Kirola: seme-alaben formakuntzarako osagaia
Luis Mari Zulaika Isasti EHU-UPVko irakaslea Jarduera Fisiko eta Kiroletako Zientzien Fakultatea Pedagogian doktorea
Udako oporrak gainean ditugu. Denok irrikaz desiratutako eta merezitako garaia, urtean zehar pilatutako nekeak eta arazoak atzean uzteko une egokia. Baina indarberritze hori era askotakoa izan daiteke. Hemen zure seme-alabentzako aisialdirako aukera merke, osasungarri, erakargarri eta hezitzailea aurkeztera gatozkizu: KIROLA (eta oro har jarduera fisikoa).
Haurrak aspalditik daude oporren zain, ikasturteko errutinatik ihes egin nahi dute eta denbora librea izan behingoz, atsedena hartu, deskonektatu, erlaxatu, bai fisikoki baita mentalki ere. Zenbait haurrentzat alferkeria, asperdura eta denbora galtzeko tartea bihurtu ohi da: telebista, joku elektronikoak, ohean gelditzea... (hain zuzen ere, gorputzak biologikoki inoiz baino mugimendu behar handiagoa duen garaian). Garbi izan behar dugu ideia bat: "aisialdia ez da ezer egin gabe egotea, gustuko duguna egitea baizik". Bereziki adin hauetan garrantzitsua da bizi-estilo aktiboa izatea: hau da, kirola edo jarduera fisikoa egin; desplazatzeko modu aktiboez baliatu (oinez, bizikletaz...), eta jolas dinamikoak praktikatu (harrapaketa, ezkutaketa...). Izan ere, onura ugari eragiten ditu jarrera horrek. Besteak beste ondorengoak:
- Oro har, osasuna eta bizi-kalitatea hobetzen du (gainera aparatu guztietan du eragina). Onura fisikoez gain (gorputzekoak) psikologikoak ere nabarmenak dira (agresibitatea, estresa, afektibitatea...) bai eta sozialak ere.
- Hezurrak hazten laguntzen du, bai luzeran, bai eta sendotasunean ere, (mineralizazio prozesua eta dentsitatea handituz). Ondorio hau oso garrantzitsua da, behin 30 urtez geroztik parametro horiek hobetzea ezinezkoa baita. Horregatik esan ohi da haurtzaroko kirol jarduera hezurrentzat aurrezte-plan baten antzekoa dela, kalitatezko geroa ziurtatzen digula, alegia.
- Gizentasuna saihesten laguntzen du, kaloriak erretzen dituztelako, gehiegizko kiloak pilatzeko aukerak murriztuz. Garrantzitsua da adin hauetan arazo honi aurre egitea, izan ere orain gantza (koipea, grasa) pilatzeko zelula berriak sortzen dira; heldutasunean berriz, ez dira gehiago sortzen, daudenak gehiago gizendu baizik. Haurtzaroan gizena izan den haurrak erraztasun handiagoa izango du helduaroan ere hala jarraitzeko (zelula adiposo ugari dituelako).
- Gorputza modu orekatuan hazten laguntzen die gure seme-alabei. Jolastu eta mugitu egiten den haurrak muskuluak ere lantzen ditu. Giltzadurak babestuagoak izango dituzte edozein motatako istripuen aurrean (erorketak, bihurrituak, kolpeak...). Gorputzeko organoak eutsi, babestu eta pisuaren banaketarako ere ondorio positiboa du.
- Zirkulazio aparatua nabarmen hobetzen du: bihotza sendoagoa dugu, arteriak eta benak zabalagoak eta malguagoak, kapilarizazioa garatuagoa, odola "meheagoa" eta aberatsagoa, oxigeno gehiago garraiatzen dute, muskuluek errazago jasotzen dute oxigenoa,... Kontuan izan multzo honetako arazoak direla ugarienak aurreratutako gizarteetan eta aurrikuspena gorantz doala hurrengo hamarkadetarako. Gainera, neurriak hartzen haurtzaroan hasi behar da.
- Arnasa hartzeko ahalmena hobetzen du. Izan ere, besteak beste, biriketako bolumena handitzen da, bai eta albeolo kopurua ere eta toraxeko (bularreko) muskuluak garatu ere. Ondorioz bihotza eta hainbat organok lana neke gutxiagoz egingo dute.
- Immunologi sistema garatuagoa izango duenez, gaixotasunei aurre egiteko gaitasun hobea izango du. Digestioa errazago egingo du. Lo eta, oro har atsedena, errazago hartuko du.
- Era berean, onuragarri izango du lagun berriak egiteko eta besteekin hobeto konpontzen ikasteko, harremanetarako beharrezkoak diren trebetasun sozialak garatuz eta bere sozializazioa erraztuz. Gogoratu eremu soziala osasunaren barnean ulertzen dela gaur egun. Bere heziketa-prozesuan lagunduko dio, pertsona zuzen gisa hazten.
- Kiroltasunean gizalegezko portaerak ikasiko ditu; talde-lanerako eta elkarlanerako gaitasuna hobetuko du; arauak, kideak, arduradunak errespetatzen ikasiko du; hartutako konpromisoak erantzukizunez betetzen; eta oro har bizitzarako baliagarriak izango dituen balio positibo ugari eskuratuko ditu.
Onura horiek guztiak jasotzeko ordea, kirol-jarduera horrek ezaugarri batzuk izan beharko ditu. Hau da, kirolak, berez, edozein modutara burututa ez ditu beti lortzen aipatutako ondorio positiboak. Haurtzaroko kirolak onura fisiko eta hezitzaile hauek parte hartzaile guztiengan ziurtatzeko izan beharreko baldintzen artean 2 nabarmenduko ditugu:
- Antolaketak duen ikuspegia edo helburua. Garai batean haurtzaroko kirola gaitasun apartekoak detektatzeko baliabide gisa ulertzen zen, gerora gutxi horiek goi-mailara iritsi zitezen. XXI. mendean hiritar guztiengan bizi-estilo aktiboak sustatzeko tresna moduan ikusten da, ordea, beraien bizi-kalitatea hobetze aldera. Era berean, antolaketa honek ahalbidetzen du gerora maila gorena dutenek goi errendimenduan jarrai dezaten.
- Haurtzaroan haurraren garapen psikomotorea bere osotasunean jorratu beharko da. Kirol eta jarduera desberdin ugari landu beharko ditu hasiera batean. Oinarrizko trebetasun motore guztiak ondo landuta izateak oinarri sendoa emango die etorkizunerako. Modu honetan garapen orekaturako zutabeak bermatzen dizkiogu etorkizunari begira. Kirolari hori gai izango da aurrerantzean edozein jarduerara egokitzeko. Beranduago bakoitzak aukeratuko du zein espezialitate jorratu nahi duen.
Jakin behar dugu helduaroan ohiturak aldatzea oso zaila dela, horregatik da garrantzitsua haurtzaroan hastea bizi-estilo eta usadio egokiak lantzen. Ikusita,bada, zein aukera duten gure seme-alabek osasuna hobetzeko, harremanak hobetzeko, hezteko eta ohitura positiboak eskuratzeko, lagun diezaiegun modu arduratsuan. Denborak eskertuko digu.
Bibliografia:
Zulaika, Luis Mari eta Muņoa, Maite (editoreak) (2002). 30 ARRAZOI KIROLA EGITEKO.
Ariketa fisikoaren onurak osasunean. Zulaika, Luis Mari (editorea) (2004). 25 ARRAZOI KIROLA EGITEKO. Onura psikologikoak, sozialak eta balio hezitzaileak.
