Bergara.net
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Antolaketa zerbitzuka »  Gizarte Ongizatea »  Gurasoendako Aldizkaria, aurrera begira »  Gurasoendako Aldizkaria, 12. alea »  Eskola porrota bigarren hezkuntzan

Eskola porrota bigarren hezkuntzan

Benjamin Atutxa Eibarko Berritzeguneko zuzendaria

Eskola porrotak hezkuntza mailako helburuak lortu ez dituen ikasle kopurua adierazten du. Eskola komunitatearen kezkarik handiena izan da eta bada, oraindik ere, eskola porrota jasaten duten ikasleek zailtasun gehiago izango dituztelako gizarte sustapenerako. Espainiako estatuko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, eskola porrota % 26koa da, ELGAko (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) herrialdeetako batez bestekoa (%20) baino zertxobait handiagoa; hain zuzen, %20koa da Bergarako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako eskola porrota. Horrez gain, aintzat hartzen badugu Batxilergoa egiten hasten diren ikasleen %10ek gutxienez ez duela amaitzen, gazteen % 30ek ez duela Batxiler titulua ondoriozta dezakegu, alegia, unibertsitatean edo Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan hasteko aukera ematen duen titulua falta dutela.

Bestalde, ELGAk sustatzen duen PISA proiektuak -herrialde garatuetan ospe handikoak- ezagutza, trebetasun eta gaitasunen profila ematen duen oinarrizko adierazle multzoa lortzea du helburu. Orain arte, honako gaitasun hauek neurtu dira: irakurtzeko gaitasuna (2000), matematika gaitasuna (2003) eta zientzia gaitasuna (2006). Horrez gain, ondorioztatu denez, "15 urteko ikasleen % 26k ez daki eguneroko gaiei lotutako oinarrizko problemak ebazten", besteak beste. Aurrekari familiarrek eta faktore sozioekonomikoek dute eraginik handiena ikasleen errendimenduan. Mutilen eta nesken arteko aldeei dagokienez, egindako ikerketek agerian jartzen dute nesken eskola porrota mutilena baino txikiagoa dela, ikasten denbora gehiago ematen dutelako eta diziplinatuagoak direlako.

Eskola porrotaren kausak

Azken belaunaldietan, hainbat gizarte aldaketa jazo dira, eta garai batean gizarteko oinarriak ziren erakundeak ez dira orain hain garrantzitsuak. Gaur egun, gauza gehiegi eskatzen zaizkio eskolari, eta irakasleek ezin diete gizarte-eskaera guztiei erantzun, gainezka daudelako. Eskola porrota zenbait faktorek zehaztutako arazoa da. Hona hemen:

  • Eskola-testuingurua.
  • Familia. Ukaezina da emaitza onak eta gizarte-jatorria -hau da, familiak gai soziokulturalarekiko duen interesa- hertsiki lotuta daudela.
  • Hezkuntza sistemaren funtzionamendua.
  • Administrazioaren jarrera, baliabideei eta arazoak dituzten ikasleak herriko ikastetxe guztien artean banatzeari dagokienez.
  • Irakasle bakoitzaren lana.
  • Ikaslearen beraren jarrera. Alvaro Marchesiren iritziz, eskola porrota ikaslearen erantzukizuna da, alde batetik, ikastetxearen eta irakasleen erantzukizuna, bestetik. Alabaina, erantzukizunik handiena ikaslearen inguruko gizarte eta kultura baldintzena eta hezkuntza sistemaren funtzionamenduarena da.

Zenbait konponbide

Eskola porrotari aurre egin ahal izateko, programa globalak eta integratuak jarri behar dira martxan, eta plan horiek aintzat hartu behar dituzte hezkuntza, familia eta gizarte alderdiak. Neurri isolatuak edo partzialak ez dira orain arte eraginkorrak izan.

Hezkuntza-administrazioaren aldetik, baliabideez hornitu behar ditu ikastetxeak, ikasleen aniztasunari (kulturak, gustuak, interesak, familia motak...) erantzuteko, eta ikasteko zailtasunak dituzten ikasleentzat talde txikiagoak, banaketa-gelak eta errefortzuak ahalbidetzeko.

Familiaren aldetik, beharrezkoa da lan-bizitza eta bizitza familiarra uztartzea, gurasoek eskola bizitzan hobeto parte hartu eta falta duten autoritatea ikastetxeen esku ez uzteko. Beharrezkoa da:

  • Hezitzaileengan konfiantza izatea, haien autoritatea zaintzea eta edozein informazio garrantzitsu ematea.
  • Gurasoen eta ikastetxearen artean koordinazio handiagoa izatea, aldian behingo harremanen bidez.
  • Zailtasunik hauteman bezain laster neurriak hartzea.
  • Seme-alabak lehen bizi-esperientzietatik motibatzea eta haien lorpenak aintzat hartzea.

Irakasleen eskutik, beharrezkoa da irakaskuntza egituratzea, berrikuntzak sartzea, ikasgela kudeatzeko trebetasunak garatzea, hezkuntza politika errendimendua eta helburuak lortzera bideratzea, malgutasuna ikasleen bilakaeraren arabera handitzea eta tutoretza lana gehiago sustatzea. Eskola-giro ona lortu behar da ikastetxe bakoitzean. Horretarako, oinarrizkoa da irakasleak heztea, besteak beste, gatazkak nola konpondu eta ikasleak nola motibatu jakiteko, pedagogia-baliabideak izateko eta arazo berriei (anorexia, ludopatia, hiperaktibitatea...) aurre egiteko moduak ezagutzeko. Ikasleak desberdinak badira, motibatuta egon daitezen, irakaskuntza estiloak aurrera egin behar du, haien beharrekin konektatu arte. Eskola giro ona lortu behar da ikastetxe bakoitzean; izan ere, eskola-giroak ikastetxean sortzen diren harremanen maila adierazten du. Zuzeneko eragina du ikasleen errendimenduan, eta guztiek ikastea lortzen du. Bigarren hezkuntza aldi zaila eta konplexua da Mendebaldeko herrialde guztietan, eta pasa den mendeko 90eko hamarkadatik aurrera (16 urte arteko ikasle guztiak eskolatzea derrigorrezkoa izan zenetik), hainbat integrazio arazo sortu dizkie erantzunik gabeko interesak dituzten ikasleei.

Baina ikastetxeek, berez, ezin diete hezkuntza-erantzunik eman ikasleen gizarte premia guztiei. Beharrezkoa da familien, Udalaren (gizarte eta hezkuntza zerbitzuak) eta beste erakunde batzuen (Osakidetza, Aldundia...) arteko esku-hartze koordinatua, unean uneko esku-hartzeen bidez edo, hobeto, profesionalek koordinatutako ekintza baten bidez, ikastetxeei lagun diezaieten jarrera disruptiboak konpontzen.

Azken urteetan, irakasleen prestakuntzako alderdirik garrantzitsuenetako bat motibazioa da. Gaur egun, ikasi nahi ez eta jakin-minik ez duten haurrak eta nerabeak dira erronka nagusia, Marina filosofoak hau esaten du: "Ez zaudete aspertuta gauzak aspergarriak direlako, gauzak aspergarriak dira aspertuta zaudetelako".

Horretarako, ezinbestekoa da irakasleek grina berreskuratzea; hala nola, Informazio eta Komunikazio Teknologiei eta metodologia aktiboei esker ikasleen jakinmina eta interesa piztuz eta komunikazioa norabide guztietan hobetuz, aniztasunari eta, aldi berean, indibidualtasunari erantzungo dien metodologia baten bidez.

Ahaleginaren pedagogia sustatu behar da. Ikasleak ohartu behar dira, ikasteko, funtsezkoa dela estudiatzea. Denon artean, lortu behar dugu ikastetxeak hezkuntza-komunitate osoak maitatutako, ezagututako eta erabilitako lekuak izatea, irekiak eta ingurunean integratuak izatea.


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, 
	de las Directrices de Accesibilidad para el 
	Contenido Web 1.0 del W3C-WAI