Bergara.net

Gurasoen galderak

Jose Ramon Fernandez (Psikologoa, Psikologia konduktualeko kabinetea) c/ Ramon Maria Lili 2 BERGARA. Tlf: 943765939

1) Gure semea lehen hezkuntzako lehen mailara igaro da aurten. Irakaslearekin hitz egin dut, eta esan dit semeak ez duela arazorik izango, baina txikia zenetik, ikasketak garrantzitsuak direla eta ikasi egin behar duela irakatsi nahi izan diogu. Nola indartu dezakegu ikasketa, gehiegizkoa izan gabe?

Egunero-egunero pixka bat lan egiteak ikasteko ohitura sortzen laguntzen du, eta horrez gain, oinarrizkoa da haur eta ikasle arduratsu izan dadin. Haurrei txikitatik eskatu behar zaizkie zenbait erantzukizun -esaterako, beren jostailuak eta arropa biltzea-, eta erantzukizunak, pixkanaka, eskola-eremuan orokortu.

Eskolako lehen urteetan, hezitzaileek hau proposatzen dute: gurasoek seme-alabei laguntzea lana planifikatzen, lana nola egin aurreikusten eta lana baloratzen. Haurrak haziz doazen heinean, bakarrik utzi behar dituzte beren gelan, baina lan egiten duten bitartean, haiek bisitatu eta haien zailtasun eta lorpenei buruz hitz egin. Hau da, gurasoek haurrak kontrolatu behar dituzte, baina nekarazi gabe.

Seme-alabek motibatzen ikasteko, ondo egiten dutena goretsi behar dute gurasoek, txarto egiten dutena kritikatu beharrean. Horrez gain, seme-alabei errendimendu ona eskatzean, errealista eta ulerkor jokatu behar dute (seme-alaben ahalmenak aintzat hartuta eta konparaziorik egin gabe), beharrezkoa ez den laguntza ez eman, ikuspuntua inposatu gabe aholku eman eta ondo egindako lana sustatu.

Agerikoa da elementu nagusietako bat lan-bolumena haurren adinaren arabera neurtzea dela, beraiek etxean egin ahal izateko, alegia. Azken batean, haurrak dira, eta denerako izan behar dute denbora. Lehen hezkuntzako lehen urteetan, etxean egiten duten lanak gelan ikasitakoa berrikusten lagunduko die. Hori bai, gehienez ordu erdi bat.

Zenbait faktorek eragina dute haurren motibazioan, besteak beste haien jarrerak eta besteek haien lanari esaten dutenak. Gurasoek, eskuarki, gai horri buruz kezka erakusten badute (betiere, gehiegizkoa ez bada eta notekiko obsesio bihurtzen ez bada), haurra ikasteko motibatuta egongo da.

Ikasteko motibaziorik onenetako bat ikasten jakitea da. Ikasten dakitenek erantzunak ateratzen dituzte liburuetako edukietatik, aldez aurretik egiten dituen galderei erantzuteko. Ikasten jakiteko, modu ulerkorragoan irakurtzen irakatsi behar diegu, irakurtzen dutenaz jabetu daitezen. Hori dela eta, oso lagungarria da galderak egitea, irakurri dutena ulertu ote duten jakiteko eta datuak gogoratu besterik egiten ez dutela egiaztatzeko.

Ulermenezko irakurketa errazagoa izango da, lexikoa aberastuz gero. Horrenbestez, hiztegien erabilera sustatzea komeni da eta, beraz, haiek erabiltzen irakastea. Funtsezkoa da paragrafo bakoitzeko ideia nagusia aurkitzen eta azpimarratzen irakastea, bai eta azpimarratutakoarekin eskemak egiten ere.

Ikasteko ohitura sortzeko, etxeko lanak egiteko eta ikasteko ordutegia ezarri eta leku egokia eta erosoa prestatu behar zaie. Arrakasta lortuko bada, garaipen txikiak lortu behar dira, egunez egun ahalegin txikiak baina konstanteak eginez.

2) 16 urteko alaba daukat, eta duela gutxi, mutil batekin hasi da. Ordutik hona, bien eskola-errendimendua asko murriztu da. Ez dut uste alabak bigarren hezkuntza amaituko duenik. Zer gomendatzen didazu? Bien arteko harremana hausten saiatu beharko nuke?

Maitasuna adinik gabeko sentimendua da. Bat-batean pizten da, eta paradisura eramaten gaitu, edo ilunpetan hondoratzen. Zortea edo gaixotasuna izan daiteke, baina kontua da bizipen normal-normala dela, eta zure alabaren emozio- eta afektibitate- garapenerako beharrezkoa.

Hortaz, behar-beharrezkoa da laguntzea eta ulertzea, nerabeak horrelako egoeran orientatzeko.

Nerabeei kostatu egiten zaie gurasoekin lehen maitasunaz hitz egitea, oro har, errieten, galderen eta ulermenik ezaren beldur direlako eta gurasoek laguna ikustea debekatuko ote dieten beldur direlako. Beraz, seme-alaben intimitatearekiko jarrerak irekia eta errespetuzkoa izan behar du.

Lehenengo eta behin, zeure burua aztertu behar duzu, eta zure emozioak zintzotasun osoz onartu.

Batzuetan, seme-alabei zerbait gertatzeko beldurrez, haientzat esperientzia liluragarria dela ahaztu ohi dugu. Alabarengandik hurbil egon behar duzu, eta lagundu, baina uneoro errespetatuz. Orain, beste egoera guztietan bezala, elkarrizketa da funtsezkoena. Alabak mutil-lagunarekiko dituen emozioak kontatzen badizkizu, entzun egin behar diozu, asaldatu gabe eta adinaren zorakeriak direlakoan barrez hartu gabe.

Harentzat, bere sentimenduak dira, eta hori oso sakona da, oihuekin eta zigorrekin aldatu ezin duzuna, ezta mutil-laguna gustuko ez baduzu ere. Kasu horretan -hain zuzen, mutillaguna gustatzen ez bazaizu-, arrazoiak eman behar dizkiozu alabari, ulertu eta haiei buruz zurekin hitz egin dezan.

Halaber, litekeena da alaba eta mutil-laguna elkarren baitan ixtea. Logikoa da elkarrekin egon nahi izatea beti, baina erakutsi behar diozu harremanaz bestelako gauzak ere badaudela, gaztea dela eta oraindik ere gauza asko bizi behar dituela, ez diola lagunekin irteteari utzi behar, eta beste jarduera batzuk -esaterako, ikastea eta etxean laguntzea- alde batera uzten ez dituen bitartean ez dela inolako arazorik egongo. Naturaltasunez hitz egiten baduzue, errazagoa izango da bientzat.

Behartu gabe, bere sentimenduekiko interesa agertu eta mutil-lagunaz galdetu diezaiokezu. Izan ere, alabak ongi baderitzo, mutil-laguna etxera gonbidatu dezakezu. Elkarrizketa horretan, garrantzitsua da nahi gabeko haurdunaldiak eta sexu-transmisiozko gaixotasunak eragozteko neurriez ere hitz egitea.

Antisorgailuei eta sexu seguruari buruzko informazioa eman behar diozu, alderdi fisikotik eta afektibitatekotik, itzulinguruka ibili gabe, geure erantzukizuna delako.

Harremana hausten ez saiatzea eta mutil-lagunarekin egotea ez debekatzea gomendatuko nizuke; izan ere, kaltegarria izan daiteke, adin horretan maitasun debekatuak oso morbosoak dira eta. Heldua balitz bezala tratatu behar duzu, eta horrela jokatzen hasiko da.

3) 4 urteko semea dugu, eta egunero kalera irteten gara jostailuren batekin: patinetearekin, baloiarekin... Kontua da, beste haur batzuekin elkartzen denean, haien jostailuak nahi dituela beti, eta horrez gain, ez dizkiela bere jostailuak beste haurrei uzten. Ez dakit zergatik duen jokaera hori. Guk elkar banatu egin behar duela irakasten diogu, eta ez duela zekena izan behar.

Haurra ez da berekoi jaiotzen. Sentimendu hori geroago garatzen da, eta horrenbestez, oso garrantzitsua da haurrei elkar banatzen laguntzea. Sei urte dituzten arte, gutxi gorabehera, egozentrismoaren garaia igarotzen dute haurrek, eta hori ez da desoreka bat edo jarrera negatibo bat. Aitzitik, haien autoestimua indartzeko balio du, hau da, nork bere buruaz duen iritzia eta besteek ustez gutaz pentsatzen dutena indartzeko. Haurrek ez dituzte beren gauzak utzi eta elkar banatu nahi; izan ere, zerbait beraiena dela ulertzen eta sentitzen hasiak dira, eta jabetzaren zentzua oso berria da, eta oinarrizkoa, auto-kontzeptua garatzen jarraituko badute.

Zerbait elkar banatzen ez dutenean, beren lurraldea markatzen ari dira. Beren gauzak direla ulertu eta beren burua garrantzitsutzat hartzen ari dira, eta munduaren zilborra bailiran sentitzen dira. Haurrek ez dute ulertzen gauzak beraienak izango direla, nahiz eta besteei utzi eta elkar banatu; aitzitik, beste haur bati zerbait uzten badiote betiko galduko dutela uste dute. Elkar banatzea ez da berez ikasten duten zerbait, eta beraz, seme-alabei elkar banatzen irakastea da gurasoen lana, kontuan hartuta beren jokaera oso eredu garrantzitsua dela, haurrek etorkizunean izango duten jokabidea moldatzen baitu. Ingurukoek (gurasoek, anai-arrebek...) elkar banatu egiten dutela ikusi behar dute. Oinarrizko jarraibide gisa, honako hauek proposatzen ditut:

  • Haurrak jakin behar du objektu batzuk besteenak direla, eta beste batzuk bereak eta ez beste inorenak. Hori dela eta, mugak jarri behar dizkiogu: "hau neurea da, hau zeurea da" esan behar diogu, bereizten ikasi eta gauza guztiak bereak ez direla ulertu dezan, baina den-dena elkar banatu daitekeela, eta elkar banatu egin behar dela. Hori dela eta, ez da ideia ona jostailu bera anai-arreba guztiei erostea. Halaber, ez eman bere jostailuak inori, galdetu gabe; zalantzati sentiaraziko duzu, eta horren ondorioz, litekeena da gero bere gauzak uztea kostatzea.
  • Lankidetza zer den erakutsi behar diogu, zenbait egoeratan elkarrekin lan egiteak eta elkarbanatzeak alde onak dituela ikusarazteko. Jarduera bat egiten hasten den bakoitzean, elkar banatu egin behar duela esan eta txandak errespetatzen irakatsi behar diogu. Horretarako, galdetu diezaiokegu zer jostailu nahi dituen elkar banatu eta zein ez, eta elkar banatu nahi ez dituenak gorde egingo ditugu. Zer jostailu elkar banatuko dituen galdetzen diogunean bat ere ez duela elkar banatu nahi erantzuten badu, jakinaraziko diogu berak ere ezingo duela horrekin jolastu. Komeni da haurrak elkarbanatzeko bereziak diren jostailuak izatea; orduan, ondo-ondo azaldu beharko diogu jostailu horiek zertarako diren. Haurren artean eztabaidarik pizten bada, haien artean konpontzen lagunduko diegu. Laguntzeko modu bat txandak eta denborak ezartzea da, edo jostailu batekin lehenengo nork jolastuko duen zozketatzea. Garrantzitsua da haurren jolasak gainbegiratzea; izan ere, hiru eta lau urteko haurrek ez dute denboraren zentzua barneratuta, eta zain egotea kostatu egiten zaie. Txandak errespetatzen irakasteko, beste haur batzuekin egiteko eta jostailuak eta egoerak elkarbanatzeko moduko jarduerak antolatu ditzakegu. Hona hemen adibide batzuk: puzzleak eta antzekoak egitea, mozorrotzea eta taldetan irudiak margotzea egitea. Marrazkietan, dagokion koloreaz margotu behar dute gauza bakoitza (hau da, ez da onartuko zerua berdea eta itsasoa horia izatea, adibidez). Haur bakoitzak kolore jakin batzuk izango ditu. Ezin izango ditu trukatu, eta helburua denon artean irudia osatzea izango da. Elkarrekin eta elkar banatuz jolastu daitekeela ikustea laguntza handia da haurrarentzat, bera lehenengoa eta bakarra ez dela ulertuz joango delako.
  • Elkar banatzeak ahalegin handia eskatzen duenez, eta berebiziko lorpena denez, elkar banatu, txanda errespetatu edo besteei laguntzen dien bakoitzean, goraipatu egin behar dugu haurra, eta bere ahaleginak aintzat hartzen ditugula erakutsi. Laburbilduz, elkarbanatzea ez elkarbanatzea baino atsegingarriagoa izatea lortu behar da.

Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI