beste alde batetik, teknologia berriek hainbat gaitasun bultzatu eta sustatu ere egiten dituzte, hala nola, informazioa barneratzea eta atxikitzea, indukziozko eta dedukziozko arrazoibideak egitea, estrategia kognitiboak era antolatuan eratzea eta baliatzea...

Teknologia berriak arduraz eta orekaz erabiltzea da kontua, eta gurasoak garen aldetik geure gain hartu behar dugu teknologia horiek ikuskatzeko, ezagutzeko eta partekatzeko eginkizuna. Zenbait gurasok, teknologia berriak ezagutu eta erabiltzen dituztenean, euren seme-alabek dituzten arrisku berekin topo egiten dute, eta bideo-jokoek eta play station-ek batez ere sortzen dituzte arrisku horiek. Bideo-jokoen adibidea jarriko dugu, garatzen diren mekanismoak azaltzeko. Bideo-jokoak etengabeko erronka dira erabiltzaileentzat, pantailan gertatzen ari diren egoera zailei aurre egiteko ingurunea behatu eta aztertzeaz gain, honako ekintza hauek ere egin behar dituztelako: informazioa barneratu eta atxiki, indukziozko eta dedukziozko arrazoibideak egin, estrategia kognitiboak era antolatuan eratu eta baliatu, eta trebetasun psikomotor jakin batzuk garatu (lateralitatea, koordinazio psikomotorea...).

Jokalaria, horrela, jokoan sartzen da, eta erabakiak hartu eta ekintza motoreak burutu behar ditu etengabe. Jokoan proposatzen diren helburuak lortzeak autoestimua handitzea ekarri ohi die jokalariei, eta askotan baita onarpen soziala ere lagunen aldetik. Beste alde batetik, arriskuria ere badago. Pertsona batzuek mundu horretan sartzeko joera gaizbera izan dezakete, euren inguruko gainerako errealitateetatik at geratzen baitira pixkanaka (lagunak, betebehar sozialak, bere burua zaintzea, eta abar), eta nortasunaren eta jokabidearen nahaste larriak jasan baititzakete.

Haurren eta gazteen kasuan, gurasoak gara gure seme-alabak sintoma horien aurrean orientatu behar ditugunak, batez ere urduritasuna, epilepsia edo zorabioak izan baldin badituzte. Baina, seme-alabek ez ezik, gurasoek ere neurtu behar dute bideo-jokoen erabilera; gurasoak garenez gero, ez dugu ahaztu behar gure seme-alabek ereduetan oinarrituta ikasten dutela (etxean ikusten dutena, alegia).

Zer suposatzen du erabilera horrek nerabeengan?

Garrantzitsua da teknologia berriak nola erabiltzen diren, horiek erabiltzen zenbat denbora ematen den eta, berez dagokien lekuan jartzeko orduan, norainoko gaitasun kritikoa dugun.

Nerabeentzat teknologia berriak erakargarriak dira, liluragarriak, biziki xarmatzen dituzte berdinen taldera hurbiltzen dituztelako, mugagabeko aukerak dauden paradisuetara eramaten dituzte, elkarreraginera aukera handiak eramatearekin batera eguneroko errealitatetik urruntzen dituztenak.

Kasu larri batzuetan, teknologiek sorrarazten dituzten ekintzek eta jokaerek aditzera ematen dituzte mendekotasunezko jarrera berriak, eta guztiz erne egon behar dugu horien aurrean. Oso gutxitan hitz egin daiteke mendekotasunezko jarrerez, ziur aski; hala ere, esan behar dugu beharrezkoa dela beti arduraz jokatzea, arriskurik egon badagoelako, guztiz txikia bada ere. Teknologia berriak neutralak dira, ez positiboak, ez negatiboak.

Zeintzuk dira gurasoek erabili behar dituzten irizpideak teknologia berrien erabileraren aurrean?

Lehenengo urratsa izango litzateke geure buruari galdetzea zer egiten duten gure seme-alabek ordenagailuekin, bideo-jokoekin, telebista elkarreragilearekin, Interneten, mp3 edo mp4 erabiltzen dituztenean, eta abar. Lanari ekin behar diogu. Garrantzitsua da etxean teknologia berrien erabilera partekatzea, hori baita etekina ateratzeko era bat, edo teknologia horiek kritikatzeko, balioztatzeko edo baztertzeko era bat. Horretarako, egokia da denek partekatzen duten leku batean kokatzea.

Orain, BIDEO-JOKOAK daude puripurian. Gauza guztiekin gertatzen den bezala, teknologia horrek bere alde onak ditu, eta baita hain onak ez diren aldeak ere. Alde batetik, bideojokoek indarkeria bultza dezakete; alabaina, Interneten ez bezala, sexua ez da oso nabarmena bideo-kontsoletan. Horren arrazoiak merkataritzakoak dira batez ere, familia guztiek makina horiek beren etxeetan sartzea onar dezaten eta seme-alabentzat eros ditzaten. Bideo-jokoak ekoizten dituzten enpresa nagusiek (Sega, Nintendo, Sony) formatu horietan pornografia baztertzeko konpromisoa hartu zuten.

Funtsezkoena bideo-jokoa ondo aukeratzea da. Gure seme-alaben adinari egokitua izatea. Garrantzitsua da eurekin jolastea eta jokoak eurekin aukeratzea, joko batzuek indarkeria handiko edukia dutelako, eta horrek adin txikikoengan hiperaktibitatea eta balioen nahastea sor ditzakeelako.

Beste jarraibide garrantzitsu bat erabilera- denbora kontrolatzea da. Familian komunikazio aktiboagoa izateko espazioak sortu behar dira, gure seme-alabei interesatzen zaizkien gaiak hautatuta.

Guraso askok gure seme-alabei euren urtebetetzean, jaunartzean edo Eguberrietan eskuko telefonoa oparitzeko modari heldu diogu, tresna horien ondorioak aztertu gabe. Hainbatek eskuko telefonoaren alde adierazten dute horrela seme-alabak non dauden jakin dezaketela, edota ez dutela nahi seme-alabak bazterturik sentitzea, beren taldean eskukorik ez duten bakarrak direlako. Haurrek ez dute eskuko telefonoaren beharrik, ia beti gurekin edo ikastetxean egoten direlako eta,edozer gertatuz gero, ikastetxetik familiarekin harremanetan jar daitezke.

Gurasook mugak ezarri behar ditugu, eskuko telefonoaren erabilera zentzukoa bultzatzearren: erabiltzeko adina (adibidez: gutxieneko adina hamasei urtekoa izatea). Eskukoa behar denean bakarrik erabili behar da, lanegunetan etxean utzi behar da; nerabeak bere gain har ditzake gastuak, pagatik ordainduta... Bukatzeko, ORDENAGAILUEZ ETA INTERNETEZ hitz egingo dugu. Teknologia hori ziberkafetegietan dago, liburutegietan, eskolan, lagunen etxean...

Gure seme-alabek badakite leku askotatik eskura ditzaketela sarean dauden eduki mugagabeak. Jakinarazi behar diegu zer den mundu hori. Etxean iragazki bat izan dezakegu, Internetek duen txarrena bertara sar dakigun saihesteko, baina kalean ez da hori gertatzen.

Seme-alabengana hurbildu eta zer duten gogoko jakin behar dugu: mp3 formatuan musika jaitsi nahi duten, edo txateatu nahi duten. Oso litekeena da beren gustukoa messengerekin konektatu eta lagunekin hitz egitea izatea, edo mezuak bidaltzea posta elektronikoaren bidez, edo kirol-orrietan sartzea. Gurasook Interneten ibiltzeko trebetasuna lortu behar dugu. Era horretan, informazioa lortu ahal izango dugu prebenitzeko dauden tresnei buruz eta, arazoren bat sortuz gero, garaiz erantzun. Adin txikikoekin eta nerabeekin argi eta garbi hitz egin behar dugu Internet erabiltzeari buruz. Elkarrekin nabigatu behar dugu.

Heziketa-zentroetan zer segurtasun politika baliatzen duten galdetu behar dugu, eta etxean zein ikastetxean oinarrizko segurtasun-arauak ezarri. Garrantzitsua da ordenagailua guztien begien bistan jartzea eta adin txikiko zein nerabeei Interneten ziurtasunez ibiltzen irakastea. Amaitzeko, arriskuak zeintzuk diren azaldu dugu, eta baita gurasoek zer jarraibide bete behar dituzten ere, beren seme-alabek teknologia berriak arduraz erabil ditzaten; baina, gogorarazi behar dugu oro har ez dela zertan arazorik sortu, eta teknologia berriek gure seme-alabei ekarpen positibo ugari egiten dietela. GOGORATU: TEKNOLOGIA BERRIAK EZ DIRA EZ ONAK, EZ TXARRAK, NEUTROAK DIRA, ETA NOLA ERABILTZEN DITUGUN DA GAKOA.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI