Bergara.net

"Zorionak: ama izango zara" liburua eta bilduma

AINTZANE LASA Arrasateko Udaleko Euskara Teknikaria

Orain gutxi kaleratu dugu Zorionak: ama izango zara euskarazko materiala, ama izango direnei zuzenduta. Material hau Debagoieneko euskara teknikariok egin dugu elkarlanean.

Proiektu honi heltzea erabaki genuen euskararen normalizazioan familia bidezko transmisioak garrantzia handia duelako ( izan ere, familia hizkuntza transmititzeko gune naturala da).

Familia transmisioaren inguruan lehen ere urrats batzuk emanak genituen (Zorionak haur jaioberrien gurasoentzako materiala, "Kantu eta Jolasen DVD eta liburuxka", 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzako eta gurasoentzako materiala...). Oraingoan guraso izango direnentzako materiala sortu dugu, haurra izatea familia sortzeko prozesuaren hasiera delako, eta lehendik transmisioaren inguruan egindako lanak osatuago geratzen direlako egitasmo honekin.

Material honen helburu nagusia da haurdunen eta emaginen eskura jartzea euskaraz landutako materiala. Liburuan adituek aukeratutako eta landutako gaiak garatzen dira, eta DVDan berriz, liburuxkan azaltzen diren atal praktikoen azalpenak daude. Lan honekin hasi ginenean garbi geneukan baldintza batzuk bete beharko zituela:

  • Irakurtzeko gogoa sortu behar zuela, eta horregatik jokatu dugu diseinu erakargarriarekin, koloreekin... arintasuna emateko.
  • Irakurtzeko erraza izan behar zuela, eta irakurketa errazteko asmoarekin hiztegia eta testu aipamenak jarri ditugu orrien aldamenetan.
  • Praktikoa izatea.

Orain artean emaginek ez dute horrelako materialik izan, euskara hutsean dagoen lehenengo lana delako. Hutsune hori betetzera dator, beraz, lan hau eta horretarako bailarako emaginek hainbat urtetan pilatutako informazioa eta ezagutza pilatu ditugu, euskaratu eta txukun jarri ahal izateko.

Bildumaren atalak:

Bildumak liburuxka eta DVDa ditu. Liburuxkak 87 orrialde ditu eta bertan bost gai nagusi eta informazio gehigarria aurkitzen dira:

  1. -Haurdunaldiko zainketa: haurdunaldi osasuntsua izateko eta umearen garapena egokia izateko hartu beharreko neurriak agertzen dira (oinarrizko aholkuak, higienea, elikadura, ariketak...)
  2. -Erditze osteko zainketa: amaren bizimodua erabat aldatzen den momentu honetan amak jarraitu beharreko gomendioak jasotzen dira (errekuperazioa, sexu harremanak, pelbis zorua...)
  3. -Edoskitzea: jaioberriaren premia fisiko eta afektiboak asetzea da garrantzitsuena. Hori dela eta, atal honetan lantzen dira bularra ematearen onurak, esnearen igoera, amaren esnea atera eta gordetzea...
  4. -Masajea: teknika goxo eta atsegin honen onurak eta masajeak nola eman azaltzen da.
  5. -Haurraren zainketa: jaioberriak bere garapen fisiko eta emozionalerako behar dituen oinarrizko zainketak jasotzen dira (garbitasuna, bainua, loa, segurtasuna...)
  • Informazio gehigarria hainbat gairen inguruan: haurdunaldiko frogak, egin beharreko zenbait tramite, dirulaguntzak... DVDak liburuan azaltzen diren gai praktikoen azalpenak eskaintzen ditu eta gai hauek lantzen dira:
  • Haurdunaldiko ariketak: luzaketak, postura egokiak...
  • Haurrari nola eman masajea sabelean, aurpegian, bizkarrean...
  • Edoskitzea: bularraren garbiketa, bularra emateko posturak...

Bildumako protagonistak bertako gurasoak eta haurrak dira, eta horrek zalantza barik balio erantsia ematen dio produktuari. Gertuko produktua da, ibarreko protagonistekin.

Banaketari dagokionez, 1.500 ale argitaratu ditu Debagoieneko Mankomunitateak eta datozen hilabeteotan bailarako emaginek banatuko dituzte doan euren kontsultetan.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI