Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Antolaketa zerbitzuka »  Gizarte Ongizatea »  Gurasoendako Aldizkaria, aurrera begira »  Gurasoendako Aldizkaria, 12. alea »  Txikitatik denetik jaten ikastea

Txikitatik denetik jaten ikastea

Mireia Alberdi Nutrizio eta giza elikaduran diplomatua

Dagoeneko nahiko frogatua dago gure osasuna, maila batean, gure elikadura motari lotua dagoela. Eta nolako elikadura mota dugun (akatsak, gabeziak, gehiegikeriak, ...) epe luzera hainbat osasun arazo ere ekar diezazkigukeela.

Horregatik, azken urteetan garrantzi handia eman zaio umeek txikitatik denetik jaten ikasteari. Jakin badakigulako txikitako ohiturak betirako ohitura bilakatu ahal izango direla. Eta horiek gure bizitzako lehen urteetan ohitura osasuntsuak badira, helduak garenean "bizi aseguru" bezala joka dezaketela gure alde, gaixotasun batzuk izateko aukerak gutxituz. 0-5 urte tartean garapen fisiko eta intelektuala oso handia da. Eta elikaduran aldaketa nabariak eman beharko dira. Umea esnea soilik hartzetik elikadura garatu eta osoa edukitzera pasa beharko litzateke, denetik jatera.

Lehenengo hilabeteetan esnea izango da jaki bakarra, amarena izango delarik hoberena. Ondoren, pixkanaka janari berriak probatzen hasi beharko litzateke 1- 3 urteko tarte horretan. Beharbada, gurasoentzako lasaigarria izan daiteke jakitea denek ez dutela erritmo berbera eta hori errespetatzen jakin beharra dagoela. Gainera, adin tarte honetan (1-3 urte) umeen hazkundea ez da horren azkarra eta, ondorioz, beraien apetitua murriztu egiten da, eta gose gutxi duten itxura ematen du. Baina ez da horrela, prozesu natural bat da. Beraz, askotan kantitateaz baino gehiago jaki eta testura desberdinak emateaz arduratu behar gara, jatekoak ahalik eta kalitate onenetakoak izateaz arduratuz. Kalitatea kantitatea baino hobe.

Ondorengo urteetan (3-5 urte) jateko ohitura egokiak sendotu behar dira.

Hala ere, hara hemen hainbat gomendio denetik probatzen edo jaten lagunduko dutenak.

Pazientzia eta konstantzia

Lehen hilabeteetan umea soilik esnearen bidez elikatuko da. Ondoren, pixkanaka-pixkanaka jaki berriak probatzera emango diogu. Ahalik eta lasaitasun handienarekin. Nahiz eta askotan ez den erraza konparazioak (besteek beti hobeto jaten dute) eta exigentzia maila (kantitate aldetik) direla medio.

Bestalde, gustuari dagokionez, jateko orduan, nahi gabe, umeei exigentzia maila altua ipintzen diegu. Jakiren bat ez badu gustuko, desesperatu egiten gara, baina hilabete batzuen buruan "nahiko" ona dagoela esaten digunean, berehala uste dugu guztiz bere gustukoa dela eta ez dugu onartzen hurrengoan umeak ez duela nahi esatea. Beraz, gogoratu behar dugu pazientzia dela, beharbada, estrategiarik onena. Horregatik, ez dugu amore emango.

Behin eta berriro jaki desberdinak eskainiko dizkiogu (gustuko dituenak eta gorrotatzen dituenak ere bai). Puntu honetan, interesgarria da azpimarratzea ulertzekoa dela umeek zerbait berria probatzera ematen diegunean ipintzen duten erresistentzia. Arrotza egiten zaien zerbait ahoan sartu behar dute eta gainera irentsi. Ez da erraza. Beraz, akaso, beraien tokian jarri gaitezke eta lasaitasun osoz eta konstantzia handiz behin eta berriro jaki desberdinak eskaini.

Jaki berriak (fruta, adibidez) probatzera ematerakoan hasieran esnearekin nahastu eta pixka bat berotzen badugu, agian errazagoa egingo zaie. Bestela, beraientzat zapore berria da eta, gainera, hotza dago. Zapore eta tenperatura horren inguruan aurretik ez dute inongo erreferentziarik. Beraz, askotan, normala den moduan, ez dute nahi izaten hori jan.

Imitazioa

Urtebetetik aurrera (beti ere, gutxi gorabehera) umeak nagusiekin mahaian esertzeko gaitasuna lantzen hasi gaitezke. Familiako beste partaide baten moduan. Eta besteek jaten dutena probatzera eman. Jatorduak lasai eta giro atseginean egitea oso garrantzitsua da: familia guztia mahai inguruan eserita eta patxadaz, eguneko jatordu garrantzitsuenak egiteko. Hori dela eta, telebista aurrean jatorduak egiteko ohitura ez da egokiena, familiaren barneko komunikazioa eta lasai giroa eteten duelako. Umeak, oso txikitatik, ikasteko prest azaltzen dira eta, gauza bakoitzaren zergatia adierazten badiegu, askoz errazago onartuko dituzte betebeharrak. Era berean, gogoratu behar dugu umeek imitazioaren bidez ikasten dutela. Horregatik, berebizikoa da guraso, aiton-amona edo zaintzaileek emango dioten eredua. Askotan, zer ikusi hura ikasi.

Menu bakarra jatordu bakoitzeko

Familian gurasoek erabaki beharko lukete beraien seme-alabei zer den gehien komeni zaiena, eta ez umeek.

Gaur egun etxe askotan bazkariak eta afariak jatetxe bateko menuak dirudite, plater desberdinak familiako bakoitzarentzat. Horrela, gaur egungo umeek beraiei gehien gustatzen zaizkien jakiak bakarrik dituzte euren dietan, beste elikagai eta jaki asko albo batera utzita. Horregatik, menu bakarra egoteak badu bere garrantzia. Gogoratu behar dugu jatorduak une ahalik eta lasaiena izan behar duela. Eta janariak ez duela zertan izan "borrokarako" edo "istilutarako" gaia. Orduan, zer egin haur batek jaki bat ez duela nahi esaten digunean? Beharbada, modu egoki bat, jatekoak eskaintzean datza. Umeak argi eduki behar duena da denetik probatu behar duela, koilarakada bat, behintzat, jan beharko duela, nahiz eta plater guztia ez bukatu. Baina, era berean, oso garbi gelditu behar duena da, beste ezer ere ez duela izango, besteen moduan jan beharko duela (patologiak salbu, noski). Ez dela berarentzat beste ezer prestatuko. Eta hori umeari jaten ematen dioten pertsona heldu guztiek izan behar dute argi. Bestela, umeak azkar ikasten du norekin jan eta norekin ez.

Plangintza

Ideia baliagarri izan daiteke menuak planifikatzea. Horrela, bat-batekotasuna alde batera utzi eta denbora, dirua eta buruhausteak aurreztuko ditugu.

Saiatu gustuko dituzten jakiak probatu gabe dituztenekin konbinatzen. Horrela, beraiei ere errazagoa egingo zaie. Askotan barazkiak eta entsaladak izaten dira arazo gehien ematen dituztenak; beraz, plater oso bat eskaini beharrean guarnizio bezala eskaini daitezke, koilarakada txiki bat.

Jatorduetatik kanpo jaten dena ere adostu daiteke. Lehenengo urteetan litxarkeriak saihestu beharko genituzke, azukre, gatz eta aditibo kantitate handiak dituztelako. Eta beraien osasunerako kaltegarriak izateaz aparte, jatordu garrantzitsuetarako gosea gutxitu egiten diete.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI