Bergara.net

Zorriak

Miren Arrate Bengoa Gorosabel Pediatra

Gure ume batek buruko azkura daukanean lehenengo gauza bururatu behar zaiguna zera da: ume horrek zorriak dituela. Eritasun hauen sortzaileak parasitoak dira, beste norbaiten bizkar (kasu hauetan umearen bizkar) bizi diren izaki bizidunak. Normalean nahikoa handiak dira; begi hutsez ikusteko modukoak.

Zorriak aspaldiko gauza zirela pentsa daiteke, gaur egungo gizartearentzat desagertutako zerbait bailiran. Zoritxarrez, duela zenbait urtetik hona parasito hauek nabarmen ugaldu dira. Ikasturtearen zenbait aro edo aldirekin kointziditzen dute ugalketa hauek; umeak oso maiz infestatzen baitira intsektu hauekin, eta kutsapen-iturriak bestalde, jende asko egoten den lekuak baitira. Ezin pentsa daiteke gaur egun zorriak status sozioekonomiko apala duten lurraldeetako gauza bakarrik direnik; gizarte-maila guztietan hedatuak baitaude. Eta hortaz, ez lukete konplexu-arrazoi izan behar eta ezta erru-sentimendurik sortarazi behar ere. Baina, dena den, giza arazo bat bezala onartu beharra dago.

Zorriak nola kutsatzen dira?

Zorriak, buruan (eta ileen artean bereziki) itsasten du. Kutsapen-iturriak, lehen-lehenik, pertsona asko batera kointziditzen duteneko lekuak dira (eskolak, haurtzaindegiak, kanpamenduak, etab.) Arreta berezia merezi dute eskola eta haurtzaindegiek; hauetan, beren jolasetan, umeak oso erraz elkar kutsa bait dezakete. Kapela edo antzekoen elkar-trukeak, orraziak eta jostailuak amankomunean erabiltzeak, buruko zorrien hedapen azkarra dakarte. Umeak dira, batez ere, eta edozein garaitan, adoleszentzi bitartean gehien erasaten direnak.

Transmisioa, ZUZENEKO HARREMANEZ gertatzen da batez ere. Orraziak, gorroak, besteak beste, amankomunean erabiltzeak ere kutsatzea errazten du. Burutik behera erortzen diren zorriak beti daude hilak edo lesionatuak eta ez dute, beraz, infestaziorako arriskurik.

Zergatik dira hain molestoak zorriak?

Azkura handia sortzen dutelako. Gehien aurkitzen den lekua belarriingurua da; buruaren atzekaldea, lepondoa.

Prebentzioaren aldetik honako puntuok bete behar dira:

Umeen burua, astean behin edo bitan, ongi aztertzea bartzak ikusiz; batez ere belarri atzeetan eta lepondoan. Bartzek larruazalera duten distantziak infestazioaren adina (edo zenbat egunetakoa den) adieraziko digu. Familiako beste partaideak ere aztertzea komeni da.

Irizpideak:

Zuen seme/alabak zorririk ez duela pentsatzen baduzue:

  1. Astero begiratu.
  2. Ez elkartrukatu txano, buruko zintak...
  3. Zaindu orraziak eta buruko erabiltzen duzue tresnak, garbiak egon daitezen.
  4. Zorririk ez badu, ez erebili baraien kontrako xanpu edo loziorik, bestela dituenerako inmunizatuta egongo baitira.

Tratamendua, ordea, parasitoak ikusten direnean soilik egin.

  1. Parasitoen kontrako produktoa eman, jarraibideei kasu eginez.
  2. Kendu buruko bartz guztiak (orraziarekin, eskuz...).
  3. Zortzi egun barru begiratu berriro eta bartzik nahiz zorririk balego, errepikatu. Batez bestekoa, behar da 6 aste.
  4. Komenigarria da familia guztiari begiratzea.

Eta ikastolan zer?

Ikusten denez, zorrien eta bartzen aurka egitea, berez, ez da zaila. Arazoa zorriek buru batetik bestera igarotzeko duten erraztasunean dago. Horregatik, neurriak hartu behar badira, eskolako haur guztiekin hartu behar dira. Haur bakar batek tratamenduari jaramonik ez egitea nahikoa da zorriak berriro ugaritzeko.

Zure umeak zorriak baditu, mesedez ikastolan esan, gurasoak jakinaren gainean egoteko.

Zorriak mekanikoki kentzea

Zorriak akabatzeko tratamendu topikoa egin arren, funtsezko osagarria da, bartzak mekanikoki kentzea. Halaber, aukera bat da, nahiz eta ez izan hain eraginkorra, botiken tratamendua kontraindikatuta dagoenerako (oso haur txikiak, haurdun dauden emakumeak...), eraginkortasunik ez duenean, errefusatzen denean, toxikotasuna eman denerako edota zorriak akabatzeko tratamendurik erabili nahi ez duten familientzat.

Mekanikoki zorriak kendu ahal izateko, zorriak akabatzeko tratamendurik erabili gabe, motibazioa, denbora eta trebetasuna beharrezkoak dira.

Prozedura: Zorriak akabatzeko tratamendua egin ondoren, zorriak eta bartzak kendu behar dira "orrazi estuarekin" (orrazi berezia da, 3-5 cm.ko hortz luzeak ditu eta hortzen artean milimetro bateko tartea, hobe da metalezkoa izatea eta puntak biribilduta izatea). Ilea umela dagoela orraztu behar da, zorriak gutxiago mugitzen direlako. Ilea ondo orrazteko 15-30 minutu behar dira (gehiago ilea luzea edota ugaria bada). Ilea orrazi estuarekin orraztu behar da 3-4 egunero, gutxienez bi astetan zehar. Orrazi elektrikoak ere saltzen dira. Hauek zorriak akabatzen dituzte ukitzen dituztenean; ile lehorrarekin erabili behar dira eta egoera honetan zaila da zorriak akabatzea, azkar mugitzen direlako. Gainera, orrazi elektrikoek ez dituzte bartzak akabatzen.

Tratamendua aurkezteko moduak

  • Lozioa (alkohol-soluzioa). Modurik onena da, produktua erraz sartzen delako eta hondar-aktibitaterik altuena eskaintzen duelako.

  • Krema: Asma, ekzema, hazka egiteagatik lesioak daudenean eta ume txikietan erabiltzeko lozioaren ordezkoa izan daiteke.
  • Txanpuak ez dira eraginkorrak, kontaktu- denbora oso laburra delako, urarekin kentzen direlako eta intsektizidaren azken kontzentrazioa oso diluituta dagoelako. Gehiegizko urak intsektua babesten du eta erresistentziak erraztu.
  • Sprayak: Hobe da produktu hauen erabilera saihestea, ez direlako lozioak baino eraginkorragoak eta begietan sartzeko arriskua dagoelako.

Tratamenduaren akatsen zergatia:

  • Diagnostiko okerra (azkura dermatitisagatik, zahiagatik...)

  • Modu egokian erabiltzeko jarraibideak ez betetzea.
  • Produktu ez-egokiak erabiltzea (txanpuak) edota kopuru ez-egokiak erabiltzea.
  • Berriz infestatzea (tratatu gabeko pertsonen bitartez)
  • Erresistentzia (ez ohikoa). 24 ordura zorriak bizirik daudela edo hazka egiteagatik sortutako lesioak daudela ikusten badugu, erresistentziak daudela pentsa daiteke.
  • Zorriak akabatzeko tratamenduekiko erresistentzia: Azken urteetan zorriak akabatzeko tratamenduekiko erresistentziak sortzen hasi dira, batez ere tratamendu hauek dosi baxuetan erabiltzen direlako. Esan beharra dago, ustez, erresistentzia kasuak diren hainbat, benetan, tratamenduen hutsegiteak izan direla, metodoak, dosiak edo denborak gaizki erabiltzeagatik edo produktu ez-eraginkorrak erabiltzeagatik.
  • Ozpin diluitua, ohiko metodoa izan da, bartzak iletara itsasten dituen zementu itsaskorra disolbatzen laguntzeko eta orrazterakoan errazago kendu ahal izateko. Ezin da inoiz erabili zorriak akabatzeko tratamendua baino lehenago, berau diluitzen duelako. Egile batzuk diotenez, tratamendu ostean ere ez litzateke erabili beharko, tratamenduaren eraginkortasuna gutxitu dezakeelako.
  • Badaude, beste metodo asko, belarrak eta olio naturalak oinarritzat hartzen dituztenak eta baita, etxeko erremedioak ere, baina ez da ezer argitaratu beraien segurtasuna eta eraginkortasuna ezagutzera emateko.

Gaizki erabilitako tratamenduak edo berriz infestatzea erresistentziak baino ugariagoak dira.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI